argia.eus
INPRIMATU
Kikarak, goibel
Jose Inazio Basterretxea 2013ko maiatzaren 02a
Jose Inazio Basterretxea
Iñigo Azkona
Xabier Lete hautatu zuen Bilboko Kafe Antzokiak irekiera berrirako. Hura gozamena, entzuleen artean. Poetak oholtza zapaldu aurretik, hilabetea egina zuen Bilboko Kafe Antzokiak ateak itxita, garizuma aurreko penitentzia mikatz gisa, Bilboko udal-agintariek hala aginduta.
 
Libre antzean da orain, berriz ere; baina, itxieraren zauria ez da orbaindu. Gauzak dauden moduan daudela, mugatuak izan ditzake Bilboko Kafe esanguratsuak bai azukrea baita esnea ere.
 
Bezeroen segurtasunaren inguruko eztabaidak piztu du sua Bilboko Kafe Antzokiaren eta Bilboko udal-arduradunen artean. Kontu zahar eta garratza da hori. Iaz ohartarazi zuen Bilboko Udalak Antzokian erruz gainditzen zela baimendutako aforoa.
 
Bilboko gaua ezagutzen duenak badaki, jakin, asteburu batzuetan ez zegoela hara sartzerik: jende oldeak ez baitzuen zirrikiturik uzten. Masifikazio horrek ez zuen aukerarik ematen gauaz gozatzeko.
 
Neurri batzuk hartu zituen orduan Antzokiak, bere interes ekonomikoak eta bezeroen segurtasuna uztartzeko. Ez nahikoak, Bilboko udal-arduradunen ustez. Neguarekin batera etorri baitzen Antzokia zarratzeko agindua. Hilabetez.
 
Harrez geroz, zenbaki-dantza handia dabil segurtasunaren tirabiraren baitan. Laurehun lagunentzako sarrera nahi luke Udalak. Zortziehunekoa ere onar liteke Babes Zibilak indarrean dauzkan irizpide arrunten arabera. Ez du kutxa berdin epeltzen kopuru batak ala besteak.
 
Testuinguru eztabadaidagarri horretan
, Bilbo hiriguneko gaua berrantolatzeko nahia agertu du Udalak. Eta proportzio handiak daude uste izateko ezen Kafe Antzokiaren moduko kultura –eta aisia– zentrorik ez duela atsegin Bilboko Herriko Etxeak hirigunean. Halere, ez du euskaldunentzako espaziorik sortzen Bilboko korporazio horrek.
 
Ez du ematen krisiaren benetako oinarria bezeroen balizko segurtasunik eza denik, edo ez hori bakarrik, ezpada ze Bilboko distritu zentralaren berrantolaketan errotzen ari diren zirin-belarren tamaina.
 
Egia baldin bada Bilboko barruti pinpirin eta dotorean soberan dagoela Kafe Antzokia, bada arazo handi baten aurrean geundeke euskaldunok, gizalegearekin eta demokraziaren usadioarekin ezer gutxi zukeena eta adjektibo izugarri itsusiak eskatuko lizkigukeena.
 
Krisia bideratzeko ahaleginak egin beharko dituzte alderdi biek: Antzokiak eta Bilboko Udalak. Zeren ez baitugu euskaldunek kafe irakin hori merezi. Ezta kikara hautsirik ere.
 
Kafe Antzokia da bere inguruan eta bere babespean antolatzen diren zenbait kultura-ekitaldiren ama-ontzia, oinarri ekonomikoa. Bilboko hirigunean dagoen kultura-proiektu anitz eta autofinantzatutako bakarrenetakoa da Kafe Antzokia. Bilbo Hiri Irratia, Ibaizabal Telebista, euskaltegia, kantu-eskola, kiroldegia, umeentzako tailerrak… Kafe Antzokiaren itzalean babesten dira hein handi batean.
 
Bilboko bihotza da Antzokiaren kale-ingurua: Abando auzunea, Albiako lorategia… Finantza, merkataritza, eta botere-gune garrantzitsua da barruti hori, Bilboren baitan. Eta hor dago kokatuta Antzokia.
 
Eta egia esatera, ez dugu hortik at nahi. Hor baizik. Kafe Antzokiak eskaintzen duen zerbitzua berak baizik ez dezake eskaini hor eta orain. Eta are: Kafe Antzokiaren moduko azpiegitura kultural gehiago behar lituzke Bilbok.
 
Normaltasunez eta naturaltasunez bizi den euskara nahi dugu Bilboko kale esanguratsu eta distiratsuetan. Kikara koloretsuak atsegin ditugu guk ere, euskaldunok.