Europar Batasuna kohesio politikoaren atakan

  • Pentsaezina zen egoera hau duela lau urte. Orduan, abstentzioaren mamutxoak entretenitzen zituen eurokratak, ez hondamendi izugarri honek. Baina Itun Konstituzionala pikutara joan zen (bidali zuten herritarrek) eta haren ordezkoak, Lisboako Itunak, ez dirudi bidezidor zuzena hartu duenik. Ekonomia krisia estatuen aurpegirik zuriena erakusten ari da, eta hori guztia gutxi balitz, ipotx euroeszeptikoak burlaka ari zaizkie erraldoi negartiei. Zer pasatzen zaio Europar Batasunari?
Europa
Europa
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mundua eraldatuko omen duen G-20aren bileran, Txekia bezalako herrialde euroeszeptiko batek Europar Batasuna (EB) ordezkatzea, eskizofrenia baten sintoma izan liteke. Václav Klaus txekiarrak EBren presidentziatik EBren “totalitarismoa” salatzen duenean, denek dakite gaitz bat badagoela sendatzeko. Nahiz eta, arrazoiarekin, Euroganberan parlamentari jaun-andereak eserlekuetatik haserre zutitu txandakako presidente eurofoboaren eldarnioak arbuiatzeko, badakite eritasuna errotik datorrela, eta 27en Europa osoari eragiten diola. Krisia da EBren arazoa, nortasun krisia.

Europa batu bat sortzeko ideia ez da atzo gauekoa. Victor Hugok berak Europako Estatu Batuak sortzeko deia egin zuen 1849an. Baina Europako estatuen subiranotasunaren defentsak, horrelako zerbait sortzeko saiakera guztiak zapuztu zituen. Duela mende erdi inguru hasi zen egikaritzen askoren amets instituzionala, Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoarekin (1951). Europaren “aitek” (Monnet, Adenauer...) ekonomian oinarrituriko proiektuari ekin zioten, kohesio politikoa eta soziala pixkanaka lortzeko bidean. Agian hor egon liteke gaur egungo definizio krisiaren gakoetako bat, eduki teoriko sendorik eta herri babesik gabeko eskeleto ekonomiko hutsa dela Europar Batasuna.

Azken urteetan europeista askok desiraturiko integrazio politikorako pausoak eman izan dira (ez gorabeherarik gabe): Maastricht-eko Itunarekin (1992), Batasun ekonomikoa zenak moneta batasuna hitzartu zuen eta Europako Parlamentuak kohesio sozialerako eskumenak hartu zituen. Amsterdamgo (1999) eta Nizako Itunek (2000) hainbat eraldaketa ekarri zizkioten hasierako hitzarmenari eta Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeen integrazioa prestatu zuten, besteak beste.

Horrela, 2004an Europako Batasuna 15 kidetik 25 izatera pasatu zenean, politikarien artean baikortasuna eta poza zabaldu ziren; 75 milioi biztanle gehiago erantsi zitzaizkion Batasunari. Europa Mendebaldeko herritar askok errezeloz hartu zuen hedapen hori, “deslokalizazioa” bezalako hitzak entzuten ziren jendartean. Aitzitik, enpresa handientzat pagotxa ederra ekarri zuen EBren hedapen erraldoiak. 2012an Batasunak 33 kide izango zituela esaten zuten eta 41 kide 2025ean. 2009an gaude eta oraingoz, Kroazia da EBn sartzeko esperantzarik galdu ez duen hautagai bakarrenetakoa. Izan ere, Europar Batasuna geldirik dago, 2005eko maiatzaren 29an gelditu zuten frantziarrek, erreferendumean eskaini zitzaien Europa hori gustuko ez zutelako.

Europako Konstituzioa: zergatik esan zitzaion “ez”?

Erromako Itunak (2004) Europako Konstituzioa ezartzeko oinarriak ipini zituen. Aurreko Itunak ordezkatzen zituen itun berri bat zen, baina “Konstituzio” hitzak berak adierazten du ez zela edonolako ituna, baizik eta EBren nortasun bateratuari indarra emango liokeen testu bat, sinbolo bakarrak (himnoa, bandera, moneta...) eta presidente egonkorra izatea ekarriko lukeena eta beste etapa bati hasiera emango liokeena.

Europako Parlamentuak hala eskatuta, Estatu bakoitzak Itun berria onartu behar zuen, izan parlamentu bidez edo izan erreferendumean. Espainiako Estatuan egin zen Konstituzioa onartzeko lehenengo erreferenduma, 2005eko otsailaren 20an. Baiezkoak irabazi zuen askogatik (%76), alderdi nagusiak (PSOE, PP, EAJ, CiU...) horren alde azaldu baitziren –Hego Euskal Herrian eta Katalunian izan zuen ezezkoak portzentaiarik handiena–. Hala ere, abstentzioa izan zen bozketa horretan irabazle, bozemaileen %43k baizik ez zuen hautestontzira jo. Ezezkoaren aldekoek herritarren informazio falta handia kritikatu zuten eta Espainiako Gobernuak baiezkoaren aldeko propaganda itzela egin zuela, testu aski konplikatu baten edukiak zein ziren azaldu gabe iritzi publikoari.

Espainiako Estatua erreferenduma egiten lehena izateak bazuen bere arrazoia: “Europako gainerako herrientzat adibide” izan zedila (Zapateroren hitzak dira hauek). Jakina, denek dakite Espainia beti izan dela adibide frantziarrentzako. Frantziako Estatuan Konstituzioaren inguruko eztabaida pil-pilean jarri zen. Funtsean, urtebeteko atzerapenarekin sortutako eztabaida bat izan zen –EB-25en hedapenarekin hasi behar lukeena–, frantziarren ongizatea kalteturik aterako ote zen edo ez. Bestalde, langileen eskubideen inguruko kritikak sortu ziren ezkertiarren artean, segurtasunaren izenean eskubide murrizketa handiak ekartzen zituen herritarrentzat, neoliberalismoan eta pribatizazioan sakontzen zuen...

20 inkesta segidan, eta guztiek esaten zuten ezetzak irabaziko zuela. Emaitzak jakin zirenean baina, “katastrofea”, “hondoratzea” eta horrelakoak izan ziren gehien erabili ziren kalifikatzaileak hedabideetan. Frantziako eztandak Herbehereak bete-betean harrapatu zituen eta bi egun beranduago herrialde horretan ere ezetza gailendu zen. Iritzi politikoak eta publikatuak orduan besterik ez zuen ikusi bistan zegoena: Europar Batasunean zerbaitek huts egin zuela integrazio politikoa lortzeko.

