argia.eus
INPRIMATU
Kuartel-etxeko sindromearen kontrako antidotoa
  • Black lagun ::Monora buelta

    autoekoizpena

    iraupena ::26´46´´

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Zer esango zenuke talde batek bere irudian Xabier Arzalluz ile afroarekin jarri duela esango banizu? Agian zerbait argituko nuke taldea Iruñekoa dela eta Mermaid, Basque Country Pharaons, Royal Canal eta beste hainbat talde sortutako Iñigo Firehead atzean dagoela esango banizu. Ez hori bakarrik, aspaldiko konplize Leroy Starlight bateria jotzailea ere badago, beste musikari gazteago batekin. Umorea eta iruindarrei zuzendutako kritika zorrotza banatu dute lan honetan. Euskaraz abestuta, folka, 1970eko hamarkadako rocka, post-hardcorea, noisea eta enparauak batu dituzte koktelera batean, oso modu irudimentsu eta pertsonalean. Eta euskal sena laburbiltzen duen surf instrumentala ere idatzi dute. Dagoeneko psikodelikoagoa eta zoroagoa izango den bigarren lana prestatzen ari dira, beste proiektuek uzten badiete.
«Talde honekin oihu egiteko gogoa genuen; asmo gabe sortu eta harrituta gaude harrerarekin»

“Bizitzako kurbei” beldurra diezue? Ez zarete zuek ba bide arruntetik joatekoak…


Ohitura oneko jendea gara eta langabeziari diogu beldurra. Jada ez ditugu kurbak hartzen, zuzen goaz eta geldiune asko eginda. Disko honetan kantu klasikoak egin ditugu.

“Jende gehiegi talentu gabe amnesiak hilda”. Sormena garatzeko ezinbestekoa da esperientzia eta bizipenak izatea?


Ez. Iruñetik buelta bat ematea nahikoa da inspiratzeko. Belaunaldi galduek nazka ematen dute. Iruñea hilzorian dago, akabatuta. Askotan badirudi iruindarrak guardia zibilen semeak direla, kuartel-etxeko sindromea dutela.

Zer dela-eta abesten duzue euskaraz orain?


Iñigo euskara ikasten dabil eta oso motibatuta dago, nahiz eta hitzak Xabik egiten dituen. Taldea berehala sortu genuen, ia oharkabean, eta hala egin dugu.

Harrigarria da uneoro talde berriak sortzea...


Tira, Mermaid sortu genuenetik denbora luzea pasa da. Iñigok talde askotan jotzeko gaitasun handia dauka. Gainera, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta horrek errazten du guztia. Giro bereko hamar bat musikarik osatzen ditugu talde gehienak. Zer beste gauza egin dezakegu? Zinemara joan?

Zer ekarri digu “lagun beltzak”?


Mirra, droga, Espainiaren kontzeptua, Iruñeko armarrian dagoen harri haserretua... Talde honekin oihu egiteko gogoa genuen; taldea inolako asmo gabe sortu genuen eta harrituta gaude harrera onarekin.

Black Lagun musika talde politikoa da?


Ez, talde soziala da. Reincidentes bezalakoak gara, baina ezkertiarrak

Zergatik egin behar dugu Monora buelta? Hobe da atzera egitea?


Bai, datorrena ikusita, hobe atzera begiratzea. Ez dago etorkizunik.

Xabier Arzalluz ikonoa da eta kantu bat idatzi diozue...


Bai. Politikoki ez dugu berarekin bat egiten, baina pertsonaia sinpatikoa da; Espainian nola ikusten duten oso bitxia da gure ustetan, maltzurrena balitz bezala.