argia.eus
INPRIMATU
Hitzaren itzala erakusketa
Koloreek antiojoak jantzi, eta poesia irakurri zuten
  • Margo biziz jantzi zuten Gernikako kultur etxea otsailaren 25ean. Hitzaren itzalak erakusketa zabaldu zuten egun hartan, eta horrela egongo da, koloretan zabalik, martxoaren 24ra arte. Imanol Larrinaga pintorearen akuarelak ausartu egin dira ariketa zaila egiten: poesiaren itzalak kolorea duela erakusten. Inaugurazioarekin antolatu zuten errezitaldiaren aurretik hitz egin genuen erakusketaren sortzaileekin.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko martxoaren 10
Hitzaren itzalak
Hitzaren itzalakImanol Larrinaga
Markak hautsi ditugula oraingoan ere. Bitoriano Gandiagarenak. Bai bai, Gandiagarenak. Berandu konturatu: Hitzaren itzalak erakusketaren egileak elkarrizketatu, Gernikako kultur etxetik irten eta autorako bidean. Orduan okurritu zaigu, Gandiagak bere liburu batean Hiru gizon bakarka jarri bazituen, guk, batere ahaleginik egin gabe, jarri ditugula lau. Bakarka eta kamera-grabagailuen tribunal aurrean. Zailagoa, gainera, ez baitira edozelako lau gizon. Poetak dira hiru; bestea margolaria: Juan Ramon Makuso, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxoteko dira lumaren esgrimariak. Isipuaren artistak Imanol Larrinaga du grazia. Lauren elkarlana, aipatutako erakusketa. Eta zer erakutsiko eta, poesiaren izerdia koloretakoa dela. Tira, Larrinagak azalduko dizue hobeto: “Nire estiloaren ezaugarri bat izango da, behar dut kolorea. Poema hauek irakurtzerakoan koloreen bila nenbilen momentu guztietan”.

Bilaketa horretatik sortu dira horman eskegitako lanak. Idazle bakoitzaren bost poema hartu eta akuarela bihurtu ditu Larrinagak. Teknikaren zergatiaz itauna egin, eta apustu estetikoa izan dela azaldu du; Makusok, Gorrotxategik, Otxotekok gai “esentzialak” lantzen dituztela ikusirik egindako apustua. Poeta bakoitzak bere arnasa du, estiloa, erritmoa, gaiak, baina zerbaitek batzen ditu. Zer edo zerk batu behar zituen haien poemetatik abiatuta egindako margolanak ere. Eta Larrinagak ikusi zuen garbi “zer” horrek behar zuela izan ura. “Posibilitatea neukan egiteko arkatzez, olioz, collage-az, grabatuz... Ura zergatik? Poema baten antzera diseinatu dezakezulako estruktura bat; baina poema batek ematen dituen irudiak beteta daude ñabarduraz eta iradokizunez, eta hori ere jasotzen du irakurleak; orduan, nik urarekin estruktura margo dezaket, baina gura dut urek eurek, libertatez, joatea ñabardurak egiten, koadroari ere emateko bestelako irakurketa bat”.

Kolorearen sinbologia

Ados: poemak dauzkazu, bere estruktura, ñabardura, eta iradokizunekin; baina liburu barruan, dena da zuri gaineko beltza. Letrak beltzak, orriak zuri. Nola demontre atera du pintoreak horietatik aretoan ikusten ari garen udaberri hau? Imanol Larrinagak dio idazle bakoitza kolore batzuekin lotzen duela. Makuso da beltza eta morea; Gorrotxategi, urdina eta horia; Otxoteko, arrosa eta berdea. Eta kolore bakoitzak badu, margolanetan, bere sinbologia. Beltza hiria da Larrinagaren paletan, morea gizakia; urdina Greziako itsasoa, horia mitologia, jainkoen kolorea; arrosa da goizalba; eta maitasunaren paisaia, berdea.
Baina lehengai horiekin ere, oso zabalak dira aukerak. Larrinagari esan diozu koadro gehienak iruditu zaizkizula abstraktuak, baina jo duela figuraziora ere. Nabarmen ageri dela bale bat, urdina, Aritz Gorrotxategiren poema baten ondoan; nabarmen ageri den bezala Pello Otxotekoren poema baten aiekan kikara bete kafe. Baina pintoreak erantzun dizu horrelako lan batean ez duela desberdintzen bata (figurazioa) eta bestea (abstrakzioa). Eta zergatik; hori ere azaldu dizu: “Pentsatzen dut, eta pintoreok nahiko barneratuta daukagula uste dut, errealitatea geuk egiten dugula gauzak ikustean. Errealitatean dauden formak, teorian, infinituak dira. Batzuk figuratibo moduan hartzen ditugu, beste batzuk abstraktu moduan. Baina niretzat, orban bat jirafa bat bezain figuratiboa izan daiteke. Zer gertatzen da? Jirafak ikusten ohituta gaudela, orbana ez; orduan, hori sorpresa modura hartzen dugu”.

Konforme?

