«Gauzak probatzea gustatzen zaigu, ez zaigu modu linealean soilik abestea gustatzen»
Abesteko tonalitate desberdinak hartu dituzue, eta nahiko arriskatu duzue…
Gauzak probatzea gustatzen zaigu, ez zaigu modu linealean soilik abestea gustatzen: ahots melodikoak, garrasiak edo faltseteak modu egokian erabilita guztiak batera joan daitezke kanta batean. Abesti berri hauetan koro asko sartu ditugu.
Zer sentitzen da diskoetxe berri bat estreinatzean?
Ilusioa. Diskoetxe batzuk begiratzen egon ginen,
management-a eramaten diguten Hontza Group lan taldeak aukera eman zigun arte diskoetxe berri bat izateko, Portu eta gure diskoa kaleratzen lehena. Aspalditik ezagutzen dugu elkar.
“Ukaezina zaigu ahaztutzea”. Zer ez duzue inoiz ahaztuko?
Lehen aldiz lokalean sartu, norberak bere instrumentua hartu eta lehen akordeak jotzen hasi ginen eguna, Kauta sortu zen eguna.
Amaitu berri duzuen disko honetatik agertuko al da Nostalgia? Zer suposatu du zuentzako disko hau egiteak (Katalunian grabatu, norabidea aldatu...)?
Argi dugu disko hau oso berezia izan dela, konposizio luzea egon da (bederatzi hilabete); ondoren, hilabete Bartzelonara joan eta han grabatzen egon, leku berriak ezagutu, jende berria... Inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izan da, eta urteak pasa ahala, nostalgiaz ikusiko dugula ziur gaude.
“Izenak ez du egiten izana”. Zerk egiten du Kauta?
Pentsatzen eta sentitzen duguna musikaren bitartez adierazteak eta jendearenganaino helarazteak.
Rock alternatiboa, hardcore melodikoa, emo-a eta metalaren oinarriak... Estilo bakoitzetik onena hartzen saiatzen zarete? Are gehiago, gaur egungo estiloek eta etiketek kritikoetatik harago ez al dute galdu zentzua?
Musika asko entzuten dugu eta estilo anitzekoa; hardcore, metal edo rock bortitzenetik hasita pop edo akustikoak diren musikaraino. Horrek abestietan eragina duela ikus daiteke, baita azken emaitzan ere, diskoak estilo ugaritatik edaten baitu.