argia.eus
INPRIMATU
Sinpletasunean kontu sakonak
  • Natalia Colombo (Itzulpena: Fernando Rey) ::Hurbil

    Pamiela Kalandraka

    Orrialde kopurua ::36

    prezioa ::12€

Xabier Etxaniz Erle 2011ko urriaren 05
2007ko amaieran hasi ziren Pamiela eta Kalandraka argitaletxeak elkarrekin lanean. Elkarlan horren lehen ekarpena Gerlari handia albuma izan zen: Pello Añorgak idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustraturiko liburu hori Etxepare bekaren emaitza izan zen. Orain aipagai dugun beste lan honek, berriz, Album irudidunentzako Nazioarteko I. Compostela saria jaso zuen 2008an.

Hurbil, lehenago ere aipatu izan dugu, albuma da. Bi kodek, idatzizkoak eta irudizkoak, osatzen dute liburua eta bien arteko harremanaren ondorioz jasotzen dugu mezua. Kontakizunean ez dugu testu asko aurkitzen, esaldi laburrak ditugu irudietako mezua osatzen –“Ahate jauna, egunero bezala, lanera joan da”–, eta liburu guztia ideia baten inguruan eraikita dago. Ahate jauna eta Untxi jauna, egunero gurutzatzen dira kalean eta “ez dute inoiz elkar agurtzen”; beti elkarren ondoan eta beti bestea ikusten baina, hala ere, ez diote ezer esaten elkarri eta penagarria da egoera hori, izan ere, liburuaren amaieran esaten diguten bezala “adiskide minak izan litezke.”

Natalia Colombo argentinarrak elkarri bizkarra emanda bizi diren bi pertsonaren istorioa kontatzen digu –irudietan eskuinean dagoena eskuin aldera begira agertuko zaigu eta ezkerrekoa ezkerraldera– eta horretarako esan baino iradokitzen duten irudiak erabili ditu; kolorearen eta aurpegien trazu sinpleen bidez alaitasuna, bizitasuna, tristura… islatuz. Baina, gainera, irudien eta testuaren erritmoak oso lortuak daude irakurle/ikuslearengan sortu nahi den efektua eragiteko. Aurkezpenaren ondoren noiz, non eta nola gurutzatzen diren ikus dezakegu; Untxi eta Ahate jaunak lanerakoan, etxerakoan, parkean, patxadan doazenean, triste daudenean… gurutzatzen dira baina ez dute inoiz elkar agurtzen, eta irudi hutsezko orri batzuen ondoren esaten zaigu pena dela, adiskideak izan litezkeela –eta ideia hau indartzeko Untxi eta Ahate jaunak ikus ditzakegu elkarrekin hitz egiten, bidaiatzen, laguntzen, jolasten… denbora guztian bata besteari begira–.

Haurrentzako liburuak, onak badira, helduentzat ere aproposak izan behar dira. Jakina, inoiz ez dugu irakurketa bera espero behar haur eta heldu baten kasuan, norberaren esperientzia eta jakintza oso ezberdinak direlako, baina liburu onak bientzako egokiak izan behar dira, irakurketa maila ezberdin horiek asetzeko modukoak. Hurbil honek haurrentzat istorio sinplea eta polita dirudien bezala, inkomunikazioaz eta bizi dugun gizarteaz gogoeta egiteko liburua dugu helduok. Bere sinpletasunean kontu oso sakonak azaltzen dituen liburua.