argia.eus
INPRIMATU
Zenbat dira euskaldun Eusko Jaurlaritzan?
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2009ko urtarrilaren 28a
Tiraka.net webgunean Karramarro erabiltzaileak esan du nola Jaurlaritzako sail bateko euskara teknikariak langile euskaldunak identifikatzeko galdeketa egin duen helbide elektronikoz, euskarazko harremanak norekin izan jakiteko.

Honakoa jaso duen emaitza: 206 langiletatik 151k euskalduntzat aurkeztu du bere burua eta 25ek ikasten ari direla adierazi dute. Gainerako 30ek ez dute ezer esan. Karramarroren ustez, “litekeena da erdaldun elebakarrak izatea”.

Honela segi du Karramarrok: “Jaurlaritza barruko eguneroko errealitatea ikusita, sinesten hasia nengoen euskaldunak gutxiengoa ginela. Datu horiek ikusita, ordea, badirudi itxaropentsu agertzeko motiborik badagoela, datuok aski esanguratsuak baitira: gure Sailaren %87 euskalduna da, eta gutxi gorabehera %75ak euskaraz lan egiteko gaitasuna egiaztatua du. Beraz, ez omen dago aitzakiarik egungo egoerari buelta ez emateko, ezta? Ala bai? Egin al duzue horrelako ‘ikerketarik’ zuen Sailetan?”

Eta Martinek erantzun dio: “Nik dakidala, nire sailean ez da holakorik (...) Ekimen hori beste sailetarako balekoa eta esportagarria delakoan nago. Areago, proposa dakioke HPSri sail guztietan egin dezan halako inkesta soziolinguistiko bat? Izan ere, ez dut ongi ulertzen zergatik dakigun, esaterako, ‘EAEn, euskararen erabilera etxean, 35-49 adin-taldean, Euskara beti edo gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak, %12,9’ direla (IV. Inkesta Soziolinguistikoa 2006), eta, ordea, ez dakigun Jaurlaritzako Nekazaritza Sailean zenbat euskaldun, zenbat elebidun pasibo eta zenbat erdaldun huts dauden; zenbat euskara erabiltzen den, noiz, norekin, zertarako; ze jarrera dauden… Ez zait hain ideia eroa iruditzen. Inkesta txukun bat, alegia, ez orain arte egin izan diren galdetegi zozoak (euskararen aldeko jarrera zenbatek duen eta abar); pasilloko erabilera eta guzti”.