Ia 30 urterekin hasi zinen euskaltegi honetan. Ordurako bazenekien euskaraz zerbait?
Eskola publikoan ibilitakoa naiz, A ereduan. Astean hiru orduz ikasten genuen euskara, eta ez zen nahikoa. Gero, 16 urterekin, lanean hasi nintzen. Euskaltegian hasi nintzen orain dela hamabi urte, HABEn, baina ez zitzaidan gustatzen nola ematen ziren eskolak, ariketak eta ariketak egitea zen. Ez zegoen beste ekintza motarik. Eta ez nuen lehenengo ikasturtea amaitu, baina ez arrazoi horregatik.
Berriro saiatzen ari zara hala ere. Zergatik euskara ikasi?
Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara. Eta gero, ez dakit, neure burua aberasteko, janzteko. Koadrilako lagunak ikastolara joan dira eta euskaraz egiten dute; askotan egoten naiz haiekin, guztiak euskaraz hitz egiten, eta ni zer? Orain behintzat dakidana erabiltzen dut beraiekin nagoenean, lehen ez nuen ezer ulertzen. Nire bizitzan une inportante bat egon zen alde horretatik: lagun batekin joan nintzen mendira, frantses batekin egin genuen topo eta nire laguna harekin hasi zen ingelesez, baina nik ez nekien, eta pentsatu nuen: “Gaztea naiz, zergatik ez dut ikasi hizkuntza bat?”. Lehenengo, noski, nire herriko hizkuntza da ikasi behar dudana, eta gero besteak, ingelesa edo dena delakoa.
Bitxia da zure lagun taldean euskaraz aritzea denak. Eskualde honetan, ikastolan ibilia izanagatik ere, euskara gutxi erabiltzen da.
Bai baina... Nire lagun batek bereziki, ahal duela, euskaraz baino ez du hitz egiten edozein egoeratan. Primeran iruditzen zait.
Hasierako urratsetan zaude, baina euskalduntze prozesua azkenera arte eramateko determinazioa igartzen dizut...
Bai, bai, bai. Lehenengo ikasturtea amaitu eta gero errepikatu egin genuen batzuek. Nik esan nuen: berriz egingo dut ikasturte guztia, ondo ikasteko. Euskaraz ikasi nahi dut, erabaki tinkoa daukat hartuta.
Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?
Lagunekin bai. Eta erosketak egitean gauza batzuk euskaraz eskatzen ditut. Hara, dendari euskaldun gutxi dago Leioan, zaila da hemen edonon lehenengo hitza euskaraz egitea, nik agurtu beti euskaraz, gero askotan erdarara aldatzen gara, ama hizkuntzara. Gainera lotsatu egiten naiz, iruditzen zait nire euskara beste jendeari txarra irudituko zaiola. Lagunekin ez, haiek zuzendu egiten naute eta gustura, baina ezezagunen artean...
Eta ondo ikasitakoan? Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Badakit inguru erdalduna dela hau, eta pentsatzen dut horretara datorrela zure galdera. Nire etorkizuna euskaldun modura? Uste dut gero eta gehiago egingo dudala, eta gero eta hobeto. Lagunak euskaldunak dira, lankide batzuk ere bai... Uste dut nire bizitzaren zati handi bat euskaraz egin ahal izango dudala.
Euskara helduaroan ikastea zailegia dela diote batzuek...
Ez zait hala iruditzen. Hiztegia erraza da, beste gauza batzuk ez hainbeste.... Nire oztopo handiena aditza da, esaterako. Baina euskara helduaroan ikastea oso zaila dela gezur handia da.