argia.eus
INPRIMATU
Banaketaren modari jarriak
Imanol Lazkano 2013ko maiatzaren 02a
Imanol Lazkano
XDZ
I

Gaztetan hainbat maitemin
dena fresko, dena gordin
odola bero, buruak amets
ta zerua urdin...
Ta gero denborarekin
txoro-haizeak aldegin
haragi sena ta maitasuna
ez baitira berdin.
 
II

Lehen ezkontza zen reliki
baina aldatu da ederki,
banantzeari ate guztiak
zaizkio ireki.
Nahiz maiteena atxiki
bihotz handiena txiki
lehen gehiegi sufritzen zuten
ta orain gutxigi.
 
III

Bikoteen harremanak
eta ezin eramanak
alderantzizko joera dute
ama baten planak:
benetan maite duenak
barkatu ohi ditu danak
seme pordila gehiena maite
ohi du beti amak.
 
IV

Lehen gozo zirenak gazi
eta ezin galarazi
baina lehenengo garratzaldian
etsitzen ez hasi.
Bihotzari eginarazi
bi aldetara gimnasi:
Gozatzen segi nahi baldin bada
sufritzen ikasi.
 
V

Emakume edo gizaki
–haragizkoak izaki–
onenari ere bila daiteke
nahi aina aitzaki.
Akatsak soilik ez aurki
horrek onik ez dakarki
hutsak barkatzen ez dakienak
maitatzen ez daki.
 
VI
Gizakiaren hazia
nola den gure bizia
bera lantzeko bikotea da
baratz berezia.
Beraz, egin gimnasia
egin daiteken guzia
gero ere gozo gertatu dadin
hain gozo hasia.
 
Doinua: Haizak hi mutil mainontzi.