argia.eus
INPRIMATU
Onintze Salazar
“Eguraldi dependentzia daukagu”
  • Eguraldia gizakiaren esku balego, zenbatgarren mundu gerran egongo ginateke?
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30a
Onintze Salazar
Alex Larretxi

“… potrotaraino nago eguraldiaz hitz egiten dutenekin”, kantatzen du Garik.


Futbol partida bati begira jarri eta futbolaz denek dakitela ematen du. Eguraldiarekin berdin. Gauza bat da eguraldiari buruz hitz egitea, eta beste bat guk baino gehiago dakitela pentsatzea.
 

Barkatu, zuk atmosferako fisika ikasi zenuen…


Eguraldi iragarpena emateko komunikatzaile ona izatea da lehen baldintza, baina transmititu nahi duzuna goitik behera menperatzea ezinbestekoa da. Horri esker dakigu zenbateko ziurtasunez ari garen, erratzeko zenbateko tartea dugun…
 

Et, et, et… Zuek ez zarete erratzen, eguraldia erratzen da!


Meteorologia ez da zientzia zehatza baina ezin zara beti “ematen du”, “litekeena da”, esanez ibili!
 

Tenporek bai jakin! Horiek busti egiten dira!


Sinetsi dezakezu jainkoan, horoskopoan, edo tenporetan, baina zer hartuko duzu oinarritzat, zientzia ala sineskeria? Euskal Herrian dena sartzen da meteorologiaren zakuan, baina ez, bi gauza oso ezberdin dira.
 

Ez esan gure aitona-amonek ez dakitenik eguraldiaz…


Ilargi beteko gauak hotzagoak direla esan izan da beti. Ilargiak eta hotzak ez dute zerikusirik. Zerua garbi dagoelako ikusten da ilargia, eta zerua garbi dagoenez egiten du hotz handiagoa.
 

Gure aitonaz ari garela... Euria iragartzean “eguraldi txarra” esaten duzunero sutan jartzen da.


Aisialdiari begirako iragarpena egiten dugu, eta aisialdirako ateri egotea nahi izaten dugunez... Onartzen dut ez dela beti egokia.
 

Aisialdirako iragarpenak?!


Lehen mendira joan nahi bazenuen goizean jaikita egiten zenuen plana. Orain bezperatik planifikatzen duzu dena. Eguraldi dependentzia daukagu.
 

Bai, bai, beti alerta egoeran...


Ez dakit zergatik baina eguraldia notizia da. Komunikabideek ez dute ezer behar albistea puzteko eta gu ere zurrunbiloan harrapatzen gaituzte. Hori bai, alerta egoera gehiegi dekretatuz gero fidagarritasuna galduko genuke.
 

Aurtengo negua bai ez dela fidatzekoa izan.


Tarteka, halakoak tokatzen dira. 2005ean ere elur asko bota zuen baina nor akordatzen da? Jendeak memoria gutxi duenez, dena da historikoa, dena inoizko gogorrena, hotzena, elurtsuena...

Ziur klima aldaketaren errua izan dela...
Ez dauka zerikusirik, baina klima aldaketarekin dena justifikatzeko joera dagoenez... Jakingo bazenu zenbatek hitz egiten duten horri buruz aurre egiteko ezer egin barik...