Oinazea letraz janzteko manerak

  • Behin baino gehiagotan lehertu da eztabaida: nola islatu du euskal literaturak euskal gatazka? Txalapartak gaiaren inguruko 18 ipuin Haginetako mina liburuan bildu dituela aitzakia hartuta, Beñat Sarasolaren artikulu honetan idazleak eta kritikariak aferaz nola manifestatu diren ikusiko duzu. Gainera Itxaro Borda idazleak, Iratxe Retolaza kritikariak eta Inazio Mujika eta Mikel Soto editoreek euren iritziak eskaini dizkigute.
Autobus erreak, manifestazioak, atxiloketak... Euskal Herrian behin eta berriz ikusi ditugun irudiak dira. Irudiak letra bihurtzea da idazleen erronka. Lortu al dute euskal gatazkaz letraz behar bezala janztea?
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Azken urteotan presentzia nabaria izan duen gaia izanagatik, ez da oso aspaldian euskal literaturan eta euskal gatazkaren erlazioaren inguruan hausnartu eta idazten dela. Izan daiteke arrazoi ugariren kariaz, baina euskarazko nobela, poema eta ipuinetan aspaldi samarretik gatazka eta bere ondorioak azaltzen diren arren, duela gutxi arte ez da gaia planteatu literatur kritikaren ikuspegitik.
Baina, ezer baino lehen, Maldetan Sagarrak-en Jon Benitok zioen bezala, zertaz ari gara euskal gatazkaz ari garenean? Hitzetik hortzera erabiltzen dugun terminoa da, baina nago ez litzatekeela batere erraza izango denok adostutako terminoaren definizioa lortzea. Batzuentzat euskal gatazka Espainia eta Frantziaren zapalkuntzaren ondorioz sortzen den gatazka da, beste batzuentzat ETA-ren terrorismoa, beste batzuentzat klase borroka ezkutatzeko balio duen amarrua, edo horietatik guztietatik pixka bat. Eremu labainkorra, bistan denez, eta hala, kritiko bakoitzaren arabera, euskal gatazka modu batera edo bestera ulertzen da, bere hausnarketen ondorioak ere ezberdinak izango direlarik.

Mikel Iriondo eta Iban Zaldua

Gaia plazaratu zuen lehenetarikoa EHU-ko estetika irakaslea den Mikel Iriondo izan zen. 2003ko urte bukaeran Bitarte aldizkarian argitaratutako Arte y violencia en el País Vasco izeneko artikulu batean, “bortizkeria terrorista” euskal artean –eta tartean euskal literaturan– nola landu den aztertzen zuen. Artikuluaren ideia nagusia honakoa zen: euskal arteak bizkarra eman dio “biolentzia terrorista” azaldu eta lantzeari. “Ia ez dira existitzen duela ia 40 urtetatik lotzen gaituen bortizkeria terrorista lantzen duten adierazpen artistikoak”. Euskal literaturari dagokionean, bertako balizko errealismo falta salatzen zuen, ez bide zegoen euskal literaturan politikarako tarterik, “Goenkalen bezalatsu”. Salbuespenen artean, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro eta Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean aipatzen zituen; lehenengoak terrorismoaren salaketa espliziturik egiten ez zuela zioen, eta bigarrenaren emaitza, berriz, etsigarria zela –arrazoi berdinagatik, suposatu dezakegu–.

