argia.eus
INPRIMATU
Gotzon Uribe
“Gure mahaia Durangoko azokan kasetez betea ikusten dut”
  • Mungiar honen katalogoan diren euskal artistak (Split 77, Royal Canal, Cherry Boppers, Le Noise...) azkenaldiko joeren erakusgarri dira... Zoritxarrez gutxi batzuen zorionerako.
Fermin Etxegoien 2021eko ekainaren 30
Gotzon Uribe
Iñigo Azkona

Noizpop bataiatu zenuen zure zigilua... Bukaera eman nahi zenion euskal rockaren heavy aroari?


Inoiz ez dut ile luzerik izan, eta eskolan lagunek ez zidaten uzten heavya izaten. Hertzainak eta Kortatu entzun eta laster deskubritu nuen horren atzean benetan zer zegoen: The Clash, The Specials, Toots & The Maytals… Gero maitemindu egin nintzen eta The Smiths etorri ziren.
 

Zure esperientzian oinarriturik, gaur egun zenbatean dago euskal disko batek sal dezakeen ale kopururik ñimiñoena?


Gure diskoetxean disko gutxi saltzen ditugu baina amets egiten ere oso ondo pasatzen dugu. Revival garaian gaude eta orain kasete euskarrira bueltatzekotan gabiltza. Gure mahaia Durangoko azokan kasetez betea ikusten dut.
 

Herrietan ez bezala, hirietan jendea “bakarrik interesatzen zaiona” ikustera joaten da.


Hirietan gero eta eskaintza oparoagoa dago, eta Bilbo Europako hiririk garrantzitsuenen pare dago kontzertuei dagokienez. Ikuslea jada ez dago prest edozer gauza ikusteko. Joera, Internet, moda eta estetikaren garaietan erabat murgilduta gaude eta guk, euskaldunok, hor ere gure lekua egiten jakin behar dugu. Momentuari pultsua hartu behar diogu, beldurrik gabe.
 

Susmoa daukat Bilboko Kafe Antzokia uste baino plaza zailagoa izan daitekeela euskal talde askorentzat.


Izan daiteke. Kontuan izan Bilbora datorren edozein artistak egun berean bost edo sei kontzertu gehiago dauzkala hirian, berearekin lehian. Ondo prestatu behar dira kontzertuak, promozioa eta antolaketa on batekin. Badaude aste ugari Kafe Antzokian asteartetik igandera kontzertuak izaten direla. Atera kontuak!
 

Ez didazu esango heavyak direla diru galerarik eragiten ez duten euskal talde bakarrak!


Hori esaten dute kamiseta heavyak saltzen dituzten dendariek!
 

Jaialdi erraldoien inguruan (BBK Life, Azkena Rock Festival) gaizki esaka aritzen diren promotore txiki horietakoa al zaitugu?


Ondo pasatzen dut jaialdi horietan. Askotan pentsatu izan dut gustura egongo nintzela 1969an Woodstocken. Furgoneta zahar bat alokatu, Jimmy Hendrixekin dantzan egin eta Dylanen abestiak entzun galtza bakeroak eta cowboy kapela jantzita.
 

Ikusi dut Facebook-en zaudela... Milioi bat lagun izan nahi zenuke, Roberto Carlos kantariak zioen bezala?


Berriki Londresko neska bat ezagutu dut, disko zigilu txiki bat dauka eta bere etxean ospatuko duen jai batera gonbidatu nau! Roberto Carlos ez, baina bat-batean Los Panchos taldearen Si tú me dices ven abestia etorri zait burura, kar, kar, kar.
 

Patxi Lopezek bereziki maite du Ruperren Zaindu maite duzun hori, eta Eduardo Madina Belle and Sebastian-en zale sutsua da. Noiz pop? Orain pop!


Kar, kar, kar. Nor ez da maitemindu ba Ruperren kantu batekin?