argia.eus
INPRIMATU
RAFaren sorrera film bihurtuta
Pertsonak, izaerak eta kausak
  • RAF: Rote Armee Fraktion. Euskaraz, Armada Gorriaren Frakzioa. Pelikula bateko protagonista bihurtu da ezker muturreko hiri-gerrilla alemaniarra, desagertu eta hamar urtera. Der Baader Meinhof Komplex filmak kontatzen ditu haren sorrera eta urte garrantzitsuenak: protagonistak, borrokarako arrazoiak, kideen izaerak... Lan zaila, Uli Edel zuzendariak trebe pantailaratu duena.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko martxoaren 31
RAF
Andreas Baader (Moritz Bleibtreu) eta Gudrun Ensslin (Johanna Wokalek) filmeko pasarte batean.RAF
Pisuzko pausoak ari da ematen Alemaniako zinema azken urteetan, uztartuz, batetik, herrialdearen historiako pasarte zailenak, eta bestetik, errealismo klase oso partikularra. Kamio horren hasieran, mugarri bat: Der Untergang (Amiltzea, 2004) filma, non kontatzen diren Adolf Hitlerren azken egunak. Das leben der anderen-ek (Besteen bizitza, 2006) Ekialdeko Alemaniako espioitza gai hartu eta Oscarra irabazi zuen; oskartu ziren DieFälscher (Faltsifikatzaileak, 2006) pelikularen egileak ere, II. Mundu Gerran girotutako filmarekin. Eta etorri da Der Baader Meinhof Komplex (Baader Meinhof Taldea, 2008), hutsune bat bete gura duena, Mendebaldeko Alemaniako historia hurbilean ibiltzen.

Artean Ulrike Meinhof kazetari bon vivant bat zenean abiatzen da oinez filma, eta metroka-metroka erakusten digu nola disidentzia politikoa bihurtzen den mugimendu militar; nola hasten den hiri gerrillaren dantza, zein fase bizi dituen, zein inflexio puntu, goitik behera hasi aurretik. RAFaren sortzaile eta pentsalari nagusiak kartzelan sartu eta, apurka, norabide berrietatik hasiko dira kanpoan geratuko diren militanteak. 1977an, “Alemaniako Udazkena” izenez ezagutzen den garaian amaitzen da filma: RAFaren fundatzaileak –Meinhof, Baader, Ensslin, Raspe...– kartzelan hilko dira, ustez beren buruaz beste eginda. Ondoren, RAFak Hanns-Martin Schleyer enpresaburu eta SSetako kide ohia hilko du.

Haragia badu historiak, bistan da, baina arazo handi bat dago horrelako filmarentzat: 1998ra arte RAFak ez zituen armak utzi, 1993an egin zuten azkeneko ekintza, eta okela egon, gorri dago. Prestatzen jakin behar. Hasieran esan dugu estilo berezia dela zinemagintza alemaniar honena: jakin nahi duzu nola egiten duten islatzeko pertsonaien kontraesanak; nola pasarterik zailenetan, Meinhofen eta Ensslinen kartzelako eztabaidetan adibidez, zuzendaria ez den lerratu baten ala bestearen alde; nola, fikziozko lana izanda, kontakizunak dokumental itxura hartzen duen zati batzuetan. Jakin nahi duzu nola, ze, kontakizuna ideologikoki zamatu ez badu ere, zuzendariak asmatu du ekidistantzian ez erortzen. Bai: Uli Edelek tonuarekin asmatu du, ondo frijitua dago, baina ez da erre haragia, ezta sukaldariaren eskua ere.

Bi xerra moztuko nizkioke, pelikula ikusi ondorengo tertulia baterako: 1) Emakumezko militanteek filmean duten garrantzia, eta horrek gizonezkoekin sortzen dituen tentsioak –Andreas Baaderrek zera dio, pasarte batean: “Zuen askapena zer da, guri oihuka egitea?”–; filmaren alderdi horrek mereziko luke analisi sakonagoren bat; eta 2) Baader beraren karakterizazioa. Hasieran gehiegizkoa iruditu zitzaidan Moritz Bleibtreu aktorearen lana. Baader txuloegia aurkeztu ez ote digun… Pentsatu nuen pelikulako gaiztoa bihurtu nahi zutela, ergel burugabe bat, testosterona hutsa. Beranduago ezagutu dudan anekdota batek gehixeago argitu dizkit gauzak Andreas Baaderren izaeraz. Antza, Stuttgarteko Stammheim kartzelan zegoelarik, 1974an, Jean-Paul Sartrek bisita egin zion. Atera da Sartre kartzelatik, galdetu diote Baaderrez, eta esan du: “A zer ergela!”. Ez zuen, apika, oso jarrera egokia izango RAFeko buruak pentsalari frantsesarekin; dena dela, Sartrek berdin salatu zituen kartzelako baldintzak. Desberdindu behar baitira, pertsonak, izaerak eta kausak.