Iban Zalduak amu honi heldu eta euskal literaturan bortizkeria Iriondok adierazi baino dezente gehiago landu izan dela erantzun zion Animalia disekatuakeko atal batean. Liburu-zerrenda luze samar bat azaltzen zuen Zalduak, Ehun metro geroztik gaia euskal literaturan etenik gabe landu dela erakutsi nahian. “Kontua da, noizean behin arinki esaten denaren kontra, egon badagoela gatazkaren inguruko langintza literario bat, poliedrikoa eta, nire ustez, bizi dugun egoera irakurtzen laguntzen diguna, hein handiagoan edo txikiagoan”. Inpresioa dut, haatik, zerrenda horretatik zenbait liburu ez lituzkeela inolaz ere “bortizkeria terroristaren” salatzailetzat hartuko Iriondok, eta gainontzekoetatik, gehienak etsigarriak irudituko zitzaizkiola, Ehun metro eta Gizona bere bakardadean modura ez dutelako aski argi eta esplizituki gaitzesten eta, batez ere, kondenatzen, bortizkeria hori. Beranduagoko idazki batean, Mikel Azurmendiren Tango de muerte liburuaren aurkezpenean, Iriondok Atxagaren Soinujolearen semea aipatzen zuen, eta baiki, “ideologia nazionalistaren euskarri afektiboaren” erakusgarritzat jotzen zuen, eta hortaz, nobela honek ere ez du aski asebetetzen biolentzia terroristaren balizko salaketa beharra. Arazoa da Iriondoren euskal gatazkaren kontzepzio estuak eta bere posizionamendu politiko markatuak ez diola ikusten uzten gaiari erlazionatutako obra andana hori, eta azkenean, panfleto politikoa dela kontu honen inguruan onargarria zaion molde bakarra –nahiz eta, jakina, berak halakorik ez aitortu–. Euskal gatazkaren inguruko bere lerraketa hain da itsua, ezen kontraesanean sartzen baita Holokaustoaren inguruan egiten dituen kontsiderazioekin. Izan ere, Holokaustoari dagokionean, artelan aberats eta ñabarduraz beteak (Imre Kérteszen obra) hobesten ditu ikusgarritasunaren eta manikeismoaren (Steven Spielberg-en Schindler’s list) aldean.

Maldetan sagarrak

2005eko uztailean Miarritzen Euskal gatazka euskal literaturan izeneko ikastaroa antolatu zuen UEU-k. Bertan zenbait idazle, kritiko eta adituk gaiaren inguruko beren ikuspegia azaldu zuten. Jardunaldi hauetako mintzaldiak urte bete beranduago bildu ziren Maldetan sagarrak liburuan. Liburu hau da gai honi buruzko egungo erreferentziazko liburua.

Itxaro Bordak Iriondo eta Zalduak jarritako puntuari jarraitu zion nolabait, eta Ehun metro-z geroztik “Euskal Herriko egoera politiko latza” azaltzen zaigula defendatu zuen, nahiz eta azpimarratzen zuen 1998ko su-etenaren ondotik “lumak askatu” eta bortizkeria gaitzat hartzen diren liburuak areagotu direla. Baina Bordak gaiari alderdi berri bat gehitu zion, gatazka euskal literaturan adierazten ote den baino, gatazka hori nola azaltzen den galderari erantzun ziolako Bortizkeria, idazlea eta zenbait gai oraino izeneko hitzaldi horretan. Eta hala, bere tesi nagusia zen euskal literaturan etakidea gudari izatetik terrorista izatera pasa dela: “Bilakaera luzea eta astiroa izan da. ETAko ekilea eta geroxeago IK-koa, gudaria zen eta hogeita hamar urte beranduago ekile berdina argiki terrorista da idazleentzat. Ez denentzat bistan dena, baina bai anitzentzat”. Bordaren ustez, euskal gizartearen ETAren bortizkeriarekiko jarrera aldaketak, 90eko hamarkada hasieran kokatzen duenak, bere erreflexua izan du euskal literaturan. Gisa honetan, 70eko hamarkadako Ehun metro eta 80ko hamarkadako Txillardegiren Exkixu-ko etakideak heroi edo gudari gisara agertzen bazaizkigu, 90eko hamarkadako Gizona bere bakardadean nobelan etakidea “irakurlearentzat batere sinpatikoa ez da”. Argi dago ikuspegi hau zalantzan jarri daitekeela; batetik, Saizarbitoriak berak aipatzen du Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan elkarrizketa-liburuan ez dagoela Ehun metroren interpretazio honekin ados, ez duela hain argi ikusten Jon protagonista heroia denik; eta bestetik, ikusi dugu dagoeneko Iriondori, esaterako, Gizona bere bakardadeaneko etakidea sinpatikoegia iruditzen zaiola oraino.

