"Idazle naiz idazten dudan unean"

  • Amikuztarra da Mixel Thikoipe, Amenduzen (Nafarroa Beherea) sortua 1948an; Domintxinen bizi da. Hotz bero eta Gorrail Azeria (Maiatz) liburuen egilea da. Lehenean 18 narrazio bildu ditu, bigarrenean Le Roman de Renard-en istorioak itzuli ditu. Musikaria ere bada. Xorrotxak taldea sustatu zuen behiala eta Pil Pil-ean ari da egun. Bere eleen doinuei esker, joan badoan baina oraino gurekin dugun mundua irudikatu dugu.
Mixel Thikoipe
Mixel ThikoipeGaizka Iroz
Domintxine herria Amikuzen dago, Zuberoarekiko muga-mugan eta Biarnoko mugatik bi kilometrora. 550 bizilagun inguru bizi dira bertan, Mixel Thikoipe horien artean: “Ni Amenduzen sortu nintzen, eskualde berean, Donapaleu ondoan; laborari etxe batean. Zazpi haurride ginen, lau anaia eta hiru arreba. Anaia gehiena apez joan zen, eta bigarrena emaztekia izanik, nihaurek hirugarrenak etxeko segida hartu behar nuen...”.

Mixelek hamar urte zituela amak ezbehar bat ukan zuen eta Donapaleuko frantziskotarren etxean egon zen hiru urtez, barnategian: “Etxetik bost kilometrotara nintzen –pentsionean erraten dugu guk–, baina oporretan baina ez nintzen sartzen etxera. Ez dut oroitzapen txarrik alabaina”.

Hamairu urterekin Hazparnera joan zen laborantza eskolara. Ez zuen eskolan segitu nahi eta etxera itzuli zen berriz. 1968an armadara joan zen eta handik itzultzean, etxeko laborantzan ari zela laborantzako aprendizaia egin zuen. Lur Berri kooperatiban hasi zen lanean gero: “Donapaleuko hamar kilometroko erradioan bizi izan naiz bizi guzia; inguru honetan pasa dut bizitza. Hogei urte nituen, laborari nintzen, baina langile edo estudiante munduarekin ez nuen harremanik. Nik ez nuen 1968ko maiatza delakoa bizi izan. Uztailean armadan sartu eta mobilizatuak izan ginenean ohartu nintzen maiatz ospetsu hartaz...”.


Nolako haurtzaroa duzu gogoan Mixel?


Haurtzarotik oroitzapen onak ditut. Herriko eskolan bost urterekin hasi nintzen, erdaraz hitz bat ere jakin gabe. Frantsesez ikasi nuen franko ongi, eta maite dut. Arestian erran bezala, etxetik jalgitzea gogorra da, baina jakin izan dut nire burua egokitzen bizi nintzen lekura. Haurtzaroko nostalgia gisako hori badut.

“Haurtzaroko eta munduko istorioak Amikuzera ekarri ditu Mixel Thikoipek” irakurri dugu hor nonbait.


Badira istorioak haurtzaroan inspiratuak, Eskolarateko bidean izenekoarekin hasten da Hotz bero liburua. Istorioak nonbaiteko gertariak dira, anitzak dira. Konparazione, Hezurrak istorioa kazeta batean irakurri nuen; Alsazian gertatua duela bost bat urte. Hezur batzuk aurkitu zituzten eta soldadu batenak zirela ohartu ziren gero. Inspirazioa horrela ere hartzen dut, istorioak ez dira guztiak historikoak, egungo asko ere badira.


Zerendako idazten duzu?


Zerbait errateko dudalako, bistan da. Alabaina ez dut beti lotura egiten haurtzaroarekin. “Kasu eman nostalgiari” erraten didate lagunek. Nihaurek naturalki heldu zaidana izkiriatzen dut. Ene euskara erabili dut. Ene euskalkiaz idatzia zelako beldur gutxiago ukan dut irakurria izateko. Maite dut idaztea, baina ez naiz baitezpada, kontalaria, bizitzako momentu batzuk larriki hartzen ditut eta birsortzea maite dut. Gero irakurle bakoitzak zer hartzen duen... ez dakit. Anitz irakurtzen dut, ez hainbeste idatzi. Maleruski frantsesez irakurtzen dut gehiena, hori da ene damua. Nihaurek ez dut bidaiarik abantzu egin bizitzan, baina literaturaren bidez, konparazione, Errusiaraino joaten naiz hango autoreekin.

