Legeak ezkontza hobesten du oraindik

  • Ezkondu, izatezko bikote egin ala urrats legalik eman gabe jarraitu? Bikote askoren buruhaustea da hori. Olga Etxeberria, Maite Arrieta eta Ixabel Bereziartua hiru aukera horien adibide dira: euren bikotekideekin batera, bakoitzak bide bat hautatu zuen, abantailez eta desabantailez beteriko bide bana.
Marisol Palacios
Marisol Palacios abokatuak azaldu digunez, izatezko bikoteek edo ezkondu ez direnek bikote moduan ez dute inolako babes legalik, legearen aurrean ez direlako ofizialki bikote.Dani Blanco
“Hasieran ez genuen ezkontzeko batere asmorik, baina batera bizi ginen eta haur bat izatea erabaki genuen. Haurdunaldiaren seigarren hilabetean ezkondu ginen, baina ez benetan ezkontzan sinesten genuelako, baizik eta praktikoa delako”. Olga Etxeberria 33 urteko gasteiztarraren hitzak dira. Berak eta bere senar Diego Sagastuyk ezkontzea erabaki zuten beste hainbat bikoteren modura; egun, baina, askok izatezko bikote egitea hautatzen dute, edo besterik gabe bikote moduan geratzea. Egoera baten edo bestearen artean legalki alde nabarmena dago.
 
Izatezko bikotea ezkontza loturarik ez dagoen bi pertsonen arteko elkarketa iraunkorra da. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Legean horrela definitzen da lotura hori: “Pertsona askok harreman talde afektibo eta sexual iraunkorrak eratzen dituzte ezkontza kontratu bidez gauzatzera iritsi gabe, araubide horretara lotzerik nahi ez dutelako, edo sexu bereko bikoteak izateagatik ezkontzeko aukerarik ez dutelako”. Dena den, ez da horren erraza legalki zer den zehatz-mehatz azaltzea, ez baitago izatezko bikoteentzat legislazio aplikagarririk, Marisol Palacios abokatuaren esanetan. Gertutik ezagutzen du bikote harremanen mundu legala, abokatua izateaz gain familia bitartekaria ere badelako. “Ez dago legerik zera dioenik: begira, bost urte eman behar ditu bikote batek elkarrekin izatezko bikote direla esateko”.
 
Izatezko bikoteen eskubideak

30 urteko Maite Arrieta arrasatearrak eta bere mutil-lagunak izatezko bikote egitea erabaki zuten. Bost urte daramatzate elkarrekin eta ez dute ez haurrik, ez etxebizitza propiorik; hori bai, elkarrekin bizi dira errentan. Bietako bati zerbait gertatuz gero euren buruak babesteko hautatu zuten bide hori. Ez ezkondu, ez ordura arte bezala jarraitu, erdibideko bidea aukeratu zuten.
 
Bikote harremanak legalki arautzeko Espainiako eta Frantziako kode zibilaren menpe dago Euskal Herria. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAEko Izatezko Bikoteen Legea) eta Nafarroak (Nafarroako Izatezko Bikoteen Legea) izatezko bikoteen egoera arautzeko –eskumena duten gaietan– lege propioak dituzte. Iparraldearen kasuan, Elkartasunaren Itun Zibila dago indarrean.
 
Izatezko bikoteei aitortzen zaizkien eskubideen subjektu izateko, hasteko, izatezko bikoteen erregistroan izena eman behar da. EAEkoa 2003az geroztik dago martxan eta bertan izena emateko baldintzetako bat bikotekideetako bat EAEko udaletako batean erroldatuta egotea da. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak dituen ordezkaritzetan eman daiteke izena, edo bestela, halako erregistroa duten udaletan. Nafarroan ere 2000. urteaz geroztik dago aukera hori. Izena ematearekin batera, zenbait agiri aurkeztu beharko dira, hala nola, administrazio-egoitza EAEn duenaren erroldatze-ziurtagiria eta erregistro zibilak bien egoera zibilari buruz emandako egiaztagiria. Erregistro horietan izena emanda bikoteek –baita sexu berekoak izanda ere– gainontzeko bikote ezkonduen eskubideak izateko parada dute tokiko administrazioko hainbat alorretan: diru-laguntzak, bekak, zerga-salbuespenak, eta abar. Hamabost eguneko oporraldia ere bermatzen zaie. “Izatezko bikote egin izan ez bagina eta gutako bati zerbait gertatu izan balitzaio, bestea ezer gabe geratuko litzateke”, dio Arrietak. Eskubide horiek, baina, ez dira automatikoki eskuratzen: bi urtez egon behar du bikote batek izatezko bikoteen erregistroan izena emanda eskubide guztien onuradun izateko. Gainera, EAEko erregistroan izena ematen bada hemendik kanpo ezin da izatezko bikote eskubiderik jaso.
 
