argia.eus
INPRIMATU
Momentuaren kontrola bertsotan
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2009ko urtarrilaren 27a
Bertso Eguna 2009
Bertso Eguna 2009.
Urakan egunean, Kursaalen.
Bertsolariak: Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso eta Jon Maia.


Teknologia berrien kulturak publikoa ulertzeko duen modu partehartzailea bertsolaritzara ekarri zuen Bertso Egunak. Jendeak bidalitako gaiekin osatu zen saioa –ehundik gora gai jaso ziren–. Saioan zehar, banaka parte hartzea ere egokitu zitzaien entzule batzuei, bertsolariek zer argazkiri kantatu aukeratzeko. Koloretako txartelekin erabaki genuen bertso trama nondik barrena joango zen... Eta bertsolariek ikusten ez zuten “txalorik ez” oharrari jarraiki, 1.500 lagunen aurrean bertsoen truk esker txarra jasotzeko tragoa pasarazi genien Egaña eta Colinari. Saio polita bizi izanaren sentsazioarekin altxa ginen aulkietatik.

Sei bertsolariek irakaspen ederrak eman zizkiguten bertsoen arteaz, eta horrelako saiotzar batean bertsoaz kanpo gertatzen diren egoeren kontrolaz. Momentuaren kontrol horren adibide batzuk zerrendatzera noa: Mikroak hasieran ez zuela funtzionatzen –bukaeran jakin genuen inkomunikazioa irudikatzeko arpajotzea izan zela– eta Egañak horri jokoa atereaz hasi zuen saioa. Iturriagak, maitasunaren arazo pertsonifikatuak, diskurtsoan gehiegi inguratzen ari zitzaion Lizaso maitemindua zegokion lekura berbideratu zuen elegante, “erresistentzi gehiago” espero zuela esanda. Lujanbiok bukaerako kopletan Patxi Etxeberriari erreferentzia eginda salbatu zuen lehenago eman zitzaion tratamendu neutroa, zorteak erabakitako publikoko gizonarena. Sustraik txaloak eskatu zituen Egañarentzat, publikoaren katxondeoa lehertuz. Ariketarik zailena, eta publikoak ahaztuko ez duena, Egaña eta Iturriagari egokitu zitzaien: fokuek zoriz nabarmendutako bi entzuleri kantatzea. Bertsolariek bazkalosteko saioetan egiten dutena, baina inongo erreferentziarik gabe. Eta sekulako istorioa harilkatu zuten. Gehitxo esan ote zuten sentitu bazuen inork, Egaña fineziaz desenkusatu zen: edozer gauza esaten dugu ezagutzen ez ditugun gaiez.

- www.argia.eus/blokak/garialea helbidean, kronika osoa.