argia.eus
INPRIMATU
Pintzekin jarriak
Xabier Paya @xabipaya 2013ko maiatzaren 02a
Xabier Paya
Iñigo Azkona
I

Etxekoandre bik, goizean goiz,
patio heze batean,
arropa zintzilikatzen zuten
berba egin bitartean:
 
II

*PSE: Egunon, zer moduz, Estibaliz?
*EAJ: Kaixo, Paloma, egunon…
PSE: Lixibarako aro ederra…
EAJ: Ez dakit eutsiko dion…
 
III

PSE: Gaur ohi baino lehenago azaldu
zara salako leihora…
EAJ: Maria Teresa gabe aspertzen
naizelako izango da.
 
IV

PSE: Irratian eta telebistan
inkestak dira albiste,
dirudienez sozialistek
aukera handiak dituzte...
 
V

EAJ: Inkestek zuen alaba bien
bikiniak dirudite:
zerbait ikusten utzi, bai, baina
onena gordetzen dute.
 
VI

PSE: Zure ustez, hortaz, Ibarretxe
izango da lehendakari?
EAJ: Haren kulota beste guztiei
gelditzen zaie hain handi!
 
VII

PSE: Baina bizikleta maldan behera
doakio aspaldian…
EAJ: Guztia erraz egin duela
esan nahi duzu agian?
 
VIII

PSE: Ez ba! Juanjoren beherakadari,
nahiz alde izan ETB,
ez dio eutsiko ezta zuen
amaren sostenak ere!
 
IX

EAJ: Inaxik izan arren hamaika
sosten eta sosten-ondo,
zuen senarrak baino txaketa
gehiago ez du izango.
 
X

PSE: Miguel Fernando biajantea da,
bihar han eta gaur hemen…
EAJ: Klaro, eta klima ez da bera
Gasteizen eta Madrilen…
 
XI

PSE: Begira, amerikana hauxe,
Nafarroan erosia…
EAJ: Ez al du mahuka zabala eta
lepoa itxi-itxia?
 
XII

PSE: Beste hau, berriz, katalana da,
begizta eta xingola…
EAJ: Baina seguru denen artean
kaikua falta zaiola…
 
XIII

PSE: Ez ba, iaz santa eskerako
merke bat erosi nion…
EAJ: Egia da, jantzi bezain laster
hazkura ematen zion…
 
XIV

PSE: Zure senarrak, ordea, ez du
sufrituko hazkurarik,
hogeita hamar urte daramatza
beti abanderaturik!
 
XV

EAJ: Probatu gabe boxerrak, tangak
edota galtz “sentziloak”
gure Josebak nahiago ditu
betiko galtzontziloak.
 
XVI

PSE: Ohiturak mantentzea ona da,
baina beti ez da berdin,
gauza denak ez dira konpontzen
leungarri pixkatekin.
 
XVII

EAJ: Beno ba, gero arte, Paloma,
batu arte iluntzean.
PSE: Sokan jarritakoak haizeak
urrun eraman ezean.
 
XVIII

Eta oraindik zintzilik dago
sokan arropa guztia
patio honetara ez baita
sarri sartzen eguzkia.
 
XIX

Gauza bakarra argitu zuten,
(nahiz gaur argi den liderra)
sokari eusteko bi behar dira:
eskuma eta ezkerra.
 
*EAJ (Estibaliz Aurrekoetxea Jauregi)
*PSE (Paloma Sarriegi Espi)
 
Doinua: Axuri beltza ona duk baina.