argia.eus
INPRIMATU
Hiru sindikatua
Tribunalaren mailukada sindikalgintzari
  • Hiru sindikatua egoera larrian utzi lezake Konpetentziaren Defentsarako Euskal Auzitegiak, bere kontra zabaldutako zigor-espedientea dela-eta. Sindikatuak dio tribunala ez dela independentea, borroka sindikala zigortzea duela helburu.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2009ko martxoaren 17a
Hiru sindikatua
Ajuriaenea aurrean Hiruk egindako kontzentrazioa bere egoera salatzeko.Argazki Press / Juanan Ruiz
Erregaia igotzeko “gomendatzea”, horixe da Hiru sindikatuak egindako delitua. 500.000 eta 10 milioi euro arteko multa ezar diezaioke Konpetentziaren Defentsarako Euskal Auzitegiak eta, horrenbestez, garraiolari autonomoak biltzen dituen sindikatuaren etorkizuna kinka larrian utzi dezake.

Joan den urtean, petrolioaren etengabeko igoerak jasan ezinezko egoera sortu zuen garraiolarien artean –ekaineko greba gogorra izan zen horren erakusgarri–. Testuinguru horretan Hiru sindikatuak prentsaurrekoa egin zuen 2008ko urtarrilean eta bertan gomendatu zien garraiolariei zerbitzuak %5 igotzeko, lan baldintzak mantentzeko bidean. Horren ondotik ireki zuen konpetentziaren defentsarako tribunalak zigor-espedientea. Hiru sindikatua 2002an sortu zen eta 1.000 afiliatu inguru ditu, gehienak euren kamioia duten garraiolari autonomoak dira, petrolioaren gorabeherak zuzenean nozitzen dituzten langileak, alegia. Estitxu Ugarte Hiruko ordezkariak Argiari azaldu dionez, tribunalaren jardunaren atzean “sindikatuen kontrako erabaki bat” dago.

Zer motatako tribunala da hori?

Tribunala 2006an sortu zen merkatuan konpetentzia segurtatzeko eta arau-apurtzeak zigortzeko. Martxan jarri zenetik hainbat auzi abiarazi ditu, horien artean Hiru sindikatuaren kontrakoa.

Zigor-espediente horrek irudi harrigarria ekarri du: sindikatu guztiek agerraldi bateratua egin zuten joan den otsailean. Beraien esanetan, tribunala ez da independentea eta sindikalgintza zigortzea du helburu; estrategia horren barruan sartu zuten, baita ere, Jaietan Jai kanpainagatik –merkatal gune handiek jai egunetan ez irekitzeko ekimena– organo horrek hasitako ikerketa. Hierarkikoki administrazio publikotik kanpo dagoen arren, tribunaleko kideak Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Industria sailetatik izendatzen dira. Estitxu Ugarteren esanetan, beraiekin izan diren alderdi zenbaitek tribunala aukeratzeko araudi hori aldatu beharra ikusi dute.

Mobilizazioak

Hasieratik mobilizazio eta protesta ekintzak egin dituzte Hiruko kideek beraien egoera salatzeko. Ajuriaenean kontzentratu ziren eta duela aste gutxi sindikatuko hainbat lagunek gose greba egin zuten gizarteko beste elkarte eta sektoreen babesa lortzeko asmoz. Bide horretan, Hiruko ordezkariek kexa formala helarazi diote Arartekoari eta aldundiekin harremanetan jarri dira dagoeneko. “Orokorrean jarrera ona izan dute –dio Ugartek–, Arabako Garraio diputatuak, adibidez, harriduraz hartu du auzia eta konpromisoa azaldu digu txostena irakurri eta beste aldundietako Garraio diputatuekin hitz egiteko”.

Errekurtsoa: gauza zaila

Konpetentziaren Defentsarako Auzitegiak sei hilabeteko epea dauka erabakia hartzeko. Bitartean, Hiru sindikatua zain dago Asetrabirekin zer gertatuko ote den. Bizkaiko garraiolari elkarte horrek bere kontra tribunalak jarritako zigorra errekurritu du Justizia Auzitegi Nagusian eta aurrekari bat izan liteke. Dena den, Ugarteren esanetan, Hiruk ez luke aukerarik izango errekurritzeko, “zigorraren adinako abala erakutsi behar dugulako eta horretarako dirurik ez dugu izango, seguruenera”. Hiruk atxikimenduak biltzen segituko du, baina ez du uste momentuz sindikatuekin mobilizazio bateraturik egingo denik.

Sindikatua itxiz gero bertako garraiolari autonomoen etorkizunaz galdetuta, Estitxu Ugarte seguru dago lan duina defendatuko duen beste “zerbait” sortu beharko dela. Beste sindikatu bat? “Agian”.
Errepidezko garraioa maldan behera
Hiru sindikatuaren afera ez da momentu onean etorri garraiolarientzat. Sektorea zuzenean jasaten ari da egungo krisiaren eragina –merkantzien errepideko garraioa %60 inguru jaitsi da– eta horri aurre egiteko lanean aritu beharrean, indarrak sindikatuaren biziraupena ziurtatzeko xahutzen ari dira Hirun: “Guk ez dugu, beste batzuek bezala, langile mordoa, eta horrelako kontu batek asko eragiten digu”, dio Estitxu Ugarte sindikatuko kideak.

Krisi batetik bestera

Kamioilari autonomoak gehiengoa dira garraioaren sektorean. Egitura atomizatu hori 80ko krisiari aurre egiteko sortu zen, baina orain beste krisi bati aurre egiteko erabat desegoki bihurtzen ari da. Izan ere, garraiolari askok beren kamioia erosteko kreditua ordaintzen ari dira, baina merkantzia gutxiago sortzen denez, txofer asko geldirik daude edo oso merke saldu behar izaten dute garraio zerbitzua. EAEko kamioien herena –3.000 inguru– geldirik dago momentu honetan. Bestalde, Fenadismer-ek, Espainiako Garraio Elkarteen Federazioak, emandako datuen arabera, 2008ko bigarren erdian 537 garraio enpresek ateak itxi zituzten EAEn eta Nafarroan.

Badirudi garraioaren sektorea berregituratze bortitz baten atarian dela. Azkeneko urteetan errepidezko garraioaren eskaria izugarri handitu da, baina krisiarekin batera maldan behera doa orain. Elkarte eta sindikatuak enpresentzako finantzazio bideak bilatzen ari dira egoerari aurre egiteko, eta administrazioei neurriak eskatu dizkiete autonomoei laguntzeko.