argia.eus
INPRIMATU
Guinness for strength
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 02a
Dublin (Irlanda), 1759. Arthur Guinnessek erabiltzen ez zen fabrika zahar bat alokatu zuen Saint James’s Gate-n, urteko 45 librako errentaren truke. Toki gutxi zuen, eta ekipamendu egokirik ez zeukan. Baina Arthurrek bazekien garagardoa egiten. Aita lantegi bateko administratzailea zen; besteak beste, langileentzako garagardoa berak egin behar zuen, eta hala ikasi zuen semeak ofizioa.
 
Hasieran ale motako garagardoa baino ez zuen egiten, ohiko garagardo horia, alegia. Baina 1770ean ekoizpena dibertsifikatzea erabaki zuen, eta garagardo ilunagoa, apar askokoa, zapore berezikoa egiten hasi zen. Produktu berriaren arrakastak egilea bera harritu zuen. Mendea amaitu baino lehen, gainerako garagardoak baztertu eta edabe iluna egitera bideratu zituen ahalegin guztiak.
 
XIX. mendean, enpresa Arthur Guinness II.aren eskuetan zela, ekoizpena eta esportazioa izugarri hazi ziren. Europako garagardo ezagunenetakoa bilakatu zen, besteak beste legenda bati esker: 1815ean Waterlooko guduan, zauritutako ofizial bat Guinness edateagatik atera omen zen onik.
 
1830ean Saint James’ Gateko fabrika Irlandako garagardo-fabrikarik handiena zen, eta 50 urte geroago, munduko handiena. 1886an Londresko Burtsan hasi zen kotizatzen. Fabrikak 24 hektarea hartzen zituen ordurako; 1759an alokatu zutenean bi baino ez zituen.
 
1890eko hamarkadan Robert Louis Stevensonek Guinness erreserba nahikoa eraman zuen Mendebaldeko Samoara egindako espediziora eta, hari ere, garagardo bereziak gripea sendatzen lagundu omen zion. Ernest Shackleton ere guinness zale amorratua zen, eta hark Antarktidaraino eraman zuen edabea. Guinnessak mundu konkistatu zuen.
 
Etxe barruan, berriz, XX. mendearen hasiera nahasia izan zen. Londresko gobernuaren aurkako gatazka amaituta, 1921ean Irlandako Estatu Librea onartu zuten. Guinness estatu berriaren sinbolo nagusietakoa bilakatu zen berehala; bitxia benetan, enpresak ordura arte britainiarren aldeko jarrera garbia erakutsi zuela kontuan hartuz.
 
1955ean, enpresaren orduko zuzendari Hugh Beaver ehizan ari zela, eztabaida bizia piztu zen lagunartean: zer hegazti da hegalari azkarrena? Orduan, halako eztabaidak saihesteko konponbidea bururatu zitzaion: Errekorren Guinness liburua sortu zen.
 
Eta Guinnessek berak, errekorrak biltzeaz gain, hautsi ere egin zituen. XXI. mendean, egunean hamar milioi edalontzi bete Guinness baino gehiago edaten dira munduan.