argia.eus
INPRIMATU
Gona arrosak
Jakoba Errekondo 2009ko martxoaren 25a
Errododendroa
Inbasioaren landareen sokari tiraka, loratze zorian dagoen errododendroari, Rhododendron sp., begira nago. Baratze eta lorategietan gero eta maizago ikusten dira errododendroak. Ingelesen landare honekiko aspaldiko txoramenak gero eta hibrido bereziagoen sortzea sustatu du. Inbasioaren kanpamentu, denda eta mintegietan ehunka desberdin dago aukeran. Ukabila baino handiagoko kolore askotako loreak dotoreak dira, eta jendeak etxekotu nahi... Ez da landare erraza, ordea, eta gehienetan galdu egiten da. Klima ia etengabe hezea eta lur azidoak behar ditu eta aire lehor eta lur karetsuak diren tokietan bizkor hiltzen da. Geurean errododendro heldu bat topatzea ez da teleberrierokoa. Izatekotan, txoko itzal, heze babesturen batean.

Europako inbaditzaileen artean zortzi errododendro izendatu badituzte ere, bat da “beldurgarria”, Rhododendron ponticum. Berez Europa eta Asiaren arteko mugakoa bada ere, ingelesek etxeratu eta handik abiatuta kontinentea “okupatzen” ari da: Irlanda, Belgika, Frantzia, Herbehereak, Austria...

Errododendro bat dugu hemengoa, Erronkariko Larra aldeko mendi garaietan bizi dena, Rhododendron ferrugineum. Pirinioetan ezaguna da eta haitz gorriak arrosa koloreko gonaz janzten dituen sasoia ikusgarria da.

Errododendro jendeak trikimailu ederrak ditu beste landareak uxatu eta bera ugaltzeko. Gai kimiko toxikoak sortzen ditu eta intsektu ale batzuk kenduta, haren hostoari kosk egingo dion berdejalerik ez da topatzen. Lore bakoitzak 7.000 hazi ere eman ditzake, zuhaiska bakoitzak milioika... urtero. Asentatzen den tokian zaila dute gainontzeko landareek, zuhaitzen haziak ere erne ezinik izango dira bere azpi ezin ilunagoan metatzen duen inaurkinean. Inguruko tarteak harrapatzen iaioa da, bai haziz, baita adar muturrak lurra ukitzean errotuz ere. Beraren loreetatik sortutako eztia ere toxikoa dela aipatu izan da.