argia.eus
INPRIMATU
Zerri kapitalistak
Aitor Zabaleta 2013ko maiatzaren 02a
Aitor Zabaleta
Egoitz Lasa
Asteburua kanpoan pasako du Mikelek. Eskiatzeko arropa eta mendiko bota berriak janzteko irrikitan dago. Elurretan estreinatu nahi du North Face anoraka, merkatuan dagoen onenetakoa, “garestia baina primerakoa” esan dio lankide bati.
 
Jakan eta Ezkarain etxea daukate familiakoek, baina Cauteret-era joango da, Frantziako Pirinioetara. Banketxean dirua atera, 500 euro “badaezpada ere”, Mercedes furgonetan dena prest laga eta Winston pakete bat erostera joan da tabernara. Ebaki bat eskatu eta hizketaldi laburra izan du lagun batekin.
 
Errepide berriei esker orain Pirinioetara zein erraz heltzen den azaldu dio Mikelek. Udako planik ba ote duen galdetuta, Mikelek baietz, Perun trekking bat egitekotan direla. Agurtzerakoan, datorren larunbateko manifestaziora joango ote den galdetu dio lagunak, Abiadura Handiko Trenaren kontrakoa.
 
“Falta gabe”, erantzun dio Mikelek. “Egurra kapitalista zerri apurtzaileei”.
 
“Ondo pasa asteburua...”.
 
* * *
 
Sahid kontenedore batean bizi da, kamioiek eramaten duten horietako batean, Bilboko Zorrotzaurre auzoan, hondakin industrialez inguratuta.
 
Almeriako berotegietan bi urte eman ondoren, sei hilabete daramatza Euskal Herrian. Paperik eta lanik gabe, baztertuen artean azkena da. Poltsa batean sartzen da daukan guztia. Ezer eduki ez, eta beti beldurrez, beti ihesi.
 
Arratsaldetan ardorik merkeena erosten dute, kandela txiki bat piztu, jateko zer edo zer prestatu eta loak hartu arte berriketan egoten dira kontenedoreko hiru marokoarrak.
 
“Krisia? Gustura hartuko nik europarren krisia!”.
 
“Gu ere kapitalistak izango bagina...”.
 
* * *
 
Aitona Joseren argazki batek ikaratu egin du Amaia.
 
1931koa da. Sei-zazpi urteko mutil koskorrak ageri dira eskolaren atarian.
 
Neguan ateratakoa da, hotza barruraino sentitu du bat-batean Amaiak.
 
Aurpegi zurbilak, erdi apurtutako arropak eta begirada tristeak. Sasoi ilunen zuri-beltzezko erretratu gordina.
 
“Argazki honetaz ezer jakingo ez banu, hor zaudetenak zarpail kuadrila bat zaretela esango nuke, pobre gizajoak”.
 
Amaiari zaila egiten zaio aitona eta herriko beste ezagun batzuk erretratuan ikustea. Lekuz eta denboraz kanpokoa, irreala.
 
“Hura bai krisia, e aitxitxa?”. “Orduan beti bizi ginen krisian. Orduan gu ez ginen kapitalistak. Ez zuek bezala...”