“Eskuin setatienak eta arlo sozialean gehien borrokatzen duen ezkerrak ezetzaren alde bat egitea, kasualitate bat izan zen, konstituzio testuaren zabaltasunak eta orokorrean, haren handinahiak sortua” (Roberto Elissalde, Brecha, 2005eko ekainaren 5a). Frantziaren ezetza arrazoitzeko analisten argudioa hori izan da: muturreko ideiek bat egin zutela itun horren edukien kontra. Jakobinoak balore errepublikarren defentsan atera ziren, ezkerrak “beste” Europa bat nahi zuen. Hortaz, Europa sozialak eta politikoak ez zion Europa ekonomikoari segitu. Delors politikariak deskribatutako “Identifikatu Gabeko Objektu Instituzionala”ren patua errepikatu zen.

Izan ere, Frantziarik gabe nekez uler liteke Europar Batasuna, Iraultzaren herria izan baita historian zehar bere bultzatzaile nagusietakoa. Horregatik, Europako herrialde txiki batek Konstituzioa ukatu izan balu, herrialde horrek arazo bat luke, baina Frantziak ukatzean, arazoa Europarena bihurtu da. “Frantziak ‘ez’bozkatzen badu, dokumentua bertan behera geratzen da. Eta bertan behera geratzen da guztientzat” (Susan George, TNI, 2005eko maiatzaren 21a).

Lisboako Ituna, tramiteentzako trikimailua?

Frantzia eta Herbehereetako ezetzaren ondoren Luxemburgok baietz esan zion Konstituzioari (%57), baina oraindik zazpi estatu geratzen ziren erabaki bat hartzeko, horietako asko erreferendumaren bidez, eta ez prezeski oso herrialde europazaleak (Erresuma Batua, Danimarka...). Durao Barrosok esan zuen frantziarrek ez zutela erabakitzen Europa geldiarazi edo ez; baina Europa gelditu egin zen.

Urte eta erdiko impasse-a eta gero, Alemania Europar Batasuneko Kontseiluko presidentzian jarri zenean, Angela Merkelek integrazio politikorako prozesua berriz abiarazi zuen, “ibilbide orri” arras pragmatikoa diseinatuz. 2007an hitzartu zen Lisboako Itunean, handikeriak albo batera utzi eta Konstituzio itxura kendu zioten edukiari. Prozeduran ere aldaketa nabarmenak izan ziren, zenbait estatu euroeszeptikotan ez zen komeni galdeketaren tramitea pasatzea eta horregatik erreferendumik egin behar ez izateko itun “klasiko” bat onartu zen, “sinplifikatua” deitu zion Sarkozyk, herritarrak irainduz. Hain zuzen, garai bertsuan Financial Times-ek egindako inkesta baten arabera EBko herritarren gehiengoa Lisboako Itun berria onartzeko erreferenduma egitearen alde zegoen.

Lisboako Itunak hainbat aldaketa dakartza, batez ere Erresuma Batuak eta Poloniak onartu zezaten (botere banaketa berria Kontseiluan, bozketa sistema ezberdina, kanpo arazoetarako ministro bat izan beharrean “goi ordezkaria” izatea...). Dena den, Lisboak merkatu libreari edozer langa kentzen dio eta erabat neoliberala izaten jarraitzen du, defentsa arloan OTANekiko lotura indartzen du... Beraz, Konstituzioaren “esentzia” jasotzen du berdin-berdin, baina aldaketa txiki batekin: ez dute herritarrek onartu. “Defizit demokratiko” hori Europako integrazioaren harria da askoren aburuz. “Europar bilakaeraren bekatu kapitala izan da, urte askotik hona erabakiak hartu dituztela biztanleriaz paso eginez” (Oskar Lafontaine, Freitag, 2007ko urtarrilaren 19a).

Irlandarren ezetza: bigarren aldiz estropezu?

Europar Batasuna osatzen duten estatu-kideen gehiengoak onartu du Lisboako Ituna parlamentu bidez. Lurrikara instituzionala joan den urteko ekainean gertatu zen, Irlandan. Herrialde horretan, Ituna onartzeko galdeketa egitera behartzen du legediak eta irlandarren gehiengoak ez zuen ontzat jo (%53).

Berriz ere ideologia oso anitzen multzo batek esan zien ezetz Europar Batasunaren planei. Berriz ere herritarrak establishment-aren kontra arraunean. Zergatik? Ezetzaren atzean arrazoi ugari daude (Europaren militarismorako joera, pribatizazioekin jarraitzea, irlandarren katolikotasuna...) baina ematen du estatu txikien botere galtzea izan zela Lisboari ezetz esateko arrazoi nagusietako bat: “Ez dugu pisurik gabeko herrialde bat izan nahi EB barruan” (Sinn Féin-eko Eoin Ó Broin kanpaina arduradunaren hitzak dira). Berriz ere estatu-nazioen soberania europar integrazioaren gainean jarri dute testua bozkatzera ausartu diren herrialde bakarrean.

Irlanda ez da Frantzia, eta Sarkozy-Merkel tandemak Lisboako Itunaren onarpen prozesuarekin jarraitzea eskatu zuen. Baina nola? Lisboa aurrera ateratzeko EBren 27 kideek onartu behar dute. Ba al dago “B” planik? Bi abiaduratako Europa batek funtzionatuko ote lukeen galdetzen du askok. Oraingoz, Bruselak bigarren erreferendum bat egitera behartu du Irlanda. Esanez, irlandarrek Lisboaren kontra bozkatu zutela ez zutelako Ituna ulertu (410 artikulu, 12 protokolo eta 51 aitorpen ditu). “Iruditzen zait printzipioetan antidemokratikoa dela jarrera hori, eta praktikan arrakasta izateko aukera gutxi duela. Ni irlandarra banintz, jarrera hori oldarkorra eta paternalista dela pentsatuko nuke, eta beraz, ‘ez’ esatera bultzatuko ninduke”. (Timothy Garton Ash, El País, 2009ko urtarrilaren 11).

