argia.eus
INPRIMATU
Lapurren aurka telefono bidez
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko urtarrilaren 28a
Lapurra
Stancom enpresa aspalditxo ari da telefono higigarrietan bi SIM txartel eramateko egokigailuak merkaturatzen. Teknologia horri beste erabilpen interesgarri bat eman dio segurtasun alorrean: behaketa-kameran SIM txartela kokatzea lortu du. Zertarako?

Behaketa-kamera abian jartzen da mugimenduren bat detektatzean. Orduan, hainbat argazki egiten ditu –hiru eta zortzi bitartean– eta automatikoki MMS bidez bidaltzen ditu telefono higigarri batera edo posta elektronikoko helbidera. Beraz, MMS euskarria onartzen duen telefono higigarria eta SIM txartela kamerari konektatua nahikoa da behaketa-sistema erraza bezain merkea antolatzeko. Kameraren parametroak ezartzea erraza da, txartela kokatzea eta deitu behar duen zenbakia sartzea nahikoa baita. Kamerak, mugimenduaren detektagailuaz gain, izpi infragorri bidezko “ikusmena” du eta beste detektagailuekin –kea dagoela edo atea ireki dela antzematen dutenekin, esaterako– konekta daiteke.

Kamera gure telefonotik igorritako testu-mezuen bidez kontrola daiteke. 24 orduko autonomia ematen dion bateria ere badu, badaezpada argi-indarra eteten den.