argia.eus
INPRIMATU
Badatoz
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2013ko maiatzaren 02a
Eneko Olasagasti
Ines Urrutia
Badatozela bai. Sozialistak badatoz eta zurrumurruak zabaltzen hasiak dira. ETBn eta Hezkuntzan nahi omen dute eragin. Eta popularrek norabide berdinean bultzatuko dute, diote ahots ilunek. Baten batek euskaldunoi beldurra sartu nahi digu gorputzean, Apokalipsi antzeko bat hurbiltzen ariko balitz bezala. Eta beldur eragileak gehiago dira gertukoak urrunagokoak baino. Niri, egia esan, beldur handirik ez dit ematen. Galtzeko gutxi dugun seinale izango da agian. Badira txiringito majoa antolatu dutenak azken hiru hamarkadatan eta horiek beharbada izango dute zergatik kezkatu. Biziraupenerako lekutxo bat eraikitzen saiatu garenok ez dut uste.
 
Ez da oso urrunera joan behar sozialistek euskal ikus-entzunezkoen alorrean landutakoak aurkitzeko. %5 famatuaren kontuan esaterako, arloko elkarteek osatu zuten Zinema Plataformak bultzaturik, Legebiltzarrean haiek, beste talde batzuen laguntzaz, aurkezturiko Ez legezko proposamenak ireki zuen Dekreturako bidea, eta Gobernua bultzatu aurrekontu berezi bat onartzera ETBk inbertitzeko dirua izan zezan. Eta Legebiltzarrean aurretik egin zen eztabaidan Isabel Celaa sozialistak harro asko aldarrikatu zuen Madrilek, Ministeriotik eta TVEtik, diru gehiago ipinia zuela euskarazko zinea laguntzeko Euskal Herrian ipinitakoa baino. Orduan aldarrikatutakoari segida emango diotela pentsatu nahi dut. Eta ez dago kontrakoa pentsatzeko motiborik.
 
IBAIAk, Ekoizleen Elkarteak, bultzatzen duen azken proposamena laguntzetarako bide automatikoak ezartzea da. Batzorde baten subjektibotasunik gabe. Bide hau ez dugu Euskal Herrian asmatu. Dagoeneko zenbait herrialdetan martxan daude mota honetako laguntzak. Nola ez, Espainian katalanak dira aitzindari. Eta han sozialistek agintzen dute. EIKEN, Ikus-entzunezko Klusterra, gure produktuak, Basque Audiovisual markapean, nazioartean zabaltzeko tresna, ETB, Euskaltel, eta arloko enpresa handien menpe egon da, dago. Agian beste indar metaketa batek eragin dezake enpresa txikiek bertan ahotsa eta beste zerbait ere izan dezagun.
 
Berriki, Katalunian, hautsak harrotu dituen Zine Legea aurkeztu dute. Besteak beste, katalanaren presentzia zine komertzialetan indartzeko neurriak proposatuz. Neurri horren aurrean larritu direnak ere badira. Alegia, euren txiringitoa arriskuan ikusi dutenak: aretoak eta bikoizketa mundukoak. Bitartean hemen, orain arte behintzat, ez da horrelako legeren beharrik ikusi. Hemen Kulturaren Euskal Plana daukagu denbora pasa, eta denbora pasatzeko. Bitartean, dagoena dago.