argia.eus
INPRIMATU
Egia dio
  • Jose Luis Otamendi ::Erlojuen mekanika

    Susa

    Orrialde kopurua ::90

    prezioa ::11.50€

Igor Estankona 2011ko urriaren 05a
Jose Luis Otamendi itzal handiko poeta da, gure belaunaldia markatu duenetako bat. Lur bat zure minari (Susa, 1995) liburua giltzarri izan zen: idazkera dominatu egin behar zela orduan hasi ginen sumatzen idazle gazte asko, artean idazkerak berak dominaturik genbiltzanean.

Berandu hasi ginen han-hemenka bere mezuaren eztia irakurtzen, baina “tximeleta eri bat gelan sartu zaigu” hura, Deabruak Teilatuetan taldeak kantatua, profetikoa zen: tximeleta eri hori, idazkera bigun, apal, egiazko hori barruraino sartua daramagu honez gero, Oto irakurtzean sentitzen dugulako hezur-haragizko pertsona baten intimitatea ezagutzen ari garela.

Idazleak bihotza irekitzen duelako identifikatzen da irakurlea hainbeste berarekin, pazientziaz, maitasunez, arnasa luzeko poema orekatu eta leunen bitartez ailegatzen zaigu, sakon, mezua: sentitzea, sufritzea, galtzea… ez da txarra. “Jendea gara eta jendeak jendeari jende izatea dio zor”, dio halako batean, bere Azpeitiaz ari den bitartean, Xabier Aldairi dedikatutako Jendetasuna poeman.

Horregatik potentzia berezi bat gordetzen du bere baitan Erlojuen Mekanikak. Pazientziaren potentzia da. Berba bat bestea baino lodiagoa erabili barik, estridentziarik gabe, xuxurlaka, Otamendik indar itzel bat lortzen du konposizioetan. Ilea lazteko modukoak dira, esate baterako, Mundua eta Aberriaz zelan ahaztu poemak. Joseba Sarrionandiarengan bakarrik ikusi dut nik halako xamurtasuna, pentsamendu oso sinpleen bitartez munduaren bihotzera hurrera zaitzakeena. Pentsamendu horiek sortzen duten orea uniformea eta oso landua izateak, noski, badauka zerikusirik. Otamendik teknika poetiko itzela dauka, eta korronte bihur dezake ideien masa handia.

Baina, badiot, batez ere pertsona moduan egiten duen zintzotasun ariketa iruditzen zait dela klabea: irakurleak hasiera-hasieratik daki idazlea egia esaten ari zaiola, hitz egiten ari zaiola. Txori batek ezin du gezurrik esan kantatzen ari denean.

Abentura estetikoen zaleek ez dute kontsolamendua Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanikan aurkituko, hori seguru. Klasikoa eta posmodernoa da era berean liburu hau. Ez dakar ahapaldiz ahapaldi norabidez aldatzen den diskurtsorik, ezpada esanahiaren poesia, igerilariaren poesia, besarkadari eusten diona gurutzatzeko itsasoak, itsasoak eta itsasoak.