argia.eus
INPRIMATU
Eta bekatua ohean sartu zen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko martxoaren 04a
V. mendetik aurrera eliza kristauak gogor mugatu eta zigortu zituen sexu jarduera
Bartzelona, 1860. Pedro Joseph Echevarria unibertsitateko ikaslea epaitu zuten ezkontzaz kanpoko koitoa zilegi zela esateagatik. Ez zen haragizko bekatuak epaileen aurrera eraman zuen azkena, baina ezta lehena ere. Eliza katolikoak milurteko eta erdi lehenago hasi zuen sexuaren aurkako jazarpen obsesiboa.

K.o. IV. mendean ezarri zuen elizak haragikeriaren inguruko doktrina soila: ezkontzaz kanpoko edozein haragizko harreman bekatua zen eta, beraz, kondenagarria. Horrenbestez, penitentzia liburuetan sexu jardueraren inguruko arauak ezarri ziren. Ezkontza barruan ere sexu harreman “anormalak” debekatu zituzten, hala nola emakumea hilekoarekin zegoen bitartean sexuan jardutea, metodo antisorgailuak erabiltzea, koitoan jarrera “antinaturalak” hartzea edo elkar masturbatzea. Jarraibide “garbiak” muturrera eramanez, egutegi bat ere ezarri zuten: senar-emazteek ez zuten sexu harremanik izango Gabonetan, Garizuman, Mendekostean, Amabirjinari eskainitako jaietan, larunbatetan eta igandeetan.

Arau horiek guztiak errespetatuz gero zaila zen, besteak beste, espeziea ugaltzea. Elizaren barruan bertan baziren bestelako iritziak; gerora saindu izendatu zuten Sevillako Isidorok Etimologiak lanean zuzen eta aske idatzi zuen sexuaren inguruan, jarduna hobetzeko aholku anatomikoak eskaintzeraino. Gainera, izurri, gerra edo gose garaitan gizarteak sexura jo ohi zuen arazoak une batez baztertzeko, Giovanni Boccacciok Decameron lanean islatu zuenez.

Baina elizarenak ez ziren gomendio hutsak. Ezkontzaz kanpoko “perbertsioek” kartzela zigorra zekarten: intzestuak, masturbazioak, bestialismoak, homosexualitateak, afrodisiakoak erabiltzeak eta adulterioak, besteak beste. Harreman lesbikoentzat, adibidez, hiru urteko espetxeratzea ezarri zuten, baina animaliekin sexu harremanak izanez gero, zigorra hamabost urtekoa izango zen.

Baina, nola lor zezakeen elizak delitu pribatu horien guztien berri? Konfesategiak izanda, elizak ez zuen inolako espioitza zerbitzuren beharrik. Aitortzaren sekretupean ustez babestuta, bekatariek lasai botatzen zizkioten apaizari haragi kontuetan egindakoak, hil artean behintzat inork epaituko ez zituen ustean. Eta elizak muzin egin zion sekretuari. Dirudienez, hori ez zen bekatu.