Eta Irlandarekin gutxi balitzaio, Txekia atera zaio EBri bide ertzera. Txekian Lisboako Ituna onartzeko tramiteak ez dira amaitu; Mirek Topolánek lehen ministroa zuen itunaren defendatzaile nagusi –eta Klaus presidentea haren kontrako sutsuena–, baina ekonomia krisiak hankaz gora jarri du herrialde eszeptikoa eta Topoláneken gobernua paretik kendu du. Itunaren onarpena arriskuan dago Txekian.

Ekonomia krisiarekin, akabo

Etorkizuna oraindik eta beltzago jarri zaio Batasunari ekonomia krisiarekin. Krisi honek mundu osoko zimenduak mugituko dituela ematen du eta Europa ez dago salbu. Ez gara sartuko datu makroekonomikoen rapsodia batean, baina zifra bat nahikoa da datorrena imajinatzeko: 4,5 milioi langabetu gehiago izango dira EBn urtea amaitzerako.

Lotsatzeko modukoa izan zen joan den urrian bankuen hondoratzea etorri zenean EBko kide bakoitzak hartutako jarrera, herritarren aurrean norbere burua salbatzeko enkante berezia izan zen. Bistakoa da egoera larrietan estatu bakoitzak bereari eutsiko diola: “Langabezian Baturik?” galdetzen zuen Bernard Cassen-ek urtarrileko Le Monde Diplomatique-n; logikoa da Alemaniak langabeziari aurre egiteko plan global baten aurrean zalantzak izatea, Alemaniako ekonomia ez da Espainiakoa bezala zementuaren gainean sostengatu.

Krisiarekin Europar Batasunaren mugak agerian geratu dira, ikusi da Europar Batasunean estatuek agintzen dutela. Estatuek dute fiskalitatearen monopolioa, ez Europar Batasunak. Bruselak estatuen jarduna koordinatu dezake, ez beste ezer: “Horrela, dirurik ez izan arren, ekintzarako ahalmena erakusten da. Hori politika ilusionista da” (Elmar Altvater, Freitag, 2009ko otsailaren 19a). Eta, esaterako, euroguneko estatu ahulenek (Portugal, Espainia, Grezia, Italia...), defizit fiskalaren ondorioz moneta bakarraren babesari eutsi ezin badiote, euroa bera arriskuan gera daiteke, Europar Batasunaren proiektua inoiz ikusi gabeko zuloan sartuz.

Azken batean, integrazio politiko faltak emergentzia egoera honetan faktura pasa dezake eta batek baino gehiagok esan bezala “egoismo nazionalera” itzularazi estatuak. Europar Batasuna bere nortasun zalantzen biktima da. Urte askoan, integrazio politikoa merkatuak berak ekarriko zuela uste izan zen, baina azken erreforma saioen porrotak erakutsi du ezetz: “Lerro bereko bi alde kontsideratzen dira, baina beraien bateragarritasuna da zailtasunak jartzen dituena” (Paul Thibaud, Le Monde Diplomatique, 2007ko urtarrila).

Kasik ezkutuan onartutako “itun kolpez” aurrera egiten duen Europar Batasun bat bere ezintasunaren ispilu da. Ondorioz, europar politikarien eta herritarren arteko leizea gero eta sakonagoa da eta azken urteetako hauteskundeetan izandako parte hartzearen beherakada da horren erakusgarri (%56,8 1994an; %49,8 1999an; %45,5 2004an). Apurtuko al da joera hori datorren ekainean egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan? Agian, baina ez Bruselak sustaturiko parte hartze programa birtualengatik, baizik eta krisi ekonomikoa ezker berri bat mugiarazten ari delako –Frantzian alderdi antikapitalista berria sortu dute, esaterako–.

“Krisiaren kontra, Europa gehiago!” esaten dute Bruselako ahots kualifikatuek. Baina lehenik galdera deseroso bati erantzun ezean, nekez egin dezake aurrera ezein proiektuk kontinente zahar honetan: Europar Batasuna zertarako? 65 orduko lan asteak jartzeko? Immigranteak kontzentrazio gunetan sartzeko? Zertarako Europa? Ezker berri bat sortzeko sozialdemokraziaren ordez? Greziako matxinada Estrasburgon imitatzeko? Zertarako? Errusiarekiko menpekotasun energetikoarekin amaitzeko? Obama europar bat izateko? Zertarako Europa batu bat?
Hemeroteka
Nukleoaren oreka
Europako integrazio politikoa da globalizazioari aurre egiteko orduan funtzionatzen ez duena. Marshall planarekin Norvegiatik Greziara hedatu zen integrazio ekonomikoaren kontra, integrazio politikoaren bihotza herrialde kontinentalen nukleo batera hertsita egon da. Oinarrian, Alemaniara, Frantziara eta Italiara (...) Bernard Conollyk, Maastricht-eko Itunaren kritiko Tatcher zale basatia bera, horrela laburtu zuen Itunaren onarpenak ekarritako oreka: industria alemaniar handiek Europako merkatuko boterea eskuratu nahi dute; Frantziak, horrelako kapitalismo baterako ahalmenik ez duenez, bere estatu aparatu hobea erabili nahi du erakunde europarrak kontrolatzeko eta, modu horretan, Alemaniari kentzeko esparruak ematen dion nagusitasuna. Ikuskera horrekin bat egiten dut (...) Nire ustetan, arazoari aurre egiteko modu bakarra hurbilketa federalista da. Baina horren aurka daude bai estatuak, baita botere ekonomiko eta politikoa biltzen duten enpresen zati handi bat ere: ulertu al liteke Mediaset edo Fiat Italiako estatuaren laguntzarik gabe?

Joseph Halevi, Sidneyko Unibertsitateko Ekonomia Politikoko irakaslea
(Il Manifesto, Roma, 2008-VI-16)

Europar nortasuna indartzeko
Duela hilabete batzuk, Lisboako Itunari irlandarrek emandako “ez”-ak agerian utzi zuen herritar asko aldenduta daudela Europar Batasunetik eta batera egin nahi dugun bidearen ikuspegi politiko bateratuaren falta dagoela. (...) Batzuk Europa federala nahi dugu, beste batzuek truke librerako esparrua nahi dute. Batzuek erro kristauez hitz egiten dute, eta besteek balore laikoez. Batzuk nahi dute Batasuna izan dadila globalizazioaren kontrako gotorleku bat, eta beste batzuek hura sustatzeko gai izan dadila, irabaziak lortzeko. Ez gaude ados Batasunaren mugen inguruan. Orokorrean denok nahi dugu gozatu munduan ahotsa eta pisua duen Batasun baten onurez, baina gutxi gaude prest horretarako nortasun nazionalen prezioa ordaintzeko. (...) Europar nortasunaren defizita dago eta hori betetzen ez den bitartean zaila izango da estropezuak saihestea.