Aingeru Epaltzak puntu dezentetan Bordaren bide beretik jo zuen, eta hala, zera seinalatzen zuen: 2000. urtetik aurrera gatazkaren gaineko idazlan ugari kaleratu badira ere, ordura arte borroka armatua argi eta garbi kritikatzen zuten kasuak bakanak izan dira –hemen ere bat egiten du Mikel H. Abaituak–. Bestetik, aldaketa hau euskal jendartean gertatutako pertzepzio aldaketarekin lotzen zuen orobat: “faktore sozial begi bistakoak daude gai honek (euskal gatazkak) 80ko hamarkadan gure liburuetan duen presentzia urria azaltzeko, eta faktore sozial horiek berek eragina dute 90eko hamarkadako pixkana-pixkanako isurian”. Baina halaber, ñabardura bat gehitu zuen, alderantziz ere gertatzen dela azpimarratuz; alegia, literaturak jendartearen ikusmoldea aldarazten duela maiz, eta gainera, aurreikuslea izan daitekeela. Zentzu horretan, 1991n argitaratutako bere lehenengo nobela luzea, Ur uherrak, iragarletzat jotzen du.

Jokin Muñozek, Bizia lo. Ohe azpia hitzaldian Mikel Iriondoren ideia nagusia jaso zuen: “Neurri batean, euskal idazleek errealitate mikatzari bizkarra erakusteko joera izan dute beti”. Alabaina, joera hori ez du soilik Iriondok esango lukeen “biolentzia terroristara” mugatzen, gauza bera gertatzen da gerra eta gerraondoko literaturarekin, zeinak gudarien, exiliatuen eta enparauen errealitatea alde batera uzten baitu. Hala, Muñoz euskal literaturan gaur egun egin daitekeen onena euskal gatazkaz idaztea dela esatera iritsi zen: “Orain, eta batez ere gure harresia erortzen denean, gure literatura definitu eta, aldi berean, harenganako interesa piztuko duena ‘La Cosa’ da”.

Joseba Gabilondo

Baina Maldetan sagarrak baino lehenago, eta are, Iriondok eta Zalduak baino lehenago, 1998. urtean, beste kritikari batek, Joseba Gabilondok, gaiari buruzko artikulu bat idatzia zuen. Kontua da AEBetako aldizkari espezializatu batean, Arizona Journal of Hispanic Cultural Studies 2-an, publikatu zuela ingelesez, eta gurera ez zela ailegatu artikulua euskaraz bere Nazioaren hondarrak liburuan bildu zuen arte, 2006. urtean. Hots, artikulua 1998an idatzi eta argitaratu bazen ere, Euskal Herrian ez zen 2006a arte jaso, Iriondo eta Zalduaren arteko eztabaida eta Maldetan sagarrak liburuaren ondoren, beraz.

Eta hau guztia kontuan izanda, deigarria egiten da Gabilondoren eta arestian aipatu kritiko edo idazle batzuen arteko bat-etortzea zenbait punturen gainean. Gabilondok ere Gizona bere bakardadean, Saizarbitoriaren Hamaika pauso-rekin batera, mugarritzat hartzen du ETAren jardunaren inguruko pertzepzio aldaketa ulertzeko: “Bi eleberriok lehen saio bat osatzen dute ETAri buruz historikoki idazteko, zuzenean babestu gabe edota zeharka marjinatu gabe”. Horien aurreko kasu bat, Ehun metro, aintzat hartzen du, baina Bordaren eta Iriondoren interpretazio antzekoa egiten du hemen ere: “testuinguru politikoa medio, terrorismoak funtzionatzen du ‘gu’ (euskaldunak) eta ‘haien’ (espainiarrak) kontra definitzen gaituen/dituen indikatzaile nazionalista bezala”.