Berdin jarraitzeak sari legal gutxi du

Ixabel Bereziartua lasartearrak 40 urte ditu eta bere mutil-lagunarekin, ez dute premiarik izan izatezko bikote egiteko edo ezkontzeko. Bereziartuak oso argi dauka ezkondu edo izatezko bikote egin ez izanaren arrazoia: “Hasieratik kontziente ginen ez genuela paperik behar elkarrenganako konpromisoa hartzeko, gure bikote ituna, hain justu, konpromisoan sostengatuta baitago”. Bi alaba dituzte, eta hain zuzen, biei gehien kezkatzen diena euren alabak legez babestuak izatea da. Hala ere, alderdi horretatik nahiko lasai daude, “biok lana egiten dugunez ekonomikoki babes ditzakegulako”. Gainera, “gutako bati zerbait gertatuko balitzaigu babes legala nola edo hala bermatzen zaie”. Hori bai, bikote moduan ez dute inolako babes legalik, legearen aurrean ez direlako ofizialki bikote. Egoera horretan, babes neurri moduan alternatiba batzuk ere badaude, adibidez, bizitza aseguru bat egitea.
 
Hiru aukeren artean desberdintasun ugari daude. Alabaina, aldeak are nabarmenagoak dira zenbait auzi epaitzerakoan, batik bat izaera ekonomikokoak: herentziak, konpentsazio pentsioak, etxebizitzaren erabilera banantzerakoan... Baina azter dezagun kasu bakoitza xeheago:
 
Dibortzioa edo banantzea

Ezkondutako bikote batek dibortziatu egin nahi badu, emakumeak konpentsazio pentsioa jasotzeko eskubidea du –orain arte, oro har, emakumezkoa izan da jaso duena–, dibortzioak eragin dion desoreka ekonomikoagatik. Hortaz, senarrak konpentsazio pentsioa pasa beharko dio emazte ohiari. Dibortziatutako bikoteak haurrak balitu, amak egingo luke kasurik gehienetan haurraren zaintza –berak du lehentasuna– eta aitak elikagai pentsioa bermatu beharko lioke haurrari. Gainera, etxebizitza mailegua baldin balute, senarrak mailegu horren erdia ordaindu beharko luke. “Arrazoi horiek medio, dibortzioak eta banantzeak oso gatazkatsuak izaten ari dira etxebizitzari dagokionez”, azaldu du Palacios abokatuak.
 
Izatezko bikotearen kasuan, batak ez du bestearekiko betebeharrik. Hori horrela izanik ere, haurrak tartean daudenean gauzak aldatu egiten dira. Izatezko bikoteek haurrak adoptatzeko eskubidea dute. Seme-alabarik ez duen bikote batek banantzea erabakitzen badu, eurak adostuko dute nor joango den eta nor geratuko den etxearekin. Bereizketa ofizial egiteko prozedura ezkonduekin alderatuta sinpleagoa eta azkarragoa da: erregistroan abisatu besterik ez da egin behar. Aldiz, bikote batek seme-alabak baditu, banantzea konplexuagoa da; haurraren zaintza nork izango duen erabaki beharko da, beste aldeak bisita erregimen bat izan beharko du, haurraren elikadura pentsioa ordaindu behar da… Dena den, gerta daiteke banantzea aurrera eramateko bikoteak itun arautzaile bat adostea. Aldiz, euren arteko adostasunik ez badago, bikotekide batek epaitegian salaketa jar dezake haurrari dagozkion neurriak eskatzeko.
 
Etxebizitzari dagokionez, izatezko bikoteak erositako etxebizitzaren erabilera haurrari dagokio legalki eta, hortaz, bere zaintza duena geratuko da etxebizitzarekin seme-alabak independentzia ekonomikoa izan artean. Laburtuz, haurrak dituzten izatezko bikoteek ardurak eta eskubideak haurrarekiko dituzte, ez batak bestearekiko.
 