Carles Casajuana, idazlea eta
Espainiako enbaxadorea Londresen
(El País, Madril, 2009-II-7)

Lisboako bidegurutzea

Gaur egun, eskuin beligeranteenak eta sozialdemokraziako sektore kontserbadoreenak kontrolatzen dituzte EBko baliabide instituzional nagusiak. Hortik instantzia komunitarioetatik azken urtean egin diren lege proposamen askoren izaera atzerakoia. Eta hortik, baita ere, agertoki honek mugimendu sozialei jartzen dizkien erronkak, batez ere Europako Parlamenturako 2009ko ekainean egingo diren hauteskundeei begira. Lehen erronka, konplexurik gabeko kritika bultzatzea, ez bakarrik Lisboako Itunaren kontra; baita egun existitzen den EBren kontra ere, demokrazian, gizartean eta ingurumenean dituen muga sakonak ikustarazteko. Eta beste erronka bat, ez kaxkarragoa, kritika hori programa batekin laguntzea, estatalismora atzera egiteko sirena hotsak desaktibatzeko, eta adierazteko, azken finean, garai hauen mailan egongo den internazionalismo berri bat.

Gerardo Pisarello, Bartzelonako
Unibertsitate Zentraleko
Konstituzioaren Zuzenbide
irakaslea (Periódico Diagonal, Madril, 2007-IV-17)

Europa kuriosoa
Kuriosoa irlandarrek Lisboako Itunari egindako ukapenetik sortzen den Europa, zori berbera izan zuen Itun Konstituzionalaren bertsio berritua. Ezezkoaren aurrean, buruzagiak tematu egiten dira eta herri adierazpena ukatzen dute. Europak marka bat saltzen du, bakea, demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta aurrerapenaren izenean, baina guda estatubatuarrak babesten ditu, behartsuak eta immigranteak kriminalizatzen ditu, konkista sozialak bertan behera uzten ditu eta beheraka berdintzen du. Eliteen Europatik beste Europa sozial bat jaiotzen ari da, besterik gabe, “ez” esaten duena.

Serge Halimi, Le Monde
Diplomatique
-ko zuzendaria
(Le Monde Diplomatique, Paris, 2008-VII)

AEBetara lotua
Itun berriak, jadanik ukatua izan zen Konstituzioaren zati handiena mantentzen du. Guztiz neoliberala da, bai hizkietan, baita espirituan ere. Arintasun lotsagabeaz aurkeztu da, eztabaida publikorako aukerarik eman gabe, ez lehen, ezta orain ere, testua aski konplikatua den arren. Itun berriaren moldaketak guztien adostasuna eskatzen du, horrek esan nahi du ezinezkoa dela horrelakorik egitea. [Europar] Komisioak praktikan botere osoa izaten jarraituko du, bai legegilea, baita betearazlea ere. Europar Batasuna, legalki, Amerikako Estatu Batuetako Defentsa erakundeetara loturik geratuko da, eta horrekin bere komandante-burura, herri hartako presidentera.

Susan George, filosofoa eta ATTACeko kidea (Rebelion.org, 2007-IX-4)
Jose Maria Muñoa: "Herrialdeak dira krisiari aurre egiteko Europaren lagunik onenak"
Bruselako zirrikituak ondo ezagutzen ditu Jose Maria Muñoa donostiarrak (Paue, Frantzia, 1942). Exiliatuen seme honek 1994an hartu zuen EAEko Kanpo Harremanetarako ordezkari kargua eta Europar Batasuneko Erregioen Batzordean hamalau urtez aritu da komisionatu lanean. Erretreta hartzerik ez du izan, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu baitzuten iaz.

Askoren ustez, Lisboako Ituna Konstituzioak esaten duena atzeko atetik sartzeko modu bat da, formula leun bat iritzi publikoarentzat.

Lehenik eta behin, ez zen konstituzio bat. Saldu nahi izan zuten konstituzio bezala, batzuek intentzio onarekin eta besteek arrokeriagatik, eta horrek zailtasunak ekarri zituen. Nola iritsi gara Lisboara? Hor ikusi zen beste behin ere estatuen egoismoak gehiago ahal izan zuela europar sentimenduak baino.

Estatuak esaten duzunean, estatu horietako herritarrak esan nahiko duzu? Azken finean beraiek erabakitako zerbait izan zen...

Herritarrak... eta herritarrak erabili zituztenak. Erresuma Batuan, adibidez, politikari garrantzitsuak ez daude ados benetako Europa batu bat egiteko ideiarekin eta beren nazionalismoa herritarrei saltzen diete; nazionalismo horiek bota zuten behera Konstituzioa. Eta Lisboara iristen garenean zer ikusten dugu? Europar Batasunaren indarra gutxitzen dela. Esaterako, “herria” kontzeptua kentzen dute; itun hori ez da oinarritzen herrien Europan, estatuetan baizik. Hori pena da Europarentzako.

Dena den, Lisboako Itunari egin zaion beste kritika bat prozedura da. Irlandan bakarrik eraman da erreferendumera eta ezezkoa atera da garaile. Ez al dago atzerapauso bat demokraziarentzat?

Badakit batzuk pentsatuko dutela esango dudana ez dela politikoki zuzena: ni ez nago batere ziur gaur egungo Europako herritarrak prest ote dauden horrelako testu bati baiezkoa edo ezezkoa emateko. Zer esan nahi dut horrekin? Oso testu konplikatua dela; ziurrienik oso gutxik irakurri dute eta horietatik oraindik gutxiagok ulertu. Oso zaila da, astuna... Esatea biztanleak gai garela, neronengandik hasita, horren inguruan ideia bat edukitzeko, ez zait segurua iruditzen. Oso ondo iruditzen zait prozesu unibertsal bat erabiltzea, baina horretarako jende guztia konprometitu behar da, Ituna zer den benetan ikasiz eta sakonduz, eta hori ez da erraza. Esan al liteke gaur egun Alemanian demokrazia gutxiago dagoela Irlandan baino? Nik uste Alemanian oso demokratikoak direla.