Laburbilduz: bide berriak

Bistan denez, eztabaidak luze mintzatu eta argudiatzeko bidea ematen du, baina, iritzi diferenteak irakurri ondoren, badirudi badagoela halako tesi orokor bat nahiko onartua dagoena kritiko eta enparauen artean, zeina honelaxe laburtuko genukeen: Euskal gatazka euskal literaturan aspaldidanik –gutxienez Ehun metroz geroztik– izan dugu present, baina 90eko hamarkadaren hondarrean gatazka honen arrasto nabaria duten obrak ugaritu egin dira, neurri batean, euskal gizartean hamarkada horretan gertatutako ETAren gaineko pertzepzio aldaketa medio.

Agerikoa denez, euskal gatazka eta euskal literaturaren inguruko eztabaida, funtsean, ETAren jardunari eta etakideei buruz literaturak ematen duen irudira bideratu da. Hala, askok faltan botako dituzte, seguruenik, gatazkako beste elementu batzuetan –presoak, senideak, ETAren biktimak, iheslariak, torturatuak, mehatxatuak…– oinarritutako azterketa kritikoak. Badaude hor, honenbestez, ikerketa bide berriak; ez bagara lehenago kontu honekin behin-betiko guztiok gogaitzen, jakina.
Itxaro Borda
Itxaro Borda: "Borrokaren anbiguitatea ez da landu"

Nola iritsi da gai hau eztabaidagai izatera?


Hor da egunero, badu berrogei urte hor dela. Betidanik aipatu izan da zuzen edo zeharka biolentzia politikoaren gaia gure literaturan. Gaur egungo kopurua, hori da aldaketa: orain denak ari gara.


Zerk eragin du hori?


Beharbada sentitzeak posible dela beste modu batera bizitzea. Izan dira tregoa zenbait, eta horietan beste hitz egiteko eta gaiari buruz pentsatzeko molde bat sumatu da, bederen. Gainera uste dut literaturarako oso gai egokiak direla: egiten ahal dira thrillerak, nobela poliziakoak, lekukotasun nobelak…

Esan liteke genero bat osatzen dutela gatazkan kokatutako liburuek?


Ildo bat bederen bai, osatzen dute; alde batetik, gaurko gatazkaren inguruko gaiek, eta horrekin paraleloki etortzen den gerra zibilaren denborako gaiek. Bi multzo horiek baditugu gure literaturan bereziki.

Lotuta ikusten dituzu biak?

Uste dut baietz. Beharbada sinplifikatuko dut gehiegi baina… Abertzale mundutik kanpo diren idazleek dute gaurko gatazka aipatzen; eta abertzale munduan direnek dute 36ko sarraskia aipatzen, bata bestearen etsai balira bezala.

Ba al dago alderik gaiaz euskaraz ala erdaraz idatziz gero?


Uste dut garai batean euskaradun idazlea ez zela atrebitzen gai horietaz hitz egitera. Borroka armatua aipatzen baldin bazen, eta ez bereziki gauza glorios bat bezala, orduan anti-euskaldun izatea ere leporatzen ahal zitzaion –oraindik ere bai, baina presioa pixka bat apaldu dela argi da–. Gauza inportantea da gure hizkuntzan gure buruhausteak ere aipatu ahal izate hori.


Zer dago egiteke?



Ez da landu borroka horren anbiguitatearen gaia…

Anbiguitatea?



Bai. Aldi berean gaitzesten dugu, nik pertsonalki bada zenbait urte egin nuela; baina, hala ere, une zenbaitetan eskergarria izaten ahal da. Beti gauza hori pentsatzen dut Bizkaiko hondartzak ikustean: leku horiek salbatuak izan direla nuklear kalamitatetik borroka armatuari esker. Hori da anbiguitate handia. Eta horren idaztera ez gara oraindik heldu.
Ignazio Mujika
Ignazio Mujika: "Lubakiak, egotekotan, ez daude hizkuntzan"

Nola bihurtu da eztabaidagai euskal gatazka literaturan?

 

Kontua beti airean egon dela esango nuke: idazten hasi nintzenean –eta badira hogei urte baino gehiago– gogoratzen naiz Jesus Mari Lasagabasterrek aipatzen zuela harrigarria zela euskal gatazka ez azaltzea euskal literaturan, behar zen bezala. Esango nuke orduan ere agertzen zela gaia, baina gerora liburu asko argitaratu dira.


