Berotegi-efektuaren arrazoi nagusia erregai fosilak erabiltzea dela jakina da. Erregai horiek erabiltzean ez ezik, lortzeko prozesuetan ere sortzen da karbono dioxidoa.
Algen propietateak aztertu dituzte Tom Beer ikerlariak eta haren ekipoak, Australiako ikerketa-erakunderik ospetsuenetakoa den CSIROko kideek. Biodiesela sortzea zuten helburua. Algen abantaila nagusia sorreran dago: alga mota batzuk oso ongi hazten dira karbono dioxido asko daukaten inguruetan, eta ohiko biodieselek ez bezala, ez dute lur-eremu berezirik behar hazteko. Hondakin gisa karbono dioxidoa sortzen duten prozesu industrialetan txerta daitezke algen haztegiak.
Algak erretzetik sortuko litzatekeen karbono dioxido kantitatea ohiko gasolioetatik sortzen dena baino txikiagoa izango litzateke. Dena den, ikerlariek esan dutenez, laborategian emaitza onak dituzten azterketak eskala handian probatu behar dira, beraz bidea egin beharra dago oraindik, helburua gauzatzeko.