Orain badago geldialdi moduko bat, Txekian ere zalantzan dabiltza. Nola atera egoera horretatik? Ba al dago “B planik”?

Begira, Frantziak ezezkoa eman zuenean denek esaten zuten agian B plan bat egongo zela, baina ez dago B planik, ezin du egon! Eta arazoa hori da. Irlandak ezezkoa eman du, Txekiak baliteke ezezkoa ematea, eta ez dira bakarrak izango, beste batzuk hor daude itxaroten... Egoera larria da, Tratatu Konstituzionalarekin hasi zen eta honekin segitu du.

Alternatiba izan liteke bi abiaduratako Europa sortzea?

Nik uste baietz, baina serioski hartuz. Jakina da bi abiaduratako Europa martxan jartzen bada nukleo indartsua beharko dela. Kontua da ezin dutela itxaron denak ados egon arte aurrerapauso bat eman nahi den bakoitzean. Nola pentsatu dezakegu demokratikoa dela Malta bezalako herri batek, 200.000 biztanlekoa, 500 milioi pertsonaren proiektu bat blokeatu dezakeela? Hori ez da demokratikoa; beste gauza bat da errespetatu behar dela maltarren nortasuna. Nik uste dut ona izango dela batzuei erakustea beraiek joko honetara ez badute jokatu nahi beste batzuk prest egongo direla haiek gabe aurrera egiteko. Euroarekin horrela egin zen eta adibide ona izan zen europarrentzako.

Ukaezina da krisi instituzionalak indarra eman diela euroeszeptikoei. Ekonomia krisiarekin antzeko zerbait pasako dela uste duzu?

Krisi honek lehenengo erakutsi duena da benetako Europa indartsu bat behar dugula, pisua duena, masa kritikoa duena. Krisi garaian ikusten da derrigorrez behar dugula batasun bat izan erabakiak hartzeko orduan. Buru pixka bat eta inteligentzia apur bat badugu, zentzudunak bagara, krisi honek izan behar luke aukera bat benetako batasuna lortzeko.

Baina hasieratik Europako estatuek eman duten irudia kaxkarra izan da. Bankuetako dirua aseguratzerakoan izandako karrera ikustea besterik ez dago...

Egia da, modu bateratuan egin behar zaio krisiari aurre, baina hasiera hasieratik emandako itxura bestelakoa izan da. Bankuekin bezala auto ekoizleekin gertatu da, bakoitzak bereari laguntzen.

Horrek ez al du esan nahi estatu-nazioak indartuko direla Europa komunitarioaren kaltetan?

Baliteke, baina hemen ikusita dago Peugeot, adibidez, ez dela bera bakarrik salbatuko eta BMW ere ez.

Beste gai bati helduz, EAEko lehendakariaren komisionatu izan zara Bruselan 14 urtez. Nolako iritzia duzu Erregioen Batzordearen paperaz?

Batzorde horretan hemengo erakundeen ordezkariak daude, hori garrantzitsua da, zeren eta aukera dugu gure irudia eta nortasuna erakusteko, azken finean eskaparate moduko bat da. Ni euskaldun kontsideratzen ninduten. Nor da hau? Euskalduna. Eta euskaraz egin ahal izatea 400 pertsona horien aurrean, niretzako, pertsonalki, garrantzi handikoa izan zen, zoragarria. Hori alde batetik. Baina bestaldetik badago bigarren kontu bat, jendeak gutxiago ikusten duena. Gaur egun egiten den eguneroko politikaren gehiengoa Bruselan diseinatu eta erabakitzen da. Erabaki horiek ez dira Erregioen Batzordean hartzen, soilik kontsultiboa delako, baina aukera dugu aurretik iritzia emateko eta gehienetan iritzi hori onartua izaten da erabakia hartzerakoan, honek praktikoki garrantzi handia dauka.

Bihurriak pentsa lezake kontsolazio bat dela hori, azkenean erabakia hartzen du hartzen duenak...


Baina batak ez du bestea kentzen. Horrek ez du esan nahi beste erabakiguneetan egon behar ez genukeenik, Kontseiluan, adibidez. Guk eskumenak baditugu, Espainiako Konstituzioa hartuz gero, ateratzen den konklusio logikoa da eskumen horiez erabakitzen den lekuan egon behar dugula. Esaterako, arrantzaz ari garenean, ez da logikoa Espainiako ministroa egotea gai horietaz hitz egiten; erkidego guztiek adosten duten ordezkari bat egon beharko litzateke. Alemaniak badu Bundesrat bat, ba horrelako zerbait beharko genuke.

Entzun izan dizut ez litzaizukeela gustatuko 500 entetako foro batean egotea, ez litzatekeela operatiboa izango.


Eta horrela pentsatzen dut gaur ere. Har dezagun enpresa baten adibidea. Efizientea izateko eta erabakiak hartzeko, posible ote da enpresa horretako administrazio kontseiluan 500 lagun egotea? Batzar orokorrean baliteke, baina administrazio kontseiluan ez. Horrela ezin da lanik egin. Eta guk, Euskadik, ditugun eskumenekin, nor egongo litzateke gure aldamenean, Limousin? Picardie? Eskualde horiek ez dute eskumenik, ez dakite zer nahi duten politika horietan, ez dute ezagutzen... Maila ezberdinak daude Europan.

Eta orduan estatuen bidez beharko luke izan hori?

Estatu batean gaudenez –beste gauza bat da nola egon beharko genukeen–, eta gure eskumenak estatu horren barruan daudenez, horren bidez izan beharko luke. Europako Kontseilua estatuek osatzen dute gaur egun, normala da Kontseilu horretan estatuaren bidez egotea, gutxi gorabehera Alemaniak bezala, baina diferentzia batekin: Espainiako Estatu barruan asimetria bat dugula; Andaluziak, adibidez, ez ditu gure eskumen berberak, ordezkaritza horretan kontuan eduki beharko litzateke hori.

Zure ustez, krisia dela eta, geldialdi instituzionala dela eta, aldatu egingo al da Erregioen Batzordeak duen gaitasuna?

