Bernaten neska-lagunari esan diote minbizia daukala, eta aurreratu diote urtebetez baino ez dela biziko. Berri hori jasotzean ataka zailean ikusiko du bere burua Bernatek. Izan ere, Fernando Morilloren Zure arimaren truke liburuko protagonista ikertzailea da –ingeniari informatikoa eta fisikaria izateaz gain–. Bada, honako dilema jarriko dio bizitzak begien aurrean Bernati: Iruri izeneko neska-lagunaren ondoan egon, bizitzeko geratzen zaion azken urtean ala inoiz egin duen ikerkuntzarik harrigarrienean murgildu, Iruri urrun utzita, baina betiere haren bizitza salbatzea helburu. Bernat edozertarako prest egongo da Iruri salbatzeko, baina nobelan zehar galdera ugari sortuko zaizkio. Minbiziaren aurka lan egiten dutenei eskainia dago liburua.