Zertan desberdintzen dira gaiaren inguruan euskarazko eta erdarazko lanak?

 


Esango nuke euskaraz idatzi direla fikzioan euskal gatazkari buruzko liburu interesgarrienak. Hemengo erdal idazle batzuen artean badago topiko bat, ez dela idatzi arazoari buruz, batez ere alderdi batetik. Nahiko salaketa gogorrak egin izan zaizkigu: azkena, gogoan dut, min handia egin baitzidan, Fernando Aranburuk egin zuen. Esaten zuen euskaraz ez dela ETAren biktimen gaia tratatu. Nik uste dut izen batzuk ematea nahikoa dela kontrakoa frogatzeko: Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Jokin Muñozen Bizia lo eta Antzararen bidea… bat baino gehiago daude, eta gainera horiek denak gaztelaniara itzulita daude. Nahi badute ikus dezakete: ez daude bi lubaki, euskarazko idazleena eta erdarazkoena. Lubakiak baldin badaude, ez dira hizkuntzarenak. Hizkuntzak beti ematen dio zerbait lanari, transmisio bidea baino gehiago da, baina uste dut euskaraz ikuspuntu ugaritako lanak idazten direla. Proportzioa diferentea dela? Beharbada bai, baina hori soziologoek esan beharko dute.


Esan liteke genero bihurtu dela euskal gatazkarena gure literaturan?

 


Ez dut uste. Adibidez, Jokin Muñozen Bizia lok ez dauka zerikusirik Antzararen bidearekin. Gatazkari begiratzeko bi modu ezberdin dira, eta hori idazle berarekin; pentsa idazle diferenteak kontuan hartuta. Batzuetan, gainera, idazlearen kontzientzian ez dago gatazkaren argibidea ematea: idazleak literatura egin nahi du, pertsonaiak eraiki, eta gatazka haztegi egokia iruditzen zaio horiek kokatzeko. Hori bai, garbi dago gaia ukituko ez balitz arazo bat izango genukeela, gaixotasun bat, bor-bor dagoen gaia delako.

Iratxe Retolaza
Iratxe Retolaza: "Eztabaida oso lotua dago literaturaren funtzioarekin"

Nondik abiatu zen eztabaida hau?

 

Azken batean, gaur egun “euskal gatazka”-ren inguruan dauden eztabaida gehienak literaturaren funtzioarekin oso loturik daude, literatura eta errealitatearen arteko harremanaren inguruko kezkekin. Garai batean literatura konprometituaren inguruko eztabaida sortu zen, eta gaur egun euskal gatazkaren inguruan sortu diren galdera askok literaturaren funtzioaz ikuspegi bat ematen dute: batzuen ustez, gatazka fikzioa sortzeko aitzakia ona da –diotenez ez dute errealitatearen irakurketarik egin nahi, zeharka irakurketa badagoen arren, erreferenteek baldintzatzen dutelako irakurketa, jakina–; beste batzuen ustez, gatazkaren inguruan idaztean euskal gatazka nola bizi dugun agertu behar da –alderdi humano hori, nork bere esperientziaren kontaketa estetikoa, nolabait–.


Azkenean mahai gainera jauzi egin duen eztabaida horixe da, literatura eta ideologiaren arteko harremana, nolakoa den, nolakoa beharko lukeen, nola ematen den euskal literaturan, zein harreman dagoen idazlearen ideologia eta testuaren ideologiaren artean, eta noski, zein harreman dagoen irakurlearen ideologiaren eta testuaren ideologiaren artean.


Arrazoi garrantzitsu bat da azken urte hauetan belaunaldi desberdinak ari direla idazten euskal literaturan, eta alde horretatik, ikuspuntu gehiago daude. Gatazkaren inguruko gertakari eta sentimendu asko dira literaturara oraindik jauzi egin ez dutenak, baina, gatazkak dirauen artean –zauriak bizi-bizi diren artean– hitz egitea posible bada ere, distantziak laguntzen du. Esango nuke zenbait idazleren kasuan distantziak lagundu egin duela, ze hitz egiten da euskal gatazkaz, baina gutxik hitz egiten dute gaur-gaurkoaz; urrunago enfokatuta hitz egiten da gehienetan, urrun denboraz, edo urrun inplikazioz.