Lisboako Ituna onartzen bada Batzordeak aukera izango du europar tribunalera joateko subsidiaritatea errespetatzen ez denean. Hori inportantea da. Horretaz aparte ez da aldatuko erakunde bezala. Hori bai, krisiarekin jendea konturatuko da zer garrantzi duten erregio edo herrialdeek; Europar Batasuneko arduradunak ohartuko dira krisia gainditzeko eta Europa batu bat egiteko herrialde horiek izango direla lagunik onenak.

Koldo Izagirreri irakurri diot Europa omen dela gure ezintasunak sortutako mito bat, eskapatzeko modu bat. Ados al zaude horrekin?

Alde batetik bai, ados nago. Francoren denboran, errefuxiaturik geundenontzat Europa zen ideala bai demokrazia aldetik eta baita abertzaletasunari begiratuz ere. Egia da Europak ez digula lagunduko gure abertzaletasunean, beti errespetatuko du estatu baten barruan gertatzen dena eta ez da horretan sartuko. Alde horretatik guk ezin dugu espero laguntzarik gure abertzaletasunaren alde, horrekin ados nago. Momentu batean idealizatu dugula hori? Baliteke. Baina gaur egunean badakigu Euskadi eta Espainiaren arteko harremanak Euskadi eta Espainia artean konpondu beharko direla.

Orduan, zer irudi du euskaldunak Europaz? Eremu zibilizatu bat al da?

Esan dezaket nola ikusten dudan nik. Uste dut Europa gai dela, eta izan behar duela, eredu izateko munduan barrena. Krisi hau Estatu Batuetatik etorri da, kapitalismo basatiaren ondorioz. Bestalde, duela 20 urte sobiet eredua erori zen; espero dezagun Europar eredua ez dela eroriko, zeren eta bestela, gorriak ikusi beharko ditugu. Europak mezu bat ekar dakieke besteei, AEBeri, Japoniari, Txinari... Europar Batasuna sortu zuten “aitei” jarraituz, balore humanistetan eta etikan oinarritutako eredua izan beharko luke. Ez baditugu balore horiek berreskuratzen ez gara krisi honetatik aterako.

Guretzat ona den eredua esportatu nahi horretan, ez dago arriskurik nolabaiteko harropuzkerian erortzeko?

Oso arrazoi gutxi dugu harroputzak izateko. Hor ibiltzen gara esaten Iraken, Georgian, Indonesian... bakea behar dutela eta gu eredu garela. Baina gu? Europarrak? Munduan izan diren gerrarik handienak nork egin ditu guk ez bada? Bakeari buruz horrelako gauzak esaten ditugunean apalak izan behar dugu. Nik sinesten dut eredu honetan, baina lehenengo egin dezagun guk, aplikatu ditzagun balore humano horiek (elkartasuna, tolerantzia...) gure etxean, eta joan gaitezen gure adibidearekin, ez hitzekin soilik.

Burokratizazioa EBren gaitz bezala aipatu izan da. Zuk barrutik ezagutzen duzu burokrazia hori, ezer onik izango du? Besterik ez bada Txekia presidentzian den bitartean makinariak inertziaz jarrai dezan...

Konparatuko bazenu Bruselan dagoen burokrazia Erromakoarekin, edo Parisekoarekin, edo Londreskoarekin, esango zenuke: baina non dago burokrazia hori? Ez dago burokraziarik! Erabakiak ez badira Bruselan azkar hartzen ez da burokraziagatik, Kontseiluan eta estatuen artean ez direlako erabakiak hartzen baizik, ez delako arkitektura politiko bat egin nahi erabakiak ongi eta azkar hartzeko. Arazoa ez da burokrazia. Eta eskerrak badagoela estruktura bat aurrera jarraitu ahal izateko, guk erabaki dugun modelo honek duen logika faltari aurre egiteko. Izan ere, nola da posible 500 milioiko herri bat izatea sei hilero presidentzia aldatzen duena? Non sartzen da hori buruan? Eta gero esango dugu: ez dabil. Burokraziarengatik ez dabil? Keba! Ez dabil sei hilero aldatzen delako. Hori aitzakia da gure ahuldadeak Bruselari egozteko.

Agian, badago komunikazio falta bat, herritarrengana ez da iristen Europar Batasuna. Nola bultzatu liteke parte hartzea?

Zuk irakurri duzu Frantziako Konstituzioa? Ez dakit zenbat atal dituen, oso gutxi, eta jakin nahiko nuke 60 milioi frantziarretatik zenbatek irakurri duen. Konstituzioa irakurri dugun edo ez... gaia ez da hori. Gaia da moneta bat edukitzea, legebiltzarra edukitzea... prest gaude horretarako? Bandera bat genuen eta Lisboako Itun honekin kendu egin digute.

Orduan, zuretzat kontua ez da testuaren konplikazioa, “nahia” baizik?

Nahia da. Nahi al dugu izan legebiltzar bat erabakiak benetan hartuko dituena? Edo senatu bat? Bai edo ez? Horrela egiten da herri bat. Badago gako bat: identitatea. Batzuei ez zaie buruan sartzen identitate bat baino gehiago izan dezakegula. Ni euskalduna sentitzen naiz, eta sentitzen naiz europarra, erabat europarra. Batak ez du kentzen bestea, donostiarra naiz eta horregatik ez dut galtzen nire euskaltasuna. Orduan, onartu dezakegu europarrak izan gaitezkeela.
Europar Batasuna: Ereduaren pitzadurak (Txente Rekondo)
Txente Rekondo nazioarteko analista eta Nazioarteko Ikerketarako Euskal Bulegoko kidea da.

Gaur egun, Europar Batasunaren (EB) errealitatera zehatz-mehatz hurbiltzeak, hura sostengatzen duten ardatz nagusi batzuk behatzea ahalbidetzen digu. Ekonomikoa da ardatz bat: ongizatea deituriko egoeraren etengabeko deuseztatzea, pribatizatzeak eta estatu anitzetan enpresarien mutur sartze argia gobernuen politiketan. Bigarren ardatza politikaren ingurukoa da: EBren ereduaren benetako protagonistak dira estatu-nazioak. Eta azkenik, arlo militarrekoa: estrategia honen indar sendoena NATO da, EB berbera baino urrutiago doan errealitatea.

