argia.eus
INPRIMATU
ENAM eta banaketaren mamua
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Ezker abertzalearen prentsaurrekoa
Ezker abertzalearen prentsaurrekoa DonostianImanol Otegi / Argazki Press
Bloke burujabea osatzeko ENAMeko ezker abertzaleak egin berri duen eskaintzaren indarra benetan zein den oraindik airean da. Hilaren 16ko talde argazki haren helburua indarra eta batasuna helaraztea zen, zalantza barik, eta proposamena argazkiraino heldu bada, horrek barne kontsentsu maila bat adierazten du. Pentsa liteke baita ere, gai giltzarri batzuen inguruko adostasun maila lotu barik dagoela oraindik, baina adostutakoak balio duela aterki gisa metaketa soberanistaren ekimenari ekiteko.

Borroka armatuaren desaktibatzea klabea da ekimenaren arrakastarako, hori oso garbi du ildo burujabe zale honen aldeko indarren oso gehiengo zabalak, baita ENAMen barruan ere. Noiz, nola... hori konplexuagoa da, baina berandu baino lehen, bestela jai. Hori da arantzatsuena, baina bestelako oinarri batzuk ere ez dira makalagoak. Esate batera, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen inguruan ez da zalantzarik, baina nola egikaritu behar da berau EAE, Nafarroa eta Iparraldeari dagokienean? Eta soberanista bai, baina nola txertatu behar dira eguneroko jardunean ezkerreko politikak? Zeintzuk dira gaur egun ezkerreko politikaren oinarri horiek?

Eta lidergoaz zer? Argi samar ikusten da lidergo partekatuak beharko direla eta ENAMek atzean utzi beharko duela, nazio askapeneko hainbat prozesutan abanguardiek lidergo kontrolatzailerako izan ohi duten joera historikoa. Lidergoak irabazi egin behar dira, eta une honetan ENAMeko buruzagitzak ez du behar besteko indar eta karismarik halako mugimendu zabalaren lidergoa bakarrik bideratzeko. Porrotaren hasiera litzateke horretan ondo ez asmatzea eta eskuzabaltasunez ez jokatzea. Bere diskurtso publikoan berraztertu beharko luke bloke horren lidergoaz luzatzen dituen zenbait mezu. Esate baterako, pentsatzekoa da kutsu berriko zerbait behar bada, ELAk –110.00 afiliatu eta %36ko ordezkaritza sindikala– beste garrantzi bat izan beharko duela prozesu horretan. Eta Batasuna eta Aralarren arteko harremana ere aldatu beharko dela. Eta abertzale ez diren sektore autodeterminazio zaleak ere erakarri beharko direla eta...

Oztopo eta zalantza gehiegi, gaindiezinak diruditenak sarri, baina borondatez, elkarrizketa luzez eta eskuzabaltasunaz bideratu beharko liratekeenak. Une honetan zalantza eta beldurrik handienetakoa ENAMen baitan dago. Horrexegatik begiratu zaio horren kezka handiz Irlandako bake prozesuari. Eta emandako erantzuna ere oso esanguratsua da: Sinn Feinek egiten duen irakurketarekin bat egin du, zalantzei zirrikiturik utzi barik, eta Euskal Herriko gatazkan ikusmolde bati nagusitasuna emanez: hemen ere bide politikoa –eta beraz armatua ez– nagusitzearen beharraz.

Baina Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta gisakoek luzatzen ari diren mezu hauek ez dira ezkontzen ETAren jardunarekin. Eta horrek zailtasunak adierazten ditu. ENAMen baitan seguruenik nagusi dira borroka politiko soilekin jardun behar direla dioten ahotsak, baina ez ETAn. Hori da batzuen eta besteen jardueratik irudika daitekeena. Hori da ezker abertzale nagusiak bere barne eztabaida eta hausnarketa prozesuan argitu beharko duena. Balizko banaketak beldur handia eragiten du, baina gehiengo politikoa ezin da makurtu gutxiengo militarrera –beti ere, egoera hori balitz–. Horrek funtziona dezake gutxieneko adostasun politiko batzuk baldin badira, baina ardatza apurtzen bada eta konfiantza bideratzea lortzen ez bada, haustura denbora kontua besterik ez da.

Batetik, egin daitezkeen balorazio on eta txarren gainetik, eztabaidaezina da ENAMek indar politiko handia metatu duela azken hamarkadetan eta oraindik ere giltzarri izan daitekeela Euskal Herriko etorkizun politikoaren norabidea finkatzerakoan. Bestetik, aspergarria da azken aukerez eta halakoez hitz egitea, baina higadura begi-bistakoa da, maila guztietan gainera.

PSE-PPren jardun bateratuak gogor astinduko du “biolentziaren deslegitimazioaren” aterki zabal hori eta nozituko da. Baina, aldi berean, mugimendu soberanistak aldeko haizea izango du aukera berri bat eraikitzeko. Ez bada gauzatzen aukera horren aldeko indarren errua izango da, ez kontrako eragileena”.