argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz'76ko langileen sarraskia
Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 16a
Martxoaren 3an, Gasteizko langileen hilketaren 33. urteurrena izan da. Lan eta gizarte arloko aldarrikapenen aldeko greba orokorrean, elizan eguneroko batzarra egiten ari zirela, Espainiako polizia nazionalak basakeriaz esku hartu zuen, egun PPko senatari eta presidente den Manuel Fragak politikoki gidaturik. Herritarren artean sorturiko izuaz gain, bost langile hil ziren, beste zenbait zauritu zituzten eta beste asko atxilotu. Hogeita hamahiru urte geroago, oraindik garbitu gabe daude poliziaren jokaera hiltzailearen ardura penal eta politikoak. Estatu terrorismoaren biktima gisa onartuak izan gabe jarraitzen dute. Arduradun politikoek ez dute sarraski hura gaitzetsi, ezta biktimei barkamenik eskatu ere. Hamarnaka mila abertzale, hala ere, ilegalizatuak izan dira eta beraien bozkatzeko eskubidea bahitua izan da beste biolentzia mota bat ez “gaitzesteagatik”. Biolentziak neurtzeko aurpegi bi dira: Estatuaren biolentzia eta herritarren biolentzia.

1976ko Gasteizko greba orokor hartatik, gainera, beste irakasgairen bat atera beharko litzateke krisi eta esplotazio kapitalistaren garaiotan. Langileek euren duintasuna mantentzea lortu zuten greba orokorrarekin, erabaki guztiak egunero egiten ziren batzarretan hartu zirenari eskerrak, pixkanaka populazio guztira zabaldu zelako greba hura. Langile eta herri batzarrek aukeratu zituzten ordezkari eta bozeramaleak, eta horiek, aldi berean, batzar haietan kontuak eman behar izaten zituzten. Zatiturik egoteaz gain, gaur, sindikalismoa burokratizatu egin da orokorrean, eta beti du tentazioa langile batzarretatik kanpo manipulatu eta jarduteko. Eta halaxe dabil langile mugimendua! Sindikatuek hobe lukete langile batzarren balioa barneratuko balute eta beraien erabakiak errespetatuko balituzte. Beraien ekarpenik hoberena izango litzateke borroka antikapitalistarentzat.