argia.eus
INPRIMATU
“Konturatu zara Mundakako olatua ezkerrekoa dela?”
  • Mahai Nazionaleko kide izandakoa, EHUko errektoretzarako finalera ailegatu zen... eta bere lanbideko ordezkaririk ezagunena da, ezagun bakarra ez esatearren.
Fermin Etxegoien 2021eko ekainaren 30a
Iñaki Antiguedad
Iñigo Azkona

Ura, lurra eta elurra; euskararen antzinatasuna ondoen erakusten duten euskal hitzen hirutasun saindua ote?


Bai, izan liteke hiruko horrek euskararen antzinatasuna erakustea ondoen; Lakuako hirukoak baino hobeto! Hiruko guztiek ez dute hirutasun bera. Dena dela, euskararentzat joana da elizaren zikloa eta inongo sainduren beharrik ez du egun.
 

Bistan denez predestinaturik zeunden zarena izateko!


Bistan denez? Nire miopia politikoa izan daiteke baina ez, momentuz, begietakoa! Tira, lurreko uretara lehenengo abizenak bultzatu ninduen, baina bigarrenak [Auzmendi] mantentzen nau urotan, hauts bihurtu arte.
 

Esango nuke unibertsitate garaian geologoak zinetela zientzietako hippy xamar bakarrak; sasi-zientzialariak?


Goazen zatika. Egia da ikasle nintzela Herman Hesse-ren liburu batzuk irakurri nituela, eta ia-ia ulertu ere bai, baina sekula ez naiz hippya izan, denbora faltagatik beharbada. Bai, sasi-zientzialaria naiz, apropos, sasietan direlako arazoen benetako arazoak.
 

Gobernuan banengo, AHTri buruzko herri kontsulta antolatuko nuke goleadaz irabazteko...


Gobernuan zeu? Ezker abertzaleko zerrendetan izan ez zaren seinale! Baina EAJkoa ere ezin zara izan, kontsulta egin nahi baduzu! Susmagarria. Dena dela, ados, lagunduko dizut herri kontsulta goleadaz irabazten, utzi arbitroarena neure esku.
 

Irrati zein telebista solasaldietan zenbat aldiz galdetu dizute ETAren bortxakeria gaitzesten ote duzun eta zuk erantzun bortxakeria mota guztiak gaitzetsi beharra dagoela?


Zenbat? Denbora behar dut kontuak ateratzeko. Ea Aste Santurako estimazioren bat egin diezazukedan. Presarik ez duzu, ezta?
 

Zerbait estimatzen al duzu Joseba Arregi solaskide zein arerio ideolojikoarengan?

Arerio Arregi jauna? Bai zera! Josebak duen arazoa da ez duela bere barruak hitzetan kanporatzeko behar besteko trebetasuna, baina ondo ezagutu ondoren AHTren kontrakoa den ezkerreko independentista amorratua dela konturatua naiz.
 

Energia eolikoak mendi-lerro eder ugari desitxuratu dizkigu eta beroketa globalaren aitzakian zentral nuklearrak berriz ageri zaizkigu ortzimugan. Batzuetan hobe genuke isilik egotea!


Isilik? Ezta lotan ere! Baina bai, askotan gehiago pentsatu beharko genuke ahoa zabaldu aurretik. Eta arduraz kontsumitu. Nuklearrik ez. Eolikoa bai. Ez ditzala merkatuak haize-errotak kokatu. Koherentzia publikoak egin dezala.
 

Bilbon zenbat “farol“ piztu liteke Mundakako olatuak ematen duen energiari esker?


Konturatua zara Mundakako olatua ezkerrekoa dela? Eta horri esker zenbat farol Bilbon piztu? Bilboko farol asko itzali beharko ziren, amatatu. Olatuek ez dute merezi euren indarra Bilbokerietan gastatzea.
 

Esadazu aro geologiko berrian sartzear gaudela Euskal Herrian, arren.


Bale, esan egingo dizut: Fermin, aro geologiko berrian sartzear gaude Euskal Herrian. Eta? Gustura geratu? Ni ez. Sartzekotan kontzertu geologikoaren aroan sartuko dute Euskadi. Eta gu ganorazko partitura barik. Potoka.