argia.eus
INPRIMATU
Ote bedeinkatua
Jakoba Errekondo 2009ko otsailaren 18a
Otea
Agirrek karobi-eztei handiak aipatzen ditu Garoan. Juan Mari Beltranek ere aitatzen ditu, txalaparta eta kirikoketaren harira, sagardogintzaren antzera karobiko lana ere amaitutakoan ospatzeko horietakoa izango zen... urteroko lan nagusietako bat.

Sekulako su garrak ezagutuko zituzten karobi labeek. Harria erretzeko adinakoak, alajaina! Horrek arriskua ere berarekin eta badaezpada garaiko sekta nagusiaren bedeinkazioa eskatzen zen karobientzat. Hona sektakide jantzi baten liburuak zer dioen, R.M. Azkueren Euskalerriaren Yakintzak: “Karobietan, zorigaitzik izan eztitean, benedikatu ta gero zotal gainean kurutze bat ezartzen dute”. Gurutze horrek, labeko suak bezala, zenbait tokitan egur jakin batekoa izan behar zuen: Bizkaian Judas-egurrezkoa (zuhandorra, Cornus sanguinea) eta haritzezkoa (Quercus robur), Nafarroan pagozkoa (Fagus sylvatica) eta elorrizkoa (Crataegus sp.). Hala ere, nonahi, ia edozein egurrekin egiten zela ere badio. Karobia berria bazen bedeinkatutako sorta batekin pizten omen zen.

Ote-sortak (Ulex sp.) ziren labe haiek berotzen hasteko erregai nagusia. Otadi latzak garbituko zituzten... Berdetan ere galantak ematen dituenak, ihar-ihar eginda, nolako garrak emango ote zituen?

Egun ikusi ere egin ezin den otadia, orduan ustiatu egiten zuten. Nonbait irakurria dut, ez dut gogoan zein liburutan, otea soroetan ereiten zela. Ez zuten, noski, soroko ote berri gozoa surtarako izango. Makina bat baserrietako ganbara eta karreratan hautsa jaten eta museo etnografikoetan jaten ematen, hor ikusten da otea jotzeko tramankulu ugari. Txiki-txiki ebakitzeko aho zorrotz askoko bolandera duen makina. Otearen urteko puja txikitua ondua, lastoa, arbia... zena zela, nahasi eta ganaduarentzat mokadu goxoa.