argia.eus
INPRIMATU
Barrura begirada, sonoritate landuz eta indarrez
  • HUMUS ::Lekua

    Bonberenea ekintzak

    iraupena ::30´33´´

    prezioa ::13,50€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Humus Lekua
Humus LekuaHumus
Tolosako talde honek paso egiten die taldeen ohiko erritmoei; mantso-mantso, baina eraginkor euren bidea egiten dihardute. 1997an sortua, laugarren diskoa kaleratu berri dute, eta tarteka zuzenean aritzen dira. Hardcorearen baitan hasi ziren arren, bestelako giro eta sonoritateak lantzeko ohitura dute; eta horren gainetik, Nataliaren ahots melodiko eta indartsua dago. Instrumentuak ondo menderatzen dituzte, eta gai dira aipatutako hardcore klasikoaren abiadura hartzeko, post-hardcorearen erritmo pisutsuagoak edo esperimentazioa lantzeko edota rockeroago bilakatzeko; are gehiago, soinu-harresiak ere eraikitzen dituzte, distortsioaren bidez noisera ere hurbilduta. Euskaraz idatzitako hitzei dagokienez, norberaren barruko borrokak irudikatzen dituzte, metafora eta zakur-poesiarekin.
"Diskoa kaleratzea erronka da, 35 urte baino gehiago izanda eta dagoen salmenta krisiarekin"
Ezerezetik hasiko bagina, akats berak egingo genituzke?
Ezerezetik hasiz gero esperientziarik ez genuke izango, eta beti bezala bihotzak bultzatuta egingo genituzke gauzak, beti egin izan ditugun bezala.

“Espero ez ditugunean ateratzen dira momenturik hoberenak; gure kontroletik kanpo dauden gauzetatik“. Musikarekin ere bai?


Bai, erabat. Musikak gu eramaten gaitu.


Diskoak soinu konpaktua dauka eta sonoritateak eta giroak oso landuta daude. Argi zegoen nahi zenutena ala Karlosek ideia asko eman dizkizue?


Oso argi genuen, baina maisuaren gomendioekin gauzak hobeto egiten dira. Berak gehienbat soinua eta konponketa batzuk egin ditu; emaitza itzelak lortzen ditu.


“Huts azpitik bizipenak, zero azpitik loratzen gara”. Lokaleko hotzak indartzen zaituzte?


Hotz dezente pasatzen dugu, baina arazoen aurrean indartzen den jende edo kolektiboei buruz hitz egiten dugu; ausardia gauza zirraragarria da.

Zerk egiten zaituzte hain gogor eta ausart?


Edozein erronka edo enbidok. Adibidez, saltzen den disko kopuru urriarekin guk diskoa kaleratzea; eta hori taldekideok 35 urtetik gora izanda...

“Naizenaren bila ateratzeko prest nago, aurre egiteko prest”.


Bai, baina borroka hau barnekoa da, pertsonala; norberaren beldurren eta mamu pertsonalen kontrakoa.

Airea behin baino gehiagotan agertzen da zuen hitzetan. Airea Lekua baino garrantzitsuagoa da?


Airerik ez badago lekurik ez dagoelako da, eta lekurik ez badago ezin airerik egon; biak ere oso garrantzitsuak.

“Zuen bizitzen hutsunearen oihartzuna entzun dezaket”. Poesia hutsa?


Oso kuriosoa da poesia hutsa zakur zaunkaren soinuarekin abestea, ez zaizu iruditzen? Hala ere, poesia hutsa da.


“Behin eta berriz bihar zer etorriko den zain”. Zer etorkizun dauka taldeak?


Sekula baino lasaiago gaude eta gero eta zuzeneko hobeak egiten ditugu.