Baina boterearen zentroetatik, honakoa, eredu sendo eta kohesionatu bezala aurkeztu nahi diguten arren (beraien “eraikuntza” garatzen jarraitzeko oztoporik ez bada, behinik behin), EBren proiektuak itoginak ditu arlo guztietan. Geure aurrean, barne ezberdintasun garrantzitsuak dituen proiektua dugu, baita ezegonkortasun indartsua ere; beraz, ez liguke “bi abiaduratako Europa” esamesa maskalak harritu behar. Aukeratutako klubak sailkapen bat du, eta Alemania zein Frantziar Estatuko maila ez da inoiz lortzeko modukoa izango Espainia ala Zipre bezalako estatuentzat.

Honekin guztiarekin jarraitzeko, Laurent Fabius politikari frantsesak aspaldi eginiko adierazpen batzuk berreskuratzea egokia izan liteke; EBren botere faktikoen nahia argitasun handiz islatzen zuten adierazpen horiek, beraien gogoeta eszenifikatuz. Fabiusek etorkizuneko Europa egituratzeko hiru zirkulu zentrokideko Europa aurkeztu zuen.

Lehenik euroaren Europa aipatu zuen, “Hamabosten” Europa hain zuzen, bertako erdigunearen ardatz eta motorra. Ondoren Europa osatuko zuten gainontzeko estatuak nabarmendu zituen, eta azkenik, hirugarren zirkuluaren barnean hartzen zituen Europako ekialdeko hainbat herri (Ukraina, Bielorrusia,…) Afrikako iparraldekoak (Tunez, Maroko, Aljeria,…) eta Turkia.

EBren eredua jasaten ari den krisia ez da batere berria, eta agian bere hondamen guztien erroa, bere definizioan datza. EB ez da Europa osotasunean, hainbat kasutan hedabideen bidez agertzen diguten bezalaxe, eta ez dirudi bere izen ospetsuak adierazten duena bezain elkarturik dagoenik ere. Sasi ordezkatzen duen biztanleriarengandik EBtaz dagoen pertzepzioa da, estatu-politikaren eta elite ekonomikoen zerbitzura dagoen botere egitura bat dela, “burokrazia indartsu eta zaharkituarekin”, analista europar batek oso ongi adierazi duen bezala. “Demokrazia eta Burokrazia aurrez aurre”, argazkia bidean da.

Beste arazo bat, europar mandatariek berriketetan ere entzun nahi ez dutena, Europako biztanleen gehiengoaren apustua da. Izan ere, “bere proiektutzat” ikusi eta sentitu beharrean, zerbait “urrutikoa eta arrotza” kontsideratzen dute europarrek.

Ikerketa berri baten arabera, EBri botere handiagoa emateko aukeraren aurrean, europarren gehiengoak hauteskunde kontsulta bat eskatzen du, eta aldi berean, eskumen zentralistak gutxitzeko eta herrialdeei protagonismo handiagoa emateko.

EBren proiektuaren argazkiak Demokrazia eta Burokraziaren arteko lehia bistarazten digu; eurokrata deiturikoek beraien interesen defentsak eta etekinen lorpenak soilik artikulatzen jarraitu nahi dute. Era horretan, teknokrata europarren erreakzioa beraien harropuzkeriaren froga hutsa da, baita herritarren borondatearen gutxiespena ere, bereziki estatu txikietatik badator. Honek guztiak EB berezia erakusten du, proiektu komun eta berdinaren fatxadaren azpian, estatu batzuen indarrak besteekiko lehenesten duena.

Nazioarteko eszenatokian ere EBk zalantza ugari eta garrantzitsuak dauzka (baita beraien bazkideen artean ere), estrategia desberdinak baitaude. Batzuk AEBekin baldintzarik gabeko lankidetzan jarraitzearen aldekoak dira, eta besteek, berriz, alde askotako politika bultzatu nahi dute, Washingtonek urte askoz mantentzen duen polarismo hegemonikoarekin amaituko lukeena.

EBren ideiak defendatzen ari omen direla esanez, estatuen mugimendu politikoak ikusten ari gara, baina benetan, beraien boterea mantendu besterik ez dute nahi, Europako erakunde komunari papurrak bakarrik utziz, bere iraupena segurtatzeko. Frantziar-alemaniar ardatzaren nagusitasuna zalantzan jarri nahi lukeen lehia eta Europa “zahar eta berriaren” arteko eztabaida (duela urte batzuk Washingtonetik bultzatua era interesatuan), kontuan hartu beharreko elementuak izango dira Europako makroproiektuaren etorkizunean.

Europaren sendotasuna, EBren bidez gauzatua, bere benetako izaera erakusten ari da azken aldian. Bertako helburuak eta interesak politikako eliteei erantzuten ari dira, eta hauek ez dute inongo arazorik 65 lan-orduko astea jartzeko edo etorkinen aurkako prozesu gogorrak inposatzeko, erabaki politiko bezain kaxkarrak. Horregatik guztiarengatik, Demokrazia hitza edukiz betetzea eta herritarren nahia gauzatzea, EBren zuzendarien agendan agertzen ez diren zerbait dira.

Eta amaitzeko, kontinente honetan EBtik kanpo aukerarik edo alternatibarik ez dagoela esaten dutenen aurrean, beharbada Norvegian eta Suitzan ez dute modu berean pentsatuko. Europan Herriak egon badaudela zehaztasunez islatuko duen proiektua behar dugu, eskubideak berdintasunean defendatu ahal izango diren proiektua, Herri horien ahotsa hirugarren pertsonen bidez ozen aditua edota isildua izan ez dadin.

Egungo instituzio eta botere sareak ez du islatzen Europako herrien errealitatea, estatu-nazioen eta kapitalaren ispilua baizik ez da. Eztabaida, inposatu nahi duten ereduan zentratu beharko genuke. Europaren sendotasunaren izenean elkarte baztertzaile bat babesten eta burokrazia zuzentzailea zentrotik inposatzen ari dira, posizio demokratiko desberdinak aurrez-aurre dituztela. EBren egungo proiektuak duen demokrazia eskasia (frantziarren eta holandarren gaitzespena duela urte batzuk, eta irlandarrena orain dela gutxi, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartze eskasa…) karga astuna da jendartearen aurrean eredu gisa aurkezteko.
Europartzearen aldeko Parlamentua eta gobernaera (Joseba Agirreazkuenaga)
Joseba Agirreazkuenaga Historia katedraduna da EHUn.

Hogeigarren mendean erakundetze politikoen baitan gertatu den fenomeno berritzaileena, Europan barrena sortu den batasun ekonomiko eta politikoa dugu. Alde batetik, nazio-estatuak etengabe sortu dira, eta bestaldetik, Europar Batasuna indartu da. Munduko unibertsitate eta pentsamendu toki guztietan arretaz aztertzen da gaia. Hego Ameriketan, Afrikan, eta abar, batasunaz mintzatzen dira, baina Europan ari da egiten bide. Estatuen egitasmoa da, eta horrela dirau, baina estatuen soberaniaren amaiera prozesua ere eragin du. Soberaniak gainbehera doaz.

Estatu-nazioaren egitasmoa Europa eta Ameriketan asmatu eta garatu zen. Azken 400 urteetan Europa gerra suntsitzaileen lurraldea izan da. Estatu-nazioaren egituraketaren bidez, gizarteen gobernaera eta gobernamenduak antolatu dira, eta horrela, gobernaera berezia sortu izan ohi da, governance deitzen den hori, gobernamendutik harago doana.

Jakobino guztien helburua Estatua goitik behera arrazoi jakin baten arabera antolatzea da. Baina Europako estatu gehienek, hala moduzko botere mailakatua eta banatua izan ohi dute. Europa erresilientearen gunea dugu berau. Euskal Herrian berton ere, azken bi mendeotan, diktadura garaiak albo batera utziz gero, aginte mailakatua izan da eta gaur egunean ere modu horretan dirau. Azken aldian Europako aginte ekonomiko eta politikoa indartuz joan da, eta duela 10 urte, Europako aginte hori indartu, arautu eta sendotu egingo zela uste zen. Parlamentuaren indartzeak eta euroaren sarrerak europartu egin gintuen.

Baina ekonomiaren geldialdiarekin, estatuetan neomerkantilismorako joerak ageri dira. Bakoitza bere aldetik jotzen ari da eta banketxeen artean mesfidati badaude, estatuek ere elkarrekiko mesfidantza dute. Estatu batzuen finantza publikoak gainbehera ari dira, porrotaren atarian. Eta badirudi, deseuropartze prozesuan edo geldialdian gauden honetan, Europako gobernamendu bateratuak ez duela aurrera egiten.

Europako Parlamentua: Europaren ikur politikoa.

Adierazgarria dugu Europako Parlamentuaren sorrera eta bilakaera, adierazgarria dugun bezalaxe Eusko Legebiltzarrarena. Europar Batasunaren egitasmoa federalistek bultzatu zuten II. Mundu Gerraren ostean (1948), baina ez zuten egitasmo eraginkorrik lortu. Orduan, J. Monnet eta besteek, egitasmo xume eta zehatz bat asmatu zuten: ikatza eta altzairuarentzako merkatu eremua sortzea. Parisko Ituna (1951ko apirilaren 18a) sinatu eta Biltzar Komuna sortu zen aldi berean; 78 kide zituen. Nolabait, sei estatuen bidezko Parlamentuaren antzeko erakundea zen. Parlamentarismoa da europarren ikur, eta horrela joan da Europar Batasuna eraikitzen. Aldian-aldian, kidetza berriak asmatuz egitasmo xumeen inguruan. Ondoren EU antolatu zen (estatuen arteko kooperazioa), nazioarteko harremanen estandar teknikoak jarraituz. Baina Europako Parlamentuaren sorrerak, hori guztia zerbait gehiago zela adierazi zuen, egitasmo supranazionala alegia, eta Batasunaren helburua nabarmendu zuen: Europako gobernamenduaren oinarria eta ekimena.

1963an, Hans Furlerrek merkatu komuneko estatuen itunetatik harago, Biltzar ordezkaritza komunari eman zion garrantzia, zuzenbide komuna indartzeko, Europako tradizio parlamentarioaren ildoari jarraituz. Baina 1966an, Ch. De Gaullek blokeatu egin zuen egitasmoa, komunitate europar berriaren prozesu supranazionala nazio-estatu frantsesaren aurkakoa izango zelakoan.

Azkenik, parlamentariak zuzenean hauteskunde bidez aukeratzea erabaki zen, eta horrela, 1979an lehen Parlamentua sortu zen. Altiero Spinelli italiar federalistak eta “Krokodrilo taldea” izeneko lobbyak bere helburua lortu zuten.

Urte berean, Eusko Legebiltzarra onartu zen ere, erreferendumean, 1918an Euskal Herriko gehiengoak baztertzen zuena. 1979an, mendebaldeko euskal herritarrek Estatu egituren isla den Estatutua erabaki zuten eta nazio-estatuen antzeko egituraketa burutu zen.

Europan, ondoko urteetako itun berrietan (Maastricht 1992, Amsterdam 1997, Niza 2001), Europako Parlamentuaren nortasuna sakonduz joan da. Oraindik ez du Europar gobernua erabat kontrolatzen, baina gero eta gehiago ari da horretan. 2006an adibidez, legezko iniziatibetan erabakigarria izan zen liberalizazio egitasmoen aurrean (Bolkestein deituriko zuzentaraua, esaterako).

Europako Parlamentua garrantzia irabaziz doa, baina oraindik ez du Europako gobernua den Europako Batzordearen gain erabateko aginterik.

Europako gobernaeraren azterketa osotasunean egin beharra dago, goi mailan ez ezik, beheko mailatan ere, behe mailakoa ere Europa baita. Indarrean dugun aginte geometria osoak sortzen du Europako gobernaera, eta Europako erresilientzia politikoa sendotzeko bidea dugu. Gizarte zibiletik europartze prozesuak bultzatzen dira, printzipio nagusia Maastricheko Itunean onartu zen: Subsidiaritatea. Europa eta estatuen artekoa bermatzen du, baina jakina da estatuen baitan ez dela horrelakorik indarrean jartzen eta Europako erregio deitzen direnek ez dutela abiapuntu hori. Baina ez da ezinezkoa, Europa erdialdean egitura gehienak federalak izan ohi dira, eta kultura hori erroturik dago.

Hala ere, ezin uka, presidentzialismoaren aldeko joerak indartzen ari direla. Europako gobernaera konplexu eta aberatsak irauten duen bitartean, herritarren eskubide indibidualek berme handiagoa lortuko dute.

Azkenak
2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


Eguneraketa berriak daude