argia.eus
INPRIMATU
Gure paisaiari jarriak
Alaitz Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
AlaitzSarasola
Nagore Legarreta
I

Nahiz ta birjintasuna
ez den herentzia,
bazterrek galdu dute
beren esentzia.
Begi-bistan somatzen
da dekadentzia
bakarrik, elkartuta…
ze atrebentzia:
gaur adosatzea da
azken tendentzia.
 
II

Han da hemen aurkezten
den ikuspegian,
etxeak errenkadan
daude aspaldian
lur sail minimalista
batekin agian…
lehen erramu adarra
teilatu hegian,
orain olibondoa
etxe atarian.
 
III

Hesian gora untza
mito bihurtu da:
plastikozko ixipuz
horra itxitura,
hamar metro koadroko
jardinaren muga.
Gaurko errazkeriak
halaxe nahi du ba:
zaintzen lanik ematen
ez duen itxura.
 
IV

Nahiz ta basoan erruz
izan Insignisa.
Berdetzeko balkoien
izaera grisa,
modako pinutxoak
askoren peskisa:
ihartu ta horitzen
zaizkienak aisa
hoiek ere ez baitira
hazten beren gisa…
 
V

Lar ta oterik gabe
malkar edo pistak,
natural zaindutako
mendi zein herrixkak;
beharrak erakutsi
dielako pixkat
paisaiaren maitale,
egizko artistak
baserritarrak dira (ziren?)
gure paisajistak.
 
VI

Hasi beharko gara
natural probatzen
galdu xamar daukagun
zentzua sobratzen.
Hankaperatutako
paisaia goratzen,
sasiak hartu digun
gustua loratzen;
gure filosofia
pixkat Jakobatzen...
 
Doinua: Agur sagar beltzeran.