argia.eus
INPRIMATU
Itsasoaren alaba
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Dokumentala egin dutela jakin dut hedabideak medio. Haize Goikoetxea, Mikel Txapela GALek erailaren alaba izan omen da horren sortzailea. Bere aitaren errautsak, Hondarribia eta Hendaiako itsas altzoan txalupa batez nola izan ziren zabalduak gogora ekarri dit. Frantsesa ikasten aritu ginen elkarrekin, eta klasearen pisua arindu nahi zuenean, egiten zituen marrazkiak ditut gogoan. Komiki zalea izaki. Gure seme-alaben Olentzeroarena egiten zuen Donibane Lohizuneko ikastolan. Sekulako kolpea izan zen bere erailketa. Jai Alai pilotalekuan egin genion omenaldia gu guztion gomutan atxikitzen dugu. Kristof Isteque gaiteroa, handik urtetara zeraman lehergailu batek akabatu zuena, tartean genuen berari egin kantuak dioen bezala “bi gaitaz jo Txapelari Txomin ta Ramuntxori egina”. Ikastolako ikasleek ere, orduan hamabi bat urte zutenek eskaini nahi izan zioten beren barne mina, garaiko prentsa arinak era oso gaiztoan menostu nahi izan zuena. Bilbon eta Gernikan eman behar omen dute dokumentala, eta Lapurdiko kostalde honetara ere ekartzea eskertuko genuke. Bere anaia nagusia, hura ere Txapela, Guardia Zibilak tiroz eraila gogoan.