Herentzia eta alarguntza pentsioa

Izatezko bikoteek ez dute herentzia eskubiderik; haurrak izanez gero, eurentzat izango litzateke hildakoaren herentzia. Hori bai, zendutakoak herentziaren zati bat bikotekideari utziko balio, honek jasotzeko eskubidea izango luke. Halere, nahitaezko oinordekoak izango lituzke: hildakoaren gurasoak edo anai-arrebak. Alarguntza pentsiorik jasotzeko eskubidea ere ez dute izatezko bikoteek; hortaz, “bikotea 40 urtez elkarrekin bizi daiteke eta bikotekide bat hiltzean alarguntza pentsiorik ez jaso, ez bailuke ezkontide eskubiderik izango”, azpimarratu du abokatu gasteiztarrak.
 
Ezkondutako bikoteen kasuan egoera oso bestelakoa da. Bikotekide batek herentziaren bat jasotzen badu, berea da soilik, baina hori aldatu egingo litzateke bikotekideak akzioak izan eta horiek etekin ekonomikoa emango balute (errentak, interesak...). Kasu horretan, diru hori irabazizkoa denez ezkondutako bi aldeei dagokie. Dibortziatuta egonez gero, herentzia ez litzateke irabazizko ondarean sartuko.
 
Ezkonduta bikotekidea hilko balitz, alarguntza pentsioa eta herentzia jasotzeko eskubidea luke hildakoaren bikoteak. Zendutakoak herentziarik egin ezean ezkontideak zilegi dena jasoko luke: herentziaren herena.
 
Erretiro pentsioa

Ezkondutakoen kasuan, kide batek bestea bere kargura baldin badu, kobratzeko gutxienekoa areagotu dezake. Izatezko bikoteetan ez da horrelakorik gertatzen.
 
Zergak

Ezkontzetan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena kide bakoitzak bere aldetik edo biek batera egin dezakete. Horrelako aukerarik ez zaie bermatzen izatezko bikoteei: kide bakoitzak bere aldetik egin beharko du beti. Zerga jakinen batean beherapena erdiesteko unean ere, izatezko bikotea ez du legeak aintzat hartzen. Nolanahi, izatezko bikoteek eta ezkonduek murrizketa berberak izaten dituzte beren kargura dauzkaten seme-alabengatik; horrelakoetan, bikoteko kide bakoitzak independenteki aplikatu beharko dio kenketaren erdia bere aitorpenari.
 
Osasun asistentzia

Espainiako Gizarte Segurantzaren Idazkaritza Nagusiak 1984an eman zuen ebazpenaren arabera, ezkontide izan gabe ere eskubidearen titularrarekin bizi den pertsonari eta honen seme-alabei osasun asistentzia bermatzen zaie, baldin eta legez onuradun izan aurreko urte osoan gutxienez eta etenik gabe haren kontura bizi izan direla frogatzen badute. Neurri horrek zehazki Nafarroari eragiten dio; EAEren kasuan, izatezko bikoteek osasun zerbitzuetan ezkontideei eta senitartekoei aitorturiko eskubide berak dituzte.
 
Garaiak aldatuz doaz eta baita gizarte ohiturak ere. Horren erakusle argiena ziurrenik familia eredua bera da. Beraz, alor hori arautzeko XIX. mendeko kode zibila erabiltzea guztiz anakronikoa da. Halere, ez dirudi aldaketak berehala etorriko direnik; gisa horretako lege bat aldatzeko hasteko presio sozial handia egin behar da eta ondoren, politikoen adostasuna lortu. Azken horrek planteatzen ditu arazo gehien.
 
Atzerrian, bestelakoa da izatezko eta ezkondutako bikoteen egoera. Kataluniak, adibidez, bikoteen harremanen gaineko eskumena du. Beraiek gai hauek familia zuzenbidearen kodearen bitartez arautzen dituzte, ez kode zibilaren bidez. Gainera, kode hori aldatzeko eta zaintza partekatua arau moduan txertatzeko asmoa dute. Neurria dagoeneko indarrean dago Frantzian eta, horri esker, etxebizitzaren arazoa ez da horren korapilatsua izaten ari. Gainera, epaileak familia bitartekaritzara joatera behartzen ditu banandu behar diren bikoteak.
 
