argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunak eta dantza gala ekainaren 10ean egingo dute
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko apirilaren 28a
Urtez urte sona handiagoa du Euskaldunak eta dantza galak, besteak beste Euskal Herriko eliteko dantzariak elkartzea lortzen duelako. Hala egingo du aurten ere, ekainaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Itziar Mendizabal, Mikel Jauregi, Juan Carlos Santamariaren konpainia, Aukeran taldea, Yasmina Sancayo eta Aaron Sanz izango dira aurtengo protagonistak. Nazioartean aski ezagunak dira horietako batzuk (adibidez, Mendizabal Leipzigeko Balleteko dantzari nagusia da, eta Jauregi Flandesko Balletekoa), eta etorkizunean zeresana emango dute bestetzuk (Sancayok, kasurako, Dantzari Gazteen Bilboko Lehiaketa irabazi zuen iaz). Gainera, Aukeranek Gernika, mihise gaineko dantza estreinatuko du galan.