Dani Blanco
Gazte jendeak La Polla entzuteak sortzen dion higuinaz ari da Juanjo bere azken zutabean.
Bazuen zerbait La Polla taldeak, grazia, ironia, freskotasuna, gardentasuna, astoari asto eta zaldiari zaldi esateko abilezia, alegia. Abilezia hark eman zion ospea, dudarik gabe: “Cuando tenga 40 años, me voy a hacer la cirugía, y venderé muchos discos, con esta carita mía”, esaten zuen ohiko piperraz Evaristok. Eta halaxe egin zuten, bai, nahita, edo nahi gabe: diskoak erruz saldu. Gutxik bezala. Ez propagandarik, ez aurpegi ederrik, ez gaztetasun perfekturik. Gerra galdutakoen bilobak ziren eta gerra galdutakoei mintzatzen zitzaizkien, galtzaileen egiazkotasunaz.
Janis Joplinek esan izan zuen bere entzuleekin amodioa egiten zuela –oso coola zen Janis, guztiok entzuten dugu oraindik–; Evaristok, ordea, botilak jaurtitzen zituen eta entzuleak piztu eta sutu egiten ziren, orro batean, frenesi betean. Mitoa mito bilakatu zen, beraz, eta La Pollak non jotzen zuen, han biltzen ziren milaka lagun, esperientzia hartaz gose.
La Pollaren arrakastari, ordea, “bazterreko fenomenoa” esaten dio Juanjok. Zaila da “bazterreko” hori non edo zertan den antzematea. Urteetan diskoak barra-barra saldu ondoren “bazterreko”? Abenida handietan talde dotoreek –pop banda ingelesak, soka laukoteak– egon beharko lukete eta aldirietako kalexka txiza usaineko eta alkoholizatuetan La Pollakoek eta bere lagunek? Hori da? Akaso Sarko-ren racaille famatuaz ari da “bazterreko” aipatzean, hain juxtu estatuko sikarioak gogor tematu arren noizbehinka ur azaletik burua ateratzea lortzen duten horietaz. Egokitugabeez, alegia. Eta horixe omen da La Polla berez: egokitu gabeko talde bat. Eta hala ere, jendeak, oraindik, eskatu egiten ditu barran.
Munduko beste edozein tokitan, noski, hau ez litzateke posible, munduko beste edozein tokitan ez baitira gu bezain orangutanak. La Pollakoek ere badakite ez direla toki arruntean bizi: “Vivo en un sitio que es como todos los sitios, lo único que uno de cada ocho es policía”.
Ezker Abertzalearen ardura da, noski, bazterreko fenomeno horiek hauspotzea, eta guztia malenkonia hutsagatik. Jon Juaristik aspaldi idatzitakoa denez, ezin esan ideia berria denik, baina ongi dago garai ilunotan gogora ekartzea.
Pentsatzen hasita, zein musika jarri beharko lukete Ezker Abertzalekoek euren taberna-zuloetan iraultzaile izateko? Zein musikarekin egin beharko liekete aurre haien gurasoei? Zein abestiren aiztoz lepatu –sinbolikoki, kasu!– euren aita-amak?
Ez pentsa erantzutea xamurra denik. Proposamenen bat egin beharko dugu, ordea, inork ez dezan pentsa zutabeak asmo birrintzailez idazten ditugunik. Hauxe nirea: jar dezatela tabernetan Xabi Erkizia, Tüsüri eta Bizarraren musika esperimentala, sagardotegitik ateratako belarri etilikoek iraultza dosi elitekoa izan dezaten. Ez dakit, ordea, La Polla-koei ideia zer irudituko litzaiekeen: “Cuanto más fuerte más molestamos, no quieren vernos pero aquí estamos, marcándonos nuestra pequeña venganza”. Idazle guztiok amesten dugu sintesi gaitasun horrekin!
Katixak dioen bezala: oraindik eta denbora puska baterako, gainditu gabe ditugu konplexuak.