argia.eus
INPRIMATU
Inkesta xenofoboak?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Europako eta AEBetako herritarren gehiengoak uste du langabezian dauden immigranteei eskatu behar zaiela sorterrira itzultzeko eta toki bakoitzeko gobernuek bide horretan jokatu behar luketela. Hori adierazten du Harris Interactive-k egindako inkesta batek, Financial Times-en argitaratua martxoaren 16an. Inkesta horrek dio, gainera, iritzi hori orokorragoa dela italiarren eta britainiarren artean –%80 baino gehiago–, Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta Estatu Batuetako herritarren artean baino –%60 eta %70 artean–. Nola egin da inkesta hori eta zer motatako galderak egin dira? Benetan islatzen al du europarrek eta estatubatuarrek pentsatzen dutena? Zer egon daiteke inkesta horien atzean, arrapaladan etorri den krisiaren erdian eginak badira? Zeren bila dabiltza inkesta hori ordaindu dutenak?

Ez da gauza bera inkesta egitea ekonomian eta lan arloan egoera normalizatua eta egonkorra dagoenean, edo krisia dagoenean. Krisi eta langabezia egoeratan, lankidearekiko errespetua eta elkartasuna, izan immigrante ala ez, pitzatu egiten dira eta bakoitza bere lanpostua mantentzen saiatzen da ondokoa ahaztuz. Eta are gehiago ondokoa immigrantea bada. Botere publikoek nahiz erakunde sozialek eta internazionalek asko zaindu behar lukete krisi garaietan xenofobia ez bultzatzea. Mota honetako inkesten atzean, xenofobia maila bat gordetzen duten arrazoi esan ezinak daude. Ez genuke ahaztu behar immigranteak, ezeren aurretik, pertsonak direla eta bertakoon bizitza eta lan eskubide berberak dituztela. Beren lanak langabezia eta laguntza sozialak jasotzeko eskubidea ematen diete. Aberastasuna eta ongizatea sortu dute eta bertakoon pentsioen mantentzean parte hartzen dute. Beren lanak beharrezkoa izaten jarraituko du.