argia.eus
INPRIMATU
Bizi naiz
Alaitz Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Alaitz Sarasola
Zihara Enbeita
I

“Betikotasun” hitzak badauzka
hainbat etsai hankabiko,
hain gezurrezko ikusten dute,
hain faltsu, hain patetiko…
Kontraste hortan bada hamaika
burutapen hermetiko:
noiz artekoa da heriotza
ezer ez bada betiko?
 
II

Azken hatsaren mugarri hori
barneratuta gabiltza,
(agian ez da “barneratzea”
buruan daukadan hitza)
arima ez da itoko baina
arimarik ez balitza?...
Besterik gabe gure arnasak
neurtzen al du bizitza?
 
III

Sartu ezkero bukaeraren
eta mugen edukian,
kontu krudela da heriotza,
inork ez du erruki han.
Ezinezkoa dela hiltzea
dio kantak urrutian:
bihurtu baino ez gara egiten
izanaren barrutian.
 
IV

Zientziaren erlijioak
ustez nor ez du bizkortu:
Bera ez al zen heriotzari
izena jartzeko sortu…
Nahiz medikuntza diagnostiko
potoloan egoskortu,
ziurra al da noiz hiltzen den bat
ta noiz den gorputza gorpu?
 
V

Arnasdunari hau egitea
zentzugabe da hain justu
baina paisaia bizi bat nahita
ezin da gorpuz narrastu…
Hortaz, hilotza lurperatzen da,
edo bestela erraustu…
Norbait hilkutxan zenduko zela
egingo nuke apustu.
 
VI

Heriotza hain xinplea izanik,
xinplea errematea,
bizitza antzu suma daiteke,
ta zail da eramatea.
Buelta gabeko kontua bada
azken hatsa ematea,
zergatik ixten ote da giltzaz
kanposantuko atea?
 
Doinua: “Mende lauren bat”.