argia.eus
INPRIMATU
Krisiaren onurak?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Banku, kutxa eta enpresa handiak batzar orokorrak egiten ari dira 2008ko emaitza ekonomikoak erakusteko. Duela bi aste Banco Guipuzcoanok egin zuen, joan den asteburuan BBVAk, Iberdrolak aste honetan egingo du... Euskal finantza erakundeek, Bankak eta kutxek, 6.000 milioi euro irabazi zituzten iaz, aurreko urtean baino 1.200 milioi euro gutxiago. Beraz, krisiak joan den urtean eragin zien jadanik. Erakunde horien arduradun nagusiek, ordea, ez zuten krisirik jasan. Horrela, BBVAko presidenteak, Francisco Gonzálezek, 2008an 20 milioi euro inguru irabazi zituen –ordainsari finkoa, aldakorra, pentsiorako hornidura, akzioak...–; kontseilari delegatuak 16 milioi euro; administrazio kontseiluak 3,5 milioi... Iberdrolako presidenteak 16 milioi euro kobratu zituen –ordainsari finkoa, aldakorra eta aparteko paga–; administrazio kontseiluak 11 milioi euro... Orain, krisia dela-eta, esaten dute 2009an soldata izoztuko dutela! Hau da, kopuru astronomiko berdinak jasoko dituztela! Bai zinikoak eta lotsagabeak!

Halako egoeran, ez da harritzekoa BBVAren batzarraren aurrean protestak izatea, ezta aste honetan sindikatuen mobilizazioak ikustea ere, herritarren amorruaren erakusle besterik ez baitira, ikusten baitute krisia beren bizitzen gainean zamatu dela. Finantza arloan sortu den krisia larriagotzen ari da, bankuetako kredituen iturria itxi zaielako milaka enpresa txiki eta ertainei. Eta erakunde horietako goi exekutiboek ordainsari eskandalagarriak biltzen segitzen duten bitartean, lotsarik ez dute soldaten moderazioa eta enpresentzako kaleratze merkeak eskatzeko. Ordua da onurak legez sozializatzeko, eta bankari eta enpresari handien ordainsariak drastikoki murrizteko.