argia.eus
INPRIMATU
Kanpaina aspergarrien lerro artean
Xabier Letona Biteri @xletona 2009ko otsailaren 04a
Juan jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu
Juanan Ruiz / Argazki Press
HAUTESKUNDE kanpainak aspergarriak direla jaurti zuen duela gutxi Begoña Erraztik Euskadi Irratiko tertulian. Rikardo Arregik Deia-ko zutabean jaurtitako amuari –aspergarriak direla baiesten zuen– gogotsu heldu zion EAko lehendakari ohiak. Pentsa daiteke oso gutxi pasa dela pulpitutik berdintsu aritzen zenetik; eta pentsa daiteke baita ere hobe horrela aitortzea, publikoki autokritika eginez, ahoan bilorik gabe.

Azken finean, horixe bera da herritarren gehiengo zabalak kazkezurrean jira-biran dabilena. Zer esanik ez hedabideetako erredakzioetan, eta bereziki hauteskunde kanpaina jarraitu behar duten gehienen artean. Berdin da politikariei zer galdetu, hauek berean darraite, eta komeni arte asperduraraino eramango dute kazetaria eta, beraz, irakurle edo ikus-entzulea.

Baina politikariak ez daude beti zozokeriatan ibiltzekotan eta badakite agertu behar denean serio egin behar dela kuku eta madrildar kazetariekin bada hobe, uhinen epizentrotik indar handiagoa egiten dela. Eta orduan Maria Antonia Iglesias kazetari azkar bezain lotsagabea dator kanpainari ate joka, azalean eta mamian gertatzen diren horiek arras desberdinak direla agertuz, liburu salmenta elikatzeko prest, herritarrari kanpaina alaitu eta bestelako helburuekin ere bai akaso.

Iñigo Urkulluk Juan Jose Ibarretxeri buruz esandakoak izan dira entzutetsuenak, baina halakoz josia dago Iglesiasen liburua. Eta karnabal sasoian bagaude ere, bi buruzagi jeltzaleen berba onek ozta-ozta mozorrotu ahalko dituzte EAJren baitako ika-mikak. Kontsultaren garaian izandako irizpide eta adierazpen ia kontrajarriek, behin baino gehiagotan agertu zituzten bien arteko desberdintasunak.

Iñaki Iriondok joan den igandean Gara-n azaltzen zuen 2008ko maiatzaren 23an Ibarretxe, Urkullu, Unai Ziarreta eta Javier Madrazoren arteko bazkaria egin zela Ajuria Enean. Kontsultarako galderak prestatzeko garaia zen eta, Iriondoren esanetan, EBBk erabakia zuen jada galderetako batek ETAren arbuiatzea eskatuko zuela. Bilera horretan, ordea, Ibarretxek galderak jaurti zituen –ETA aipatzen ez zutenak– baina Urkulluk ez ei zuen tutik esan eta, kazetariak dioen legez “badira horren lekukoak”.

Idatzitako analisietan askok galdetu diote beren buruei ea nola den posible politikariak halako amarruetan galtzea, eta L.R. Aizpeolea El País-eko kazetariak bere hipotesia azaldu zuen ganbarapeko jardunean. Hark zioen, Iglesiasek elkarrizketan asko estutzen dituela politikariak, hauek ohiko prentsaurrekoetako diskurtsoarekin hasten direla eta kazetariak alde egiteko mehatxua egiten diela, horiek interesik ez dutela eta abarrekoak aipatuz. Eta orduan elkarrizketatuak erabaki behar duela jarraitu ala ez, eta baietz erabakitzen duela, denek agertu behar ei duten liburu batean berak ere agertu gura duelako eta, jakina, horretarako beste era batera jardun behar duela bereganatzen duela.

Gero datoz testuingurua, garai bateko desadostasunak, salmenta, bestelako interesak eta abarrekoak, egiazkoak denak, eta bere testuinguruan kokaturik, ulertu guran dabilenarentzat zantzu emaile eta irribarre sorrarazle.