Dani Blanco
Liluratuta nauka aspaldion iPodak kantuak aukeratzeko duen ausazko segidaren funtzioak. Badakit ez dela deus berria: duela hogeitaka urteko CD erreproduktoreek ere bazuten random izeneko tekla bat, kantuak makinak berak hautatutako hurrenkeran erreproduzitzea ahalmentzen zuena. Makinak gu ezustean harrapatzea zen asmoa. Hura ez nuen sekula ulertu, ordea. Erregosi egiten ninduen makinak kantuak hautatzeko zuen gutizia horrek, artistak ezarritako hurrenkera kanonikoarekiko errespeturik ezak eta nire kontrol faltak: ez nituen ezustekoak laket, eta kantu bat gustuko ez izanez gero, emango nion skip teklari neronek, ze arraio.
Kontua da, gaur egungo iPodetan ausazko segida horixe dela bateria iraunarazteko modurik onena: makinak berak zuk sartu dizkiozun kantuak berak hautatutako ordenean erreproduzi ditzan uztea, zerrendan artista zehatzen bila unero lardaskan aritzeak askoz ere azkarrago ahitzen baitu trastearen hornidura energetikoa. Ausazko segidan erreproduzitzen diren abesti horiek, zoriaren eta probabilitate legeen menpe edo auskalo zein formula matematikoren pean funtzionatzen dutenek, bertute bitxi bat dute: une epifanikoak sortzeko gaitasuna. Ikusi duzue inoiz inor aireportu bateko itxarongelako kristaletik hegazkinei begira negarrez, iPod bateko perfusio hodi zuriek belarrietara morfina musikala tantaz tanta helarazten diotela? Musikaren ahalmen opiazeoa, horratx. Bizi duzun unearen eta patuak belarrietara ekarri dizun kantuaren arteko nahasketak izan ohi du epifaniaren errua.
Hurrenkera ausazkoari naturaz gaindiko gaitasuna atxikitzen diogu batzuetan (ohartu gabe kantu guztiak guk sartu dizkiogula, sugestio hutsa dela dena…), askotan sentitzen dugulako makinak une horretan “behar genuen” kantua –suero musikala– hautatu duela propio guretzat, intuizioz eta sentimenduz hornituriko juke-box inteligente bat balitz bezala hura. Eta zinez, bada horretatik zerbait: makinak eskuarki jakin ohi duelako zenbatetan jauzi eginarazi diogun antipatia diogun kantuari. Horren arabera, geure debilidadeak eta maniak ere kontutan hartzen ditu, bai eta bereziki miresten ditugun kantugileak sarriago erreproduzitu ere, ondorioz. Kubricken 2001, A Space Odyssey filmeko Hal robotaren erabakien menpe egotearen antzeko zerbait. Eta robot honek, sistema binarioaren bitartez sufritzen eta maitatzen ikasi duen makina horrek, gertuago paratzen gaitu mistikaren mundutik, irrati esatari batek baino.
Musika batetik bestera eramateak eta entzulea ere halatsu ibiltzeak, aldagai berri bat eransten dio zori binarioak hautatua izan den kantuari: une horretan gauden lekua. Horrela, euria hasten den unean bertan iPodak guretzat Leonard Cohenen Famous Blue Raincoat hautatzeak, edota Miarritzeko aireportutik etxerako bidea hartzera goazela, mugako kasernatik gertu, Martin Larralde kantua entzuteak, neurriz gain hunkitzen gaitu. Ez dugulako geuk hautatu. Musika entzuteko era berri bat, finean: hurrena zer datorren aiduru jartzen gaituena, jainkoek guretzat hautatu duten ausazko kantu horrekiko adiago, eta baita –iPoda isolamenduarekin lotu zale direnen iritziaren guztiz kontra–, inguru fisikoan txertatzen gaituen guztiarekiko sentikorrago eta harkorrago ere.
Kitzikagarria zait benetan hurrenkera aleatorioaren hautua. Areago: orain hobeto ulertzen dut bingoko bolatxoaren zain (zero, bat), zenbaki baten gose eta egarriz dauden ludopaten abandonua. Batzuetan, zoriak primeran egiten baititu gauzak, bizitza halabeharrak salba diezagukeela uste izateraino.