argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko apirilaren 29a

Garikoitz Mendizabal Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakariak Gaur 8 agerkarian: "Egindakoa mediatikoki ez baduzu esplotatzen, ez zara existitzen. Azken hamarkada hauetan, gizartea erabat mediatizatu denean, faltan dugu diskografia txukun bat, adibidez, irratietan eta telebistetan zuzeneko emanaldiak eskaintzeko. Zergatik gertatu da hori? Ez behintzat geldirik egon garelako, begiratu bestela txistuak egin duen bide luzea. Baina egia da ez dugula jakin, beste folklore musika tresna batzuekin gertatu dena egiten: munduan libre ibili direnak, pertsona batzuk lideratuta, komertzialki edo enpresarialki begiratuta ere, nahi duzuna, baina mugitu egin dira. Alboka, txalaparta eta trikitixaz ari naiz, esaterako. Horiek euren lekua aurkitu dute".

 

Ttittika Rekalt Belagileen tragedia pastoralaren idazleak Garan: "Pastorala beste edozein antzerki motaren parekoa da, nahiz eta forma oso berezia duen, eta gauzak esateko, salatzeko egindako antzerkia da. Nolabait pastoralak paper hori bereganatu behar du. Hortan idazleak badu konpromiso handia. Idazleak ez du gelditu behar historiaren datu batzuk bata bestearen atzetik lerrokatzen, baina ausardia izan behar du aukeratu duen pertsonaia edo garai baten irakurketa propioa egiteko, nahiz eta kritikak jaso, nahiz eta historialariak ados ez izan, eta publikoak eskandalutzat hartu. Nik hori egin nahi izan dut eta badira bertso gordinak, gogorrak, pornografikoak... Ostiko bat eman nahi izan diot ekumenikoa zen pastoral horri, sua bota eta ea eskandalua sortzen den hortik".