argia.eus
INPRIMATU
Unibertsoan inoiz neurtu den leherketarik bortitzena
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko martxoaren 03a
Unibertsoa
AEBetako Fermi teleskopioak fotoi batzuk detektatu berri ditu, inoiz antzemandako potentzia handieneko gamma-izpietatik eratorritakoak izan daitezkeenak.

Supernovak izarren leherketen ondorioz sortzen diren objektu distiratsuak dira, eta astronomoek eta bestelako zientzialariek aspaldidanik aztertzen dituzte. Oraingo leherketa honek, berriz, 8.000 supernova arruntek sortutako energia gainditu du, eta ia argiaren abiaduran jaulki du materia. Argiaren abiaduraren %99,9999an, zehatzago esateko. Leherketa 12.200 milioi argi-urtera gertatu da, edo hobeto esanda gertatu zen, Carène konstelazioan, eta GRB 080916C kodeaz izendatu dute.

Science aldizkarian argitara emandako artikuluan esaten dutenez, gamma-izpi guztiak ez ziren une berean heldu. Horren arrazoia izan daiteke leherketa ez zela une berean gertatu eremu osoan, baina hori frogatzeke dago.

Izar leherketak oso garrantzitsuak dira ikerlarientzat, batez ere askatzen diren partikula mota batzuk ezezagunak izan daitezkeelako.