Ezkontza eskubideen bermatzaile

Legearen aldaketa izatezko bikoteen egoera arautzetik hasi behar dela babestu du Palaciosek. “Zergatik ez ditu izatezko bikote batek ezkondutako baten eskubide berak izan behar? Zergatik da ezinbestekoa paper bat sinatzea? Kontuan izan behar da maiz paper bat sinatzeak bikote harremana apurtzen duela. Hogei urtez pertsona batekin bizi zaitezke, pertsona horri zerbait gertatu eta zuk ez duzu inolako eskubiderik izango. Hori justua al da?”. Gainera, Ixabel Bereziartuak bezala, askok eta askok ez dute ezkontza eredua bera atsegin. “Badirudi bikote harremana ziurra izan dadin nahitaezkoa dela paper bat sinatzea, baina bikote harreman bat konfiantzan eta maitasunean sostengatu behar da, eta ezkontzak ez du konfiantza hori bermatzen”. Horren ildora dio paper batek lege aldetik babestuko zaituela, baina “ez ezinikusiez eta liskarrez”. Halaber, uste du ez dela bidezkoa eskubide batzuen onuradun izateko ezkontza eredua inposatzea.
 
Abokatu gasteiztarraren esanetan, izatezko bikoteak legalki familia babesgarritzat hartu behar dira. Beste sektore batzuk, ordea, joera horrekin ez daude ados, ezkontzeko aukera izanik, izatezko bikote izatearen alde egitea senar-emazteen erregimenetik kanpo geratzearen pareko dela uste baitute, bai onerako –harremanetan zehar tramite gutxiago egin beharra–, bai txarrerako –alargun edo erretiro pentsio kasuetan–.
 
Aukerak hor daude. Bikote bakoitzak bere maitasun harremana nora bideratuko duen hautatu behar du. Aukerak aukera, dena den, maitasunak eskaintzen du babesik iraunkorrena.
Ezkontza zibilak eta izatezko bikoteak haziz doaz
Urtez urte haziz doa era tradizionala baztertu eta bide berrietatik ezkontzen diren bikoteen kopurua. Esaterako, 2007an Euskal Autonomia Erkidegoan gehiago izan ziren zibilez ezkondu ziren bikoteak, elizaz ezkondu zirenak baino. Denera Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 9.332 bikote ezkondu ziren; 4.462 erlijio katolikoa jarraituz; hamahiru bestelako erlijio bat jarraituz; eta 4.857 zibilez. Gainera, probintzia bakoitzean ere gehiago izan ziren zibilez ezkontzea hautatu zuten bikoteak elizatik egitea erabaki zutenak baino. Nafarroan, guztira 2.643 bikote heterosexual ezkondu ziren 2007an. Horietatik 1.299 erlijio katolikoaren bidetik; lau beste erlijio batetik; eta 1.340 bide zibiletik.
Euskal Autonomia Erkidegoko izatezko bikoteen erregistroa sortu zenetik (2003) 14.124 bikotek eman dute bertan izena: Bizkaian 7.776, Gipuzkoan 4.246, eta Araban 2.002. 2007an soilik 2.720 bikote berri sartu ziren erregistroan, horietatik %95 bikote heterosexualak izan ziren eta %5 homosexualak.

Azkenak
Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


Euskararen Eguneko manifestu bat

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


Gizon bati espetxe zigorra ezarri diote, Donostian emakume bat bortxatzen saiatzeagatik

Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]


2024-12-20 | Hala Bedi
Okupazioaren aurkako neurri berriari ezetz esan diote Gasteizen, hainbat gaztetxek eta kolektibok deitutako elkarretaratzean

Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]


2024-12-20 | Uriola.eus
Bilboko Loraldia Festibalaren 11. edizioarako sarrerak salgai daude

2025eko martxoaren 10etik 30era Loraldia Festibalaren 11. edizioa ospatuko du Loraldiak, Trikua esnatu da lemapean. Programazio artistikoak proposamen anitzak eskainiko ditu Bilbon, diziplina ezberdinak uztartuko dira eta 100 sortzailetik gora bilduko ditu. Loraldiak jada... [+]


2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


2024-12-19 | Leire Ibar
Frantziak hizkuntza gutxituen aurka darabilen “linguizidioa” salatu dute

Hizkuntza gutxituei begira Frantziaren jarrera salatzeko prentsaurreko bat egin dute Parisen hainbat diputatuk. Frantziako hizkuntza gutxituen kontrako azken erasoek protestak eragin dituzte Korsikan, Katalunian eta Martinikan. Régions et Peuples Solidaires mugimenduak... [+]


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Gabonetan sortzen den kutsaduraren %57 oparien ondorioz da

Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO2 isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak aparatu elektronikoak eta bitxiak dira, metal eta mineralen erauzketaren ondorioz, eta... [+]


Ernaik dio bere kontrako operazioa egon izana frogatzen dutela Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenek

Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]


Eguneraketa berriak daude