Nola gauzatu duzu Hotz bero liburua?


Puskaka idatzi dut, zatiñoz zatiño. Hobeki erranik aspaldi idatzitako zati asko dira. Denbora pasako zerbait bezala hasi nintzen, asmo konkreturik gabe. Egia erran ez nuen pentsatzen ene burua liburu honen bidez agertzea –ez Gorrail Azeriarekin ere–. Istorio batzuk errealitateari lotuak dira baina ez ditut gertatu bezala kontatu, bistan da. Ni ez naiz idazle, ez dut nire burua horrela ikusten. Kazetaria enetzat idazlea da. Artikulu baten egiteko jakin behar duzu ondo idazten, eta hori enetako izugarria da, nik ezin dut hori aise egin. Ideiak baditut, baina nola idatziko dudan deliberatzea ez da aise. Kantuetan berdin gertatzen zait, kantua jin behar zait. Nehork erraten badit “egizu kantu bat”, nekez ariko naiz. Ideia heldu bazait, orduan bai. Hartakoz erraten dut ez naizela ez idazle ez kantari, zentzu “profesional”-ean. Niretzat idazlea Itxaro Borda da, adibidez. Ni idazle naiz idazten dudan momentuan.


Hotza eta beroa, gaua eta eguna, irria eta negarra, iragana eta oraina... Bitasun bat ageri duzu liburuan. Ekialdeko filosofia heldu zait gogora.


Tao delakoaz ari zara, ezta? Yin eta Yang-a. Hotza eta beroa. Ez nekien zer titulurik eman. Luzien Etxezarretak galdeturik, bazela dualitate gisako bat pentsatu nuen, hotz eta bero, tristura eta poza...


Protagonisten artean baserriko morroi edo mutila ageri da, esaterako.


Etxean guk ere mutilak ezagutu ditugu. Mutil horren gisakoak ezagutu ditut. Istorio hori idatzi nuelarik gizon hori ezagutu nuen, 1983an. Klinikan zen. Hark kontatu zidan nola urtetan mutil aritu ondoren erretreta-etxean nahi zutela sartu, ez zelako gehiago lanik. Handik egun batzuetara jakin nuen bere buruaz beste egin zuela. Horrek markatu ninduen. Hori da izkiriatu nuen lehen istorioa, puska bat idatzi nuen, gero gehiago landu nuen eta istorioak bere bilakaera hartu du.

Xori-buru izenekoa oso errotua da zure munduan.


Alta Le Monde kazetan irakurri nuen artikulu ttipi batean inspiratu nintzen, Brasilen haur bat oihanera joan zen, ez zelako gauza bere herrian atxikitzeko. Bere burua zaldi batentzat hartzen zuen. Ideia hortik heldu zitzaidan gogora. Baina egia da, gure haurtzaroan baziren bereiz ibiltzen ziren haurrak eta lotura egin dut. Beharbada nihaur ere holakoa izan nintzen. Konparazione, Hazparneko eskolan, herri ttipietatik aterata ginenok nardatzen gintuzten hirikoek eta bakarren batzuk zokoratu edo bereiziago ibiltzen ginen.


Gorrail Azeria
berriz nolatan itzuli duzu?


Haurtzaroan irakurri dudan lehen liburuetarik bat da hori. Ez Donapaleuko pentsionean edo barnategian, irakurtzeko gogoa Herriko Eskolan hartu nuen. Aberats familiakoa zen errienta, eskuin muturreko euskalduna . Bere alaba eskola berean zen eta haren adinekoak hurbil hartzen gintuen. Urte guziz, Eguberrietan bereziki Le Roman de Renard liburuko istorioak irakurrarazten zizkigun eta hartaz galdatzen. Duela bospasei urte liburu bera eskuratu nuen, istorioak gogora heldu zitzaizkidan eta pentsatu nuen ez zirela itzuliak izan. Gero jakin dut itzulia dela, donostiar batek istorio batzuk itzuli dituela. Nik eskuan nuen liburuko istorio guziak itzuli ditut, baina diotenez badira beste hamar bat istorio gehiago. Liburua XI. Mendekoa da, Erdi Arokoa. 26 idazle ezberdinek mende osoan idatziak dira. Istorioen bilduma bat da.


