argia.eus
INPRIMATU
IV. mendeko biblia, sarean
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko otsailaren 11
'Codex Sinaiticus'
CODEX SINAITICUS-aren lehen pergaminoak, hau da, IV. mendeko bibliaren hainbat zati, Interneten kontsulta daitezke dagoeneko, www.codex-sinaiticus.net helbidean hain zuzen. Lan baliotsu horren edizio digitala Liburutegi Britainiarra egiten ari da, Leipzig eta San Petersburgoko unibertsitateekin elkarlanean. Lehenik Leipzigen gorde diren 43 orrialdeak argitaratu dituzte. Ondoren Itun Zaharreko zenbait orri ipiniko dituzte, Sinai mendiko Santa Katalina monasterioan (Egipto) eta Errusiako Liburutegi Nazionalean gordeta daudenak. Urte amaieran orotara 390 pergamino hartuko ditu webguneak.

Proiektuak ez du testuen erreprodukzio hutsa egiten, grekozko testua transkribatu eta alemanezko itzulpena ere eskaintzen du. Gainera, paragrafoak nahi bezala mugi daitezke.