Europako zientzialari talde batek ilea urdintzearen zergatia argitara eman du Federation of American Societies for Experimental Biology (FASEB) aldizkarian. Diotenez, hidrogeno peroxido metaketa handiak eragiten du urdintzea. Hidrogeno peroxidoaren izen arrunta ur oxigenatua da eta, besteak beste, ileapaindegietan ileari kolorea kentzeko erabiltzen da.
Ikerlarion arabera, hidrogeno peroxido kopurua handitzen da berau deskonposatzen duen entzima baten eskasiak eraginda. Ile-folikuluek ezin diote aurre egin ur oxigenatuak sortutako desgasteei, besteak beste, melanina produkzioa gutxitzen baita. Melanina oso ezaguna da, bera baita ilearen, larruaren eta begien kolorearen erantzulea.
Azken batean, ur oxigenatuak melanina produkzioa blokeatzen du eta horren erruz urdintzen da ilea. Orain, azalean sortzen diren bitiligo izeneko mantxa zurien formazioa aztertzen ari dira, haren jatorrian ile-urdintzearen antzeko arrazoia egon baitaiteke.