Gorrail Azeria
ko istorioetan ageri den mundua eta zuk bizi duzunaren arteko parekotasuna nabarmena da. Animalien mundua ere Hotz beron ageri da.


Aski hurbilak dira bi liburuen munduak, baiki. Animalien mundua, konparazione: azeria abila da, eta jendea zozoa. Bi liburuen lotura Amikuzeko euskaraz idatzi izana da, eta naski, mundu biek oraino ere hein bateko parekotasuna gordetzen dute.


Etxean entzun al duzu mitologiatik bildutako istoriorik?


Gustukoa dut, baina ez dut hainbeste ezagutu. Neguan gaztainak jaten genituelarik istorioak entzuten genituen supazterrean, ez sobera ere. Kontalariak ez ditut ezagutu, mitologiari buruzko are gutxiago. Ttipitan ikasi ditudan istorioak eskolan irakurriz ikasi nituen, familian eta inguruan ez dut hainbeste ezagutu.

Zure istorioetan laborariaren psikologia ageri da ene ustez, jukutria gisako zerbait.


Nolazpait. Lekuak eta pertsona batzuk egokitu ditut, baina psikologian ez dut hainbat pentsatu, ez dut eragin handi hori ukan, neurez ez dut xerkatu bederen. Naturatik hurbil izateak istorioak izkiriatzen lagundu dit, hori bai.

Mundu hori joan badoa, joan dea?


Joana ez dakit, orokorki hartzen baduzu bai. Xeheki so egiten baduzu, egia da oraingoa eta hor ageri dena ez direla mundu bera. Nik eman ditudan istorioak zaharrak dira baina egungoak ere badira. Jendearen harremanetan hainbat joko berak dira. Baserrietan gauza asko aldatuz joan dira, baina aldi berean oraino atxikitzen diren hainbat ohitura kausitzen dituzu. Abila beti aterako da aitzina, zozoa beti hor da gibelean. Holakoak beti dira, ez dira lehenengo neurrian hartu behar, naski. Baserrian eboluzioa dago, mundu hau galtzen ari da nolazpait, euskara galtzen ari da, eta naturarekin bizitzeko eta aritzeko moldea ez da beti berdin bistan da.
Mixel Thikoipe
Gazteen arteko bereizkuntza
“Amikuzen, gazteen artean, badira hemengo mundua eta euskara arras galdua dituztenak eta badira hauei arras lotuak direnak, baina ez dago artekorik. Gure garaian aldiz asko ginen arteko ginenak. Guk ez genuen euskara galdu, ia osoki bizi ginen euskaraz. Konparazione, ni ez naiz idazlea izan, ez naiz ikasia maila horretan. Egun bereizkuntza handia da, badago euskal mundua arras arrotz duena, eta beste batzuk –Ikastolan ikasi eta etxean atxiki dutenak– gu baino aise ikasiagoak direnak. Lagunen arteko harremanik ia ez dago. Orain Internet eta mugikorren bidez egiten dira harremanak. Huts handia da. Auzo berean hori gertatzen da, familia bereko kusien artean geratzen da, bi mundutan bizi dira, batzuk euskaraz eta besteak frantsesez.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute

Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.


2025-04-08 | Euskal Irratiak
Manex Fuchs
“Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke”

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.


2025-04-08 | Enbata
Batera, Birsortze Biltzar Nagusirantz

Apirilaren 4an, ostiralarekin, Ipar Euskal Herriak Lurralde Kolektibitate baterantz bilakaera instituzional bat behar duela egiaztatuz, Batera plataformak herritarren mobilizazio dinamika baten abiatzea aurkeztu du. Hitzordua emana da maiatzaren 10ean, larunbatez, Ezpeletan,... [+]


2025-04-08 | Gedar
Greba mugagabera joko dute asteazkenean Trapagarango MFSko langileek

Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.


“Haiengatik balitz, ez legoke ez Behobiarik, ez Klasikoarik, ez Donosti Cupik, ez Zinemaldiarik”

Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Bada, Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Aita Mari ontziak 108 erreskatatuak gertuagoko portu batera eramatea ez utzi izana deitoratu du

108 pertsona erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Italiako Gobernuak ez die utzi gertuko portu batean lehorreratzen, eta Salernora bideratu dute Aita Mari ontzia. Litekeena da Europako Batasunak migrazio politikaren araudia gogortu aurreko azken misioa izatea. Aita... [+]


Eguneraketa berriak daude