argia.eus
INPRIMATU
Txikiaren konplexuari jarriak
Aitor Sarriegi @asarriegi 2013ko maiatzaren 02a
Aitor Sarriegi
XDZ
I

Barakaldoko BEC egin zuten
eta bataiatu-hurren
bertsoak ere etxetzat hartu
zuen center izan arren.
Donostik ere bere center-a
edo edukitzearren
bi urte barru egingo dute
Basque Culinary Center-en.
 
II

Ez dut ukatzen bere balio,
aitzindaritza ta lorpen...
Sukaldaritzan ez da txiripaz
gauden tokian egoten.
Beti gaudenez nazioartean
zer dioten itxaroten
izenak haina kezkatzen nau ni
zergatik jarri dioten.
 
III

Beti kanpoan ikusten dira
arazoen errudunak
baina geu ere BCC-n kasu,
inozo eta tuntunak.
Basque etiketaz baldin bagoaz
mundurantza euskaldunak
ez al gara geu gure hizkuntza
minorizatzen dugunak?
 
IV

Progresorako traba baino ez,
etxerako hitz jario...
Urteak pasa arren oraindik
usain berbera dario.
Uste badugu Europarako
ezin duela balio
gure hizkuntza merezi dugun
pentsa dezagun serio.
 
V

Mundua noski orain ez doa
garai bateko erara:
distantziak motz, hizkuntzak nahastu
–irentsi ez baldin bada–.
Igo nahi dugu planetako tren
globalizatu hortara
baina ez gara globalizatu,
txotxolotu egin gara.
 
VI

Eraikin hori, beteko dena
chef eta ikasle trebez
beteko al da euskaraz ere
ikasiko duen jendez?
Nortasun baten ezaugarri bat
izan behar zuena berez...
“Pixka bat mucho” omen da baina
zenbat ote da batere ez?
 
Doinua: “Andre txarraren bentajak”.