Proiektuaren beste aldearen iritzia jakiteko ordua da, poetena. Zer sentitu dute koadroak ikustean? Jakin al dute, irudia ikusi eta berehala, zein akuarelatan zegoen bakoitzaren poema? Azken finean: konforme al daude Imanol Larrinagak beraien testuetatik abiatuta egin duen lanarekin? Ez zaie asko kosta erantzutea: bai. Ez da elkarrekin topo egin duten lehen aldia, eta bistan da, ez zuten errepikatuko aurrekoetan ere gustura geratu izan ez balira. Larrinagak egin zituen Juan Ramon Makusoren Hiri gorazarre (Elea, 2006) liburuko margoak; baita Aritz Gorrotxategiren Zaldi hustuak (Erein, 2007) eta Pello Otxotekoren Goizalbaren argitaneko (Erein, 2007) azaletako irudiak ere –Otxotekok anekdota: bere liburuko azalean gaizki eskegi zuten koadroa nonbait, horizontalean, bertikalean beharko lukeena–.

Juan Ramon Makusok sentsazio berria izan du lana bukatuta aretoan ikusi duenean. Bozetoak baino ez zituen ikusi orain arte, eta akuarelak amaituta ikustea, ondoan poema bakoitzarekin... Uste du orain koadroak hitzei itsatsita geratu direla, hitzen benetako itzala direla ekimen honi esker. “Harrigarria da Imanolek nola plasmatzen dituen hitzak” esan du, eta atzetik esplikatu du pintoreak beraiekin lana nola egin duen, zergatik den diferentea koadroak lehen aldiz ikustea, ala sortze prozesutik ezagutzea: “Nik margoak egin dituenean entzun ditut bere azalpenak ere, eta ez ditut ikusten begi arruntekin”.

“Telonero” sentitzen da Aritz Gorrotxategi erakusketan. “Hemen batez ere Imanolen lana dago: oso polita izan da berak gure poemak margo bihurtzeko tentazio hori aurrera eraman izana. Bozetoak erakutsi zizkigun, eta oso gustuko izan genituen”. Dena dela, Gorrotxategiren Zaldi hustuak liburuak berezkoa du arte plastikoekin harremana: Eduardo Chillidak materialetaz egindako gogoeta batzuk erabili zituen, besteak beste, liburuko zaldiak, egurrez, lurrez, euriz, eraikitzeko. “Ez dakit pinturarekin baino zor handiagoa ez ote daukan eskulturarekin, baina beharbada Imanoli baliagarria izango zitzaion”.

Hiru idazleei kontzeptuetara jotzeko grina nabari zaiela nabarmendu du Otxotekok; beharbada, hori dela elkar lotzen dituen haria. Eta ezaugarri horrek ere eragingo zuela, ziurrenik, margolanetan. Kontzeptu horiek maiz konplexuak izaten baitira, eta halakoak dira aretoko lan asko ere: kolore ugari, ustekabeko formak, oraindik hedatzen, hazten ari direla diruditen pintura bizidunak. Otxotekoren poemek maitasunaz hitz egiten dute, eta uste du xamurtasuna transmititzen dutela Larrinagak erabili dituen koloreek. “Sekulako inpaktua izan da koadroak ikustea: edertasuna agerian jarri du Imanolek”.

Itzalaren hitzak

Elkarrizketatuak estuasunetan jarri nahi bukatzeko, eta erronka mahai gaineratu diegu: poesia margolan nola bihurtzen den ikusi dugu erakusketa honetan, hitzak itzala baduela, alegia. Baina pintorea bezain ausartak al dira poetak? Asmatuko lukete Imanol Larrinagaren koadroetatik abiatuta poesia idazten, demagun Itzalaren hitzak izena eramango lukeen erakusketa bat antolatzeko? Estuasunetan jarri nahi, eta ezin. Lau hauek edozertarako prest daude, bakar batek ez du ezetz erantzun.

Imanol Larrinagari aipatu diogu ez dugula askotan ikusten horrelakorik: idazleak eta pintoreak, bakoitza beraien koadrilarekin ibiltzen dela, gutxitan sortzen direla horrelako ekimen transbertsalak –behinola modan egon zen hitza erabiltzearren–. “Ez dut uste hau gauza berria denik; agian ez da proiektu itxi modura presentatu, baina artearen historian askotan elkartu izan dira pintura eta poesia”.

Agian arrazoi du pintoreak: ez da gauza berria poesia eta margoa uztartzea. Askok egin dute hori lehenago. Bai, egia. Sarreran aipatu dugun Hiru gizon bakarka, kasurako, Jorge Oteizaren irudi batek lagunduta argitaratu zen. Ez da berria. Diziplina bakoitza bakarka ere askok egin izan dute lehenago. Mila koadro, mila poema. Berria dena, beti izango dena, ondo egindako lana da. Eta lau gizon hauek, elkarrekin ala bakarka, ondo egiten dute lan. Hori eskertuko du erakusketa ikustera hurbiltzen denak, lagunekin badoa ala bakarka, hitzaren itzalpera etzatera.