Euskaraz idazteak eragiten al du ikuspuntuan?

 


Uste dut, orokorrean, euskaldun direnen gizartean bizipen batzuk daudela, hizkuntzak eragiten duela gai batzuetara hurbiltzeko. Argi dago ikuspuntu politiko batzuetan euskara ez dagoela presente; orduan, literaturan ikuspuntu horietara gerturatzea euskaraz… Bere horretan errealitateak ekartzen duen ondorioa dela uste dut.


Zer geratzen da egiteke?

 


Askotan esaten da han eta hemen hutsuneak ikusten direla: nire kezka nagusienetako bat da, adibidez EAJren ikuspunturik ez dugula. Errazagoa da aurkitzea EEko baten ikuspuntua, edo gaur egungo sozialista batena, edo ezker abertzaleko batena. EAJrena berriz, EAEn ustez babestuena den alderdiarena, ez daukagu.

Mikel Soto
Mikel Soto: "Gatazka ardatz duen poesiarik ez da idatzi Espainian"

Nondik abiatzen da eztabaida hau?

Beno, Euskal Herrian oro har eta euskal kulturgintzan batez ere eztabaida bat pizteko komunikabideetan hiru gutun besterik ez dira behar: bat kontrako eta bi aldeko. Orain gainera teknologia berriekin esango nuke gutun bakarra eta hiru iritzi aski direla. Gainera, gai honek dauzkan ertzak aintzat hartuta esango nuke kontu kitatze pertsonal asko egon direla eta horrek eztabaida sustatu duela, baina ez zentzu onean. Esango nuke pertsonaletik ekiteak eztabaida posiblea desitxuratu eta banalizatu duela.


Hizkuntzaz gain, gai hau lantzerakoan zertan desberdintzen dira euskarazko eta erdarazko literaturak?

Ba literarioki suposatzen dut antzeko motibazioa dutela eta teknikoki antzeko baliabideak. Ezberdintasuna, nik uste, hurbiltzeko moduan dagoela eta, ondorioz, emaitzan.


Gure apalean, esango nuke hemengoa, oro har hobea dela. Espainian zarata politikoak ezinezko bihurtzen du ezer. Ez naiz La pelota vascari buruz ari; Tiro en la cabezaren adibidea paradigmatikoa da. Ebrotik behera Roselliniren Roma città aperta sutara botako lukete partziala izateagatik.


Tomás y Valienteren semeak argitaratu berri duen eleberria (El hijo valiente) gainetik irakurri eta lotsagarria iruditu zitzaidan. Eta, urrutiegi jo gabe, hain literato ona den eta hain pentsalari zorrotza den Sanchez-Ostizen En Bayona bajo los porches liburuak egiten duen hurbilpen eskasa ere badago. Bi aipatzeagatik…


Hauek irakurrita lehen jarri dudan zinemaren adibidea etortzen zait berriro burura: Euskal Herrian 98an kokatutako espainiar filmetan “frantses produktuei boikota” eta antzekoak agertzen direnean, edota guardia zibilak eta etakideak txortan egiten dutenean eta antzeko txorradak.


Gatazkari buruz ari garenean perspektiba galtzen dugu sarri. Ezberdintasun nagusia? Nire ustez Euskal Herrian gatazka ardatz duen poesia ugari eta oso-oso ona idatzi dela eta Espainian, nik dakidala behintzat, batere ez.

Genero bat osatzen dute gatazkari buruzko liburuek?

Ez, gai bat dela esango nuke, beste gabe. Espainian gerra zibila bezala, Kuban blokeoa bezala, Hegoafrikan apartheid-a eta abar, eta abar… Niri dagokidanez, antologagarria iruditu zitzaidan gai bat dela esango nuke. Baina antologagarria iruditzen zait trenei buruzko literatura ere.


Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude