argia.eus
INPRIMATU
Euskararen apologistak eta kontrakoak
Tubalen seme-alaben atzoko eztabaidak
  • Juan Madariaga irakasleak euskararen inguruan historian izan diren eztabaidak aztertu ditu liburu batean. 2005ean publikatu zuen ingelesez Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language lana eta iaz gazteleratu zuen. Lagunduko al digu gaur egun euskarari buruz dauden hainbat jarrera ulertzen?
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2009ko otsailaren 03a
Juan Madariagak bere lana gaztelaniara itzuli du berriki 'Apologistas y detractores de la leguna vasca' izenarekin.
Juan Madariagak bere lana gaztelaniara itzuli du berriki 'Apologistas y detractores de la leguna vasca' izenarekin.
“Hizkuntza, gauza guztien gainetik, komunikatzeko tresna da”. Esaldi zentzuzkoa dirudi honakoak, baina askori oilo-ipurdia jarri zion Eguberritako diskurtsoan Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen ahotik hori entzuteak. Euskarazko hedabideei emandako diru laguntzen murrizketa ikaragarriaz ari zen Sanz presidentea, eta inplizituki aditzera ematen du euskarak ez duela komunikatzeko gaitasunik beste “hizkuntza komertzialen” parean.

Noizbehinka, horrelakoak entzun izan dira politikari edo iritzigile zenbaiten artean, euskararen gaineko topiko eta mitoak guztiz gainditu gabe dauden seinale. Zentzu horretan, euskal imajinarioaren bilakaeraz jabetzea bezain garrantzitsu zaigu horren kontra egin zutenei kasu egitea. Juan Madariaga UPNAko irakasleak horixe egin du bere Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language liburuan (Euskal hizkuntzaren apologisten eta kontrakoen antologia).

Euskara “kutsatu gabearen” ideia

Juan Madariagaren ustetan, “pirueta legitimatzailea” egin zuten euskaldunek duela bost mende. Antza, euskal imajinarioa osatzen zuten elementuak ez dira, berez, soilik euskaldunenak. Hizkuntzaren antzinatasuna, noblezia, fedea... horiek espainiar monarkia justifikatzeko ere erabili izan ziren, baina ordukoek euren probetxurako moldatu zituzten eta “benetako espainiarrak” bilakatu ziren euskaldunak.

XVI. mendeko euskal historialari batek zabaldu zuen batez ere mitoa, Esteban de Garibayk. Beste herri batzuetan ere ohikoa zen kondairari heldu zion: Tubalek ekarri zuen hizkuntza bazter honetara, orduz geroztik bazter honetako jendeak ez ziren sekula garaituak izan, garaituak izan ez zirenez “kutsatu gabe” eta noble izaten jarraitzen zuten guzti-guztiek, eta horren froga garbiena zein da? Euskara.

Tubalismoak eta bere barianteek (vascocantabrismoa, vascoiberismoa...) teoria arrunt bitxiak defendatu izan zituzten. Esaterako, toponimiaren jatorri biblikoa azalduz –Aralar armeniarren Ararat santuarekin identifikatuz–, edo burdinaren erabilera noblea goraipatuz. Ideia hauek guztiak, erabat normalak ziren beste lekuetan ere, zientziak bete ezin zuen esparrua nolabait betetzeko modua baitzen.

Pentsamolde horrek birmoldaketak izan ditu Euskal Herrian, baina Madariagaren iritziz, oinarrian bere horretan iraun du XIX. mendera arte. Bere ustetan, euskararen protagonismoak, hizkuntzarekin baino, hizkuntz komunitatearen nortasunarekin du zerikusia. Alegia, foruak defendatzeko erabili izan zela hizkuntza –salbuespenak salbuespen–; Espainiarekin egindako “paktua” sostengatzeko, esan nahi da. Beraz, eraikin horren osagai nagusiena euskara da, baina foruak dira bere oskola.

Hizkuntzaren berezia: “Grosero y bárbaro”

Duela gutxi honela zioen Juan Carlos Etxegoin Xamar-ek El Diario Vasco-n: “Mendeak daramatzagu hainbat topiko faltsuri bueltaka, euskara bereizten duten bi ‘anormaltasunekin’ zerikusia dutenak: gramatikalki isolatua dela eta Historiaurretik bizirik iraun duela komunitate linguistiko bezala”.

Euskararen “anormaltasun” horiek harridura sortzen zuten –eta sortzen dute– atzerritarrengan. Baina euskal imajinarioaren alde egiteko bezala, kontra egiteko ere erabili izan zen –eta erabiltzen da– hizkuntzaren berezia. Juan Mariana XVI. mendeko Talaverako jesuita da zutarri nagusia gure hizkuntza gutxiesteko orduan: “Sólo los vizcaínos [euskaldunak] conservan hasta hoy su lenguaje grosero y bárbaro, y no recibe elegancia, y es muy diferente de los demás”.

Gaur egungo “piruetak”

Gaur, badakigu XVI. mendetik kasik orain arte iraun duten aurreiritzi eta mitoek ez dutela zentzurik. Esaterako, adituek badakite euskara ez zela hizkuntza isolatua izan, Europako “autopista batean” bizi eta “egokitzen jakin izan duelako”, Xamar-ek dioen bezala.

Harrigarriena da, oraindik orain, zenbait diskurtsotan antigoalekoa zaigun eztabaida haren arrastoak han-hemenka aurkitzea. Batzuk euskararen erabilera indartzeko politiken kontra aritzen direnean, eta beste batzuk botere guneetatik hartzen diren erabaki ulertezinak justifikatzeko orduan, “pirueta” nabarmena egiten dute, eta askotan, euskara goratzeko sortu ziren mitoetan oinarritzen dira orain, euskararen kontra egiteko.
XIX. mendean ika-mika prentsara
Juan Madariagak Anthology... liburuan galdegiten du sistema foralaren XIX. mendeko gainbeherak euskararen likidazioa ote dakarren.

Hain zuzen, mende horren hasieran euskararen inguruko eztabaida liburuetatik prentsara pasatu zen lehen aldiz. Juan Antonio Zamacolak –Simon Bernardoren anaia, zamacolada eragin zuena– hasi zuen lehen burrunba, testu batean euskararen “perfekzioak” azpimarratu zituenean 1806an: “No se conoce otra en el mundo con quien pueda compararse en discreción, sabiduría y excelente unión de todas la partes que la constituyen”, esan zuen.

Zamacolaren idatziak polemika sortu zuen Madrilgo hainbat egunkaritan (El Mercurio de España, La minerva, Diario de Madrid...). Horrekin, euskararen apologisten kontrako “eraso teorikoa” hasi zuten Espainiako protoliberalek. Zamacolak eta bere enparauek oraindik defendatzen zituzten tubalismoaren ideiak zaharkiturik zeuden beraientzat. Martinez Marina, Joaquin Traggia eta Jose Antonio Conde izan ziren erasoaldi horren abanderatuak. Hara zer idatzi zuen Condek 1806an: “El vascuence por que más lo deliren en su elogio los apologistas, es la lengua ruda, incapaz de elegancia, desaliñada en su composición, de sonidos desagradables y terminaciones monótonas”.

Jakina, erantzuna ez zen erantzunik gabe geratu. Azken batean, euskararen kontra egiteak foruen kontra egitea esan nahi baitzuen. Pablo Pedro Astarloa, Joan Antonio Mogel, José Yanguas y Miranda... izan ziren eztabaidan sartu ziren batzuk. Juan Bautista Erro andoaindarrak zuzenean erantzun zion Conderi, azalduz euskara hizkuntza guztietan “perfektoena zela”, “naturaren kopia fidela”, “Lehenengo Aroaren artxibo ederra”...