argia.eus
INPRIMATU
Apokalipsia orain?
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 02a
joxerra Garzia
Sozialistek –popularren akuilupean– Euskal Oro suntsituko dutelako izu-ustea zabaltzen ari diren hainbat euskal fariseori gustura esango nieke honako hau, Eneko Olasagastik aurrea hartu izan ez balit (Argia-2179, 19. or.): “Badira txiringito majoa antolatu dutenak azken hiru hamarkadetan, eta horiek beharbada izango dute zergatik kezkatu. Biziraupenerako lekutxo bat eraikitzen saiatu garenok ez dut uste”.
 
Kezkatu ez ezik, kexatu ere galanki egin dira batzuk: Legebiltzarreko lehendakari euskaraz ez dakien bat izendatu dutelako, esate baterako. Nik neuk –esan beharrik ba ote dut?– euskararen kontrako ez ezik aniztasunaren eta demokraziaren beraren kontrako atentatutzat jotzen dut kargu publiko baterako elebakar bat izendatzea.
 
Jakin nahi nuke, ordea, non –eta, batez ere, zertan– ziren Arantza Quirogarenarekin apokalipsia iragartzen diguten horiek Euskal Irrati-Telebistako buru Gorordo, Ortuondo edota Ortuzar bera izendatu zituztenean.
 
Galdera, bistan da, erretorikoa da, ondotxo baitakit non zeuden: txiringitoan, majo asko. Primeran etorriko zaie osteratxo bat Biziraupenerako Lurraldean barrena; besterik ez bada, hankak luzatu eta garunak zabaltzeko, behar baino luzaroagoan egon baitira –beren baitan– bilduta, txiringa jotzen.