argia.eus
INPRIMATU
Zura
Igor Estankona 2013ko maiatzaren 02a
Igor Estankona
Ilargi handi, zauri zarae lan fina, zaindua, luxuzkoa izan zen, eta harriturik utzi gintuen, Garcia Lorcaren figurara hurreratu gintuen, baina Lauaxeta, Nikolas Lekuona, Gandiaga, pintura, gitarra, ahotsa, artea... dena zetorren batera, Kordobatik ibiltzea bezalakoa izan zen, ikutu flamenkoekin. Eta jazzarekin. Are hip-hoparekin. Ikuskizunak ez ziren kontzertuak, edo oinarrian soilik ziren kontzertuak, hori baino askoz zabalagoa zelako Zurakoen emanaldi bat.
 
Orain dela hiru-lau bariku Elorrion eman zuten kontzertua nahiko klasikoa izan zen, baina berritzaileak izaten jarraitzen dute: bossanova kiribil batean sarturik dabil azken aldian Zura, abesti gozoak dira denak, ia azukretsuak euretako batzuk.
 
Rio de Janeirotik ibiltzea bezalakoa, desafinatzea naturala den tabernetatik.
 
Saudadea sentitzen da. Eta alaitasuna, biak batera.
 
Bestalde, haziz eta haziz doazen eta inork inoiz bukatzerik nahi ez duen abesti klase hori ere lantzen dute: kiribilak dira, bukleak, espiralak, adarretan, haginetan, atzazaletan, landareetan eta itsas karakol amaigabeetan. Dena egiten da jaio, hil eta berriro jaio Zura entzukeran.