argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 06a

Bernardo Atxagak Garan: "Hemengo heziketa dagoen bezala egonda, mirakulua litzateke norbait ez idazle, baizik eta irakurle ateratzea ere. (...) Hemen sekulako iruzur bat gertatzen da, irakurketaren ingurukoa, eskolan eta hezkuntzan".

 

Hasier Etxeberriak Alua Mundua! blogean, Frantzian indarrean jarri den Hadopi legeaz: "Ez dut sinesten Sarkozy egileak babestu nahian dabilenik. Horretarako badira bide hobeak errepresioa baino. Deskarga pirata bakoitzean zenbat “kentzen” zaio sortzaileari? Zenbat industriako multinazional handiei? Esango nuke, kulturaren eta espektakuluen industriak hedapen eta kobratze bide berriak asmatzen ez dituen arte, kalapita hortxe egongo dela, erretenean sartzen ez baitago erraza egungo aukera digitala. Ala ez?".

 
 

Ainize Txopitea artistak Eibarko ...eta kitto! aldizkarian, Daniel Txopitea, bere aita zenaz: "Nire aita karisma handiko artista zen eta laguna niretzako. Bere galera goiztiarra oso kolpe gogorra izan zen, baina bere oroitzapen beroak edonora noala laguntzen dit. Exijentzia handiko gizona zen, bere buruarekin batez ere, eta horregatik utzi du bere zigilua daukan lan-bilduma garrantzitsua. Amak eta nik erakusketak egiten jarraitzen dugu, eta bere ondarea erakusten galeria eta erakundeen bitartez. Koadroetan zehar bera bizirik